| |
2005/10/04
2005. urteko urtarrila eta iraila bitartean buruturiko kontratazioaren azterketa
2005. urteko urtarrila eta iraila bitartean (biak barne) 759.466 kontratu erregistratu ziren Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko INEM-en bulegoetan; hau da, iaz epealdi berdinean sinaturikoak baino 14.984 gehiago. Baina kontratazioan izandako hazkunde hau ia bere osotasunean aldi baterako kontratu kopurua gehitzearen ondorioz gertatu zen. Hain zuzen ere 13.953 aldi baterako gehiago sinatu ziren.
Kontratazio mugagabeari dagokionez, azterturiko epealdian guztira 58.090 mugagabe erregistratu ziren, aldi baterakoen bihurtzetik datozenak kontutan hartuz; hau da, iazko lehenengo bederatzi hilabeteetan baino 1.031 kontratu mugagabe gehiago.
Hori dela eta, kontratu mugagabeek, orain arte urtean zehar erregistraturiko kontratazio osoaren %7,6 suposatzen dute, 2004. urteko epealdi berean portzentaia hau %7,7koa izanik. Logikoki, aldi baterako kontratuak gainerantzeko %92,4 izan dira, iaz baino hamarren bat gehiago. Beraz, lehenago ere aurrikusten zen joera bat indartu eta larritu egin dela baiezta daiteke.
Bestalde, sexuaren eta adinaren arabera gertatzen diren desberdintasunak aztertzea ere garrantzitsua da:
Gizonezkoen kasuan, kontratazio mugagabearen pisua %8,4koa da guztira sinaturiko kontratuekin alderatuz, eta emakumezkoen kasuan, aldiz, portzentaia hau %6,8koa da. Datu hauek garbi erakusten dute patronalak langileak hartzerakoan kontratazio mugagabea erabiltzeko duen joera eskasa are eta murritzagoa dela emakumeak kontratatzerako garaian, eta urtez urte joera hau errepikatu egiten dela egiazta dezakegu.
Baina 25 urte baino gazteagoek sinaturiko kontratu mugagabeen portzentaia emakumezkoen kolektiboarena baino txikiagoa da; gazteei eginiko kontratuen %4,9 soilik izan dira mugagabeak.
Mugagabeko kontratazioaren barne, mugagabe mota bakoitzak izan duen bilakaera aztertzea ere interesgarria da, mota guztiek ez baitituzte berme (kalte-ordain) berdinak ziurtatzen kaleratzearen aurrean.
Mugagabe arruntek (aldi osorakoak, aldi partzialekoak eta aldizkakoak kontutan hartuz) kontratu mugagabeen %28,78 ordezkatzen dute, eta kontratazio osoaren %2,2. Mota honek, bidegabeko kaleratzeen kasuan, lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko kalte-ordaina ziurtatzen du, baina 42 hileko topearekin.
Gainerantzeko kontratu mugagabe mota desberdinak sustatze neurriei loturik daude eta horren ondorioz hobari esanguratsuak dituzte Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko enpresa kuotan; gainera, bidegabeko kaleratzeetan lan egindako urte bakoitzeko 33 eguneko kalte-ordaina eskaintzen dute, 24 hileko topearekin. Sustapeneko mugagabe hauetako gehienak aldi baterakoen bihurtzetik datoz, eta guztira, berriak diren sustapeneko mugagabe eta aldi baterakoen bihurtzetik datozenen baturak, kontratu mugagabe guztien %70,64 suposatzen dute.
Aldi baterako kontratu mota desberdinei dagokienez, azpimarratu beharra dago beste behin ere ekoizpenagatiko eta obra edo zerbitzuagatiko aldi baterako kontratuak direla erabilienak. Bi modalitate hauek kontratazio osoarengan duten pisua (aldi partzialekoak kontutan hartuz) %39 eta %34,2koa da hurrenez hurren.
Hirugarren kontratu mota erabiliena bitarteko kontratua da, sinaturiko kontratu guztien %16,5 ordezkatuz. Mota hau, postua gordetzeko eskubidea duten langileak ordezkatzeko edo hautaketa prozesuetan epe batez postu bat betetzeko da.
Hasiera batean, bitarteko kontratuaren helburua oso zehatza da eta bere erabilera oso mugatua dago. Baina modalitate hau batez ere zerbitzu sektorean emakumezkoak kontratatzeko erabiltzea ez da kasualitatea. Hain zuzen ere bitarteko kontratuen %76,8 emakumezkoak kontratatzeko erabiltzen da. Horrela uler daiteke emakumezkoekin buruturiko kontratuen ia %25,5 bitartekoa izatea, gizonezkoen kasuan mota honetakoak %7,6 diren bitartean. 25 urte baino gazteagoek sinatzen dituzten kontratuen %12,6 ere bitartekoak dira.
Gainera, bitarteko kontratuak, emakumeek bizi duten prekaritate eta lan errotazio maila izugarriaren arduradunak dira neurri handi batean, gutxien irauten dutenak baitira diferentziaz, ia hilabeteko iraupena gainditu gabe.
|
|