| |
1998ko Aberri Eguna
Duela jada hiru urte, l995ko Aberri Eguna zela eta, Euskal Langileen Alkartasuna (ELA) eta Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB) sindikatuok adierazpen bat plazaratu genuen. Bi erakundeen arteko "lankidetzaren jarraipena" zen adierazpen horretan, ELAk eta LABek zenbait gauza
argi utzi nahi izan genuen: gure abertzaletasuna berretsi eta konpromiso horri
eusteko borondatea; herri honen etorkizuna euskal hiritarrek demokratikoki adierazitako borondatearen esku uzteko erabakia; gure borrokak helburu duen ereduari buruz -gizarte zuzena eta integratua- ditugun aburu eta hausnarketak, eta eredu honek kontutan izan behar dituen lehentasunak.
Halaber, herri honi subjektu politiko izateko eskubidea ukatzen zaion artean Aberri Eguna errebindikazio eguna izanen dela genioen adierazpenean, Euskal Herriak jasaten duen gatazkaren sustraia politikoa dela, eta gatazka gainditzeko elkarrizketa eta negoziazio bideak bultza beharra aipatzen genuen.
Gainera, erakunde abertzaleei dei egiten genien helburu amankomunetaranzko bidean lankidetzarako oinarriak ezartzen has zitezen.
Adierazpen hura egin eta hiru urte beranduago, Aberri Eguna berriro atetan dugularik, ELA eta LAB konfederaziook bat eginik berretsi nahi dugu gure aukera abertzalea,hau da, herri honen nortasuna garatzeko konpromisoa, subjektu politiko izateko eta gure esparru instituzionala demokratikoki erabakitzeko eskubidearen errebindikazioa, eta Euskal Herriko lurraldeek egitura politiko komuna osatzera iritsi daitezen asmoa.
ELA eta LABek, gainera, proposatzen dugun gizarte ereduari, gure balore eta lehentasunei eta euskal sindikalismoak bereak dituen borroka bideei eutsi nahi diegu. Gure nazio-proiektua lan munduari lotuta dago, eta lotura honek helburu zein estrategiak erabat baldintzatzen ditu.
ELAk eta LABek Aberri Eguna zein egoeratan ospatuko den hausnartu dugu, eta honen berri eman nahi diegu langileei eta gizarte guztiari. Abertzaleok, demokratok, bidegurutze batetan gaude, eta une hau aukera eta aurrerapauso bihurtu behar dugu.
Azken hogei urteotan euskal bizitza instituzionalaren ardatz izan den eredu juridiko-politikoa agortu egin dela diogu. Eredu horrek gizarte honen eskabide demokratikoak bere baitan hartzeko izan duen ezintasuna eta hiritarrek hainbat alorretan -enplegua, lan-baldintzak, gizarte-babesa, lehen sektorearen nahiz industriaren defentsa- dituzten arazo larriei taxuz erantzuteko hutsuneak agerian geratu dira.
Botere zentralak -hiru botereek, izan ere: exekutiboa, legegilea eta botere judiziala bera- estatu eredu jakina ezarri du, eta esparru estatalari gailen dakiokeen erabakigune oro eredu horretatik at geratzen da. Eredu hau ezartzeko borondatea erabatekoa izan da: estatutu, lege, printzipio eta berme juridikoak inolako lotsarik gabe eta nahi adina bider zapuztu dituzte. Estatutua eta Foruaren Amejoramendua ez betetzeaz gainera, murriztu egin dituzte eta beroien irakurketa guztiz aldatu, legeok hondatzeraino eta autogobernuaren garapen tresna izateko sinesgarritasun osoa kentzeraino. Baina egoera honen ondorioz ez da soilik erregimen autonomikoaren sinesgarritasun demokratiko eza agerian geratzen, baizik eta sistema berarena ere bai. Hots, aro politiko bat amaitutzat jo dezakegu.
Diagnostiko honen oinarriekin behar bada sektore politiko eta sozial zabalak datoz bat, baina diagnostikoan bat etortzeak ez du ekintzan bat etortzerik ekarri. Statu quo-a iraunaraztea eta indar-erlazio ezberdina ekar dezakeen edozein ekinbide oztopatzea helburu duten estrategiek oraindik pisu handiegia dute, normalizazio politikoa lortzeko beren porrota nabaria bada ere.
