· euskara   · castellano
FORMAKUNTZA   | AGERKARIAK   | EUSLAB   | EUSKALHERRIA   | NAZIOARTEKOA
                    

Gaur egun

Negoziazio Kolektiboa

Analisiak

 
 






2000ko Aberri Eguna



2000ko Aberri Eguna



2000ko Aberri Eguna


 


2000ko Aberri Eguna

Aberri Eguna ELA, LAB, EHNE, ELB,ESK, STEE/EILAS eta HIRU erakunde sindikalentzat esparru desberdinetan (politika, erakundeak, kultura, gizartea, ekonomia) gure herri nortasuna garatzeko konpromisoa berresteko aukera da. Halaber, gure herria bere egitura instituzionala askatasunez erabakitzeko eskubidea duen nor dela aintzat har dezaten eskatzeko unea ere bada. Aberri Egunak, gainera, zein egoeratan ospatzen den aztertzea eskatzen digu, egoera horren funtsezko ezaugarriak zehaztu eta, behar izanez gero, gure ekimena aipatutako helburu haiek lortzeko moldatzearren.



Bistan da aurtengo Aberri Egunaren testuingurua eta iazkoa ez direla berdinak. 1999an egoeran osagai berri eta itxaropentsuak ageri zirela genioen: luzaz elkarrengandik urrun, eta are, aurkako izan ziren indarrak elkarrizketari ekin eta akordioak lortzen hasiak ziren; agortutako aro politiko batentzako aukera berria itxuratzen ari zen, eta gure gizarteko zati handi batentzat Lizarra-Garazi erresistentzia edota konformismoaren garaiak gainditzeko oinarri bilakatu zen. ETAk su-eten aldebateko eta mugagabea deitu izanak itxaropena ematen zion euskal gizarteari, eta Lizarra-Garaziko adierazpenaren inguruan hasitako prozesuak garatzeko giro egokia zekarren.

Egiaztapen positibo hauekin batera estatuen eta indar zentralisten jarrera mugigaitza aipatzen genuen, baita egoera berriari erantzuteko agertzen zuten gaitasun eza eta euskal gizartean sumina, zatiketa eta liskarra hedatzeko ahalegina ere.



Urtebete igaro delarik, egoera zailagoa da: estatuak eta indar zentralistek uko egiten diote elkarrizketari eta konponbide demokratikoak lortzeko aukerari. Gainera, areagotu egin dute irtenbide horien bila dabiltzanen aurkako erasoa, eta errepresioa eta gizarteko sumina areagotuz erantzuten dute; jokabide honen adierazpen bereziki larria da indarrean dagoen espetxe-politika, legeria eta gizabide ororen aurkakoa. Bestalde, hasitako prozesua moteltzen duten desadostasunak eta zailtasunak sortu dira Lizarra-Garaziko adierazpenarekin bat egin duten indarren artean. Su-etenaren hausturak eta beste ekintza bortitz batzuen jarraipenak osatzen dute, azkenik, egoera zail hori.

Horrek guztiak bake eta konponbide demokratikozko prozesuaren hasierarekin fidaturik ziren hainbat herritar eta sektoreren itxaropena ahuldu, eta are, honda dezake. Baina erakunde sozial eta politikoei dagokie era honetako prozesu batean beharrezko perspektibari eustea, eta gizarteak zailtasun nahiz oztopoei eman beharreko erantzunaren aitzindari izatea. Une erabakigarri hau aukera bilakatu eta oinarri zabaleko proposamenak lantzeko gai izan behar dugu, egungo egoeraren mugak gainditurik dinamika berri batera eramango gaituzten proposamenak, non Euskal Herriko herritarren borondatea funtsezkoa izango den.

Halere, ez dezakegu ibilitako bidea ahaztu. Oso urrats garrantzitsuak egin ditugu, eta horiek aintzat hartu beharra dago. Batetik, Euskal Herriko iparraldean departamenduaren eta euskara hizkuntza ofizialtzat onartzearen aldeko aldarrikapenak gero eta hedatuago daude; bestetik, hegoaldean indar soberanistek amaitutzat eman dute indarra kentzen zien bakartze eta inkomunikazio aroa. Ondorioz, adostasunak eta lankidetza prozesuak finkatu dira -hau, noski, hamalau hilabetetan izan den aldebateko distentsio egoerak erraztu egin du-, azterketa ildoak zein lan-esparruak bateratzen hasi dira eta, batez ere, eztabaidaren erdigunean kokatu dira euskal gatazkaren sakoneko arazo politikoa eta Lizarra-Garaziko adierazpenak eginiko konponbide demokratikorako proposamena.