Beraz, gure herriaren eskubide demokratikoekiko konpromisoa hartu dugun sektoreok konformismo edota erresistentzia hutsezko jarrerak gainditu eta ekinbide sozial nahiz politikoa berreskuratu beharra dugulakoan gaude ELA eta LAB. Hutsegiteak zuzendu eta agortutako estrategiak berrikusi beharra dago. Orobat, printzipio demokratiko batekiko konpromisoan -geure esparru instituzionala erabakitzea euskal herritarroi eta ordezkatzen gaituzten erakundeei dagokigula inork ukatu ezin digunaren printzipioa, alegia- bat datorren indar ororengana hurbiltzeko dinamikak bultza beharko dira.
Berriro esan beharra dago ELAk eta LABek Euskal Herriaren alde daramagun borroka ez datzala soilik eskumenak zein esparruri dagozkion erabakitze hutsean, hots, eduki jakinik gabeko marko baten aldeko lehian. Lan harremanetarako euskal esparrua edo euskal espazio sozioekonomikoa gure proiektuaren eduki batik bat sozialaren isla baino ez dira. Euskal Herriko biztanle gehienengan horren eragin zuzena duten arazo sozial eta ekonomikoei gure errealitatetik abiatuta eta modu zuzenagoan aurre egitea du helburutzat proiektu honek. Gure proiektua ez dateke arrotza inorentzat, gure borrokaren xedeak jendea hobeto bizitzea eta sektore gero eta hedatuagoen etengabeko txirotze prozesuari -honek zartadura eta baztertze soziala baitakar- buelta ematea baitira.
Herri-kontzientzia finkatzeko eta proiektu batetan parte hartu eta inplikatzeko faktore erabakigarriak dira autogobernuaren eduki soziala eta norbanako eta talde sozialen arazo, beharrizan eta helburuek botere politikoarekiko duketen hurbiltasuna. Botere zentralak aukera horiek argi asko sumatu dituelarik, geldiarazi egin nahi ditu eskumen laboral eta sozialak, erabat ukatuaz.
Bestalde, ELA eta LABen aburuz eduki sozial nabarmena duen nazio-prolektu bat zuzenagoa izateaz gainera, bideragarri izan litekeen bakarra izan liteke, soilik honelako proiektu batek batera ahal izango baititu prozesuaren zailtasunak gainditzeko beharrezko diren ahalegin eta konpromisoak. Planteamendu neoliberalek behinik behin ez dute nazio-proiektua egituratuko.
Beharrezkoa da ekimena berreskuratzea eta gure proiektuaren izaera demokratiko eta progresistaren berri gizarte osoari ematea. Geuk ez diogu lehia demokratikoari beldurrik, euskal herritarren unean-uneko borondatea errespetatzeko konpromisoa hartua baitugu. Estatua eta nazionalismo espainola dira demokraziaren jokoa karta markatuekin besterik jokatu nahi ez dutenak, euskal hiritarrei bere etorkizunerako funtsezko erabakiak hartzeko eskubidea ebatsi nahi diona.
Gainera, gure aldetik uste dugu euskal erabakigunea errespetatzea, hots, euskal hiritarrek askatasunez adierazitako borondatea onartzeko jarrera, dela demokraziarekiko konpromisoaren froga, indar desberdinen arteko hurbilpena eta lankidetza oinarrituko duen gutxieneko puntua.
Ezin bakea aipatzeke utzi; langileok behar eta eskatzen dugun bakea. Urte asko eta askotan zehar nozitu izan ditugu gatazka eta sufrimendua, eta inortxok ere ez dauka egoera berri batetarantz eraman gaitzaketen ekinbide eta proposamenei betoa jartzeko eskubiderik. Bakeari buruzko hitz jarioa oparoa da; bada bakerantz eramango gaituzten prozesuak gauzatzeko garaia, gatazkaren oinarrian dautzan arazo politikoei ekiteko garaia, distentsio eta humanizazio guneak garatzekoa. Has bitez, behingoz, elkarrizketa eta negoziazio prozesuak, hauei heldu beharko baitzaie lehenago edo beranduago Euskal Herrian bake eta demokrazia betera iristeko.
Azkenik, langileak eta herritar guztiak animatu egin nahi ditugu naziogintza lanarekin bat egin dezaten, berau itxaropenez beteriko lana baita, Euskal Herri subirano batetan gizarte zuzenago eta solidarioagoa gauzatzea helburu duena. Helburu horiek lortzeko, hain zuzen, elkarrekin lan egiteko gure konpromisoa berritu egin dugu ELAk eta LABek.
|
|