Estatuen eta indar mugigaitzen erantzuna, ezkorra izateaz gainera, argigarria gertatu da. Urtetan bakearen eta demokraziaren bidetik edozein proiektu politikoren alde egitea zilegi zela esan arren, orain ez dira elkarrizketarako deia onartzeko gauza izan, ideia eta proposamenak era demokratikoan eztabaidatzeari uko egin diote, eta beren jardun politikoaren zein hedabide sistema erraldoien zati handi bat Lizarra-Garaziko proposamena ezkutatu eta nahasteko erabili dute. Gainera, proposamen horri eusten dioten indarrak deskalifikatu eta politika nahiz gizarte mailan bakartzen saiatu dira.

Zalantzarik gabe, Lizarra-Garaziren aurkako eraso latz horrek bere mezua azaldu eta hedatzeko ahaleginak, eta bere aldekoen artean abiatutako lankidetza prozesuak eragotzi ditu. ETAk iragarritako aldebateko distentsio epearen amaiak kanpoko zailtasunak areagotu egin ditu; ibilbide, proiektu eta lan egiteko era oso desberdinak dituzten erakundeen arteko harremanak eragiten dituen barne-zailtasunak erantsi behar dizkiogu horri. Baina, era berean, zailtasun horiek prozesuan gertatzen diren oztopoak ulertzeko lagungarri dira eta elkarrekin egindako urratsen balioa ere handitzen dute.



Hori guztia dela medio, agiri hau sinatzen dugun erakunde sindikalok Lizarra-Garaziko adierazpenean esandakoari eusten diogu, eta eutsi ere han agertutako konponbide demokratiko prozesua garatzeko konpromisoari. Beharrezkoa deritzogu, gainera, indar abertzaleek espazio demokratiko bat finkatzeko ahaleginari, baita herritarren atxikimenduan oinarrituko den burujabetza-proiektua landu eta zehazteari.

Beraz, gure ardurari dagokionez, manifestu hau sinatzen dugun sindikatuok beharrezko ikusten dugu hutsegiteak zuzendu eta prozesuaren taxutze sozialean agertzen diren hutsuneak osatzea. Gure aburuz, akordio eta proiektu politiko-instituzionalei eman zaien erabateko lehentasunak eduki sozialak lausotu egin ditu, eta erakunde sindikalak, beste talde batzuk bezalatsu, aski bazterturik utzi ditu, proiektu eta akordio haiekiko bigarren mailako edo laguntzaile huts bihurtuz. Agian erakunde sindikalok ez gara behar besteko kemenez estrategia autonomoa garatzeko gauza izan, hots, ordezkatzen ditugun kolektiboen ikuspegia, interesak eta lehentasunak argi islatzen dituen estrategia, baita gatazka politikoaren konponbideari eta aukera instituzionalen taxutze sozialari dagokionez ere.



Izan ere, taxutze sozial hau ezinbestekoa da, euskal gatazkaren konponbide demokratikoak eta burujabetza-egitasmoak aurrez-aurre aurkitzen dituzten zailtasunak eta aurkako jarrerak gainditzeko bide bakarra baitago: gizartearen gehiengoaren atxikimendua eta konpromisoa erakartzea.



Horregatik guztiagatik, 2000 urteko Aberri Eguna dela-eta, ELA, LAB, EHNE, ELB, ESK, STEE/EILAS eta HIRU erakunde sindikalok honako puntuak adierazi nahi ditugu:


-Euskal Herri burujabean justizia eta elkartasunezko gizartea eralkitzeko konpromisoa berretsi egin nahi dugu, eta dei egiten diegu gure erakundeak osatzen dituzten emakume zein gizonei, baita langile guztiei lantegi horretan protagonista izan daitezen.



-Helburuok lortzearren lankidetza sindikala sakontzeko asmoa dugu, iritzi desberdinak gaindituz eta prozesuan ager litezkeen arazoak konponduz; gauza bera eskatzen diegu Lizarra-Garazirekin konpromisoa hartu duten indarrei.



-Lizarra-Garaziko adierazpenarekiko atxikimenduari eusten diogu, euskal gatazkaren konponbide demokratikoa lortzeko eta Euskal Herrian elkarbizitza baketsu eta demokratikoa ezartzeko bide den aldetik.



-Halaber, gure afiliatuei eta langile guztiei dei egiten diegu Udalbiltzak eta Iparraldeko alderdi politikoek Aberri Egunerako luzatu dituzten deialdi bateratuetara bil daitezen.


 
LAB sindikatua Ekintza sindikala SektoreakArloak Prentsa