2005/06/03
2005eko maiatzean erregistratutako langabezi tasa dela eta, LABen balorazioa

Hego Euskal Herriko Enplegu Zerbitzu Publikoen bulegoetan erregistraturiko langabezia 101.839 pertsona izatera heldu da maiatzean. Zifra honek %19ko igoera suposatzen du INEMek duela hilabete argitaratu zuen erregistraturiko langabezi tasarekin alderatuz. Langabezi tasak izandako sekulako igoera, Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioak argitaratutako ohar baten arabera, Enplegu Zerbitzu Publikoen (SISPE) informazio sistema berria martxan jartzeagatik gertatu da.

Estatistika hau egitean sartutako zuzenketen ondorioz, emakumezko langabetuen tasa %20,7 igo da eta gizonezko langabetuena %16,4. Datu hauetatik zera ondoriozta dezakegu, emakumezko langabetuek langabezian dauden pertsonen % 59,5 osatzen dutela. Orain arte ezkutuan egon den langabezia agertzeak, langabezi zifra errealak hobeto ezagutzen lagunduko digu. Eta gainera INEMek, SISPE irizpideei jarraituz, 2001eko otsailetik erregistratutako langabeziaren serie osoa berreraiki du, horrela, konparaketa homogeneo eta zehatzagoak egin ahal izateko. Estatistika-irizpide berri hauen arabera, Nafarroan erregistratutako langabeziak izandako urtetik urterako igoera %4,6 izan dela egiazta dezakegu; horrek, iazko maiatzean baino 935 pertsona gehiago daudela langabezian esan nahi du. EAEn, aitzitik, erregistratutako langabezia %6,8 jaitsi da 2004ko maiatzarekin konparatuz; hau da, 5.874 pertsona gutxiago daudela langabezian (Araban 60 gehiago badira ere). Edonola ere langabezia kalkulatzeko egindako hobekuntzak ez dira nahikoak, PSOEren gobernuak erregistratutako langabeziaren estatistika arautzen duen araudia ez baitu aldatu nahi (1985eko martxoaren 11ko ministro-agindua). INEMek berak eginiko kalkuluen arabera, enplegurako bulego publikoetan lan eske dabiltzan okupaziorik gabeko pertsonen % 6, erregistratutako langabezi neurketatik kanpo dago, araudi horretan ezarritako irizpideen arabera. Baina Biztanleria Aktiboaren Inkesta egiteko erabiltzen diren irizpide berberak aplikatuko balira, pertsona hauek (6.507) langabetutzat hartuko lirateke. Duela 20 urteko Ministro-Agindua da eta estatistika honetatik zenbait kolektibo baztertzen ditu justifikazio logiko barik. Adibidez, hiru hilabete baino gutxiagorako enplegua eskatzen dutenak baztertzen ditu; arau honek ez dauka zentzurik kontuan hartzen badugu aldi baterako kontratuen %80k hiru hilabete baino gutxiagoko iraupena dutela. 20 ordu baino gutxiagoko lanaldia eskatzen duena ere baztertzen du. Irizpide hau guztiz inkoherentea da Bruselan zein Madrilen lanaldi partziala hedatzeko eta enplegu tasa handitzeko bultzaturiko enplegurako politikarekin. Okupaziorik gabeko eta lehenengo lan eske dabiltzanen artean erregistratutako langabezia zerrendetan zenbatzen ez diren beste kolektibo batzuk, 25 urtetik beherako ikasleak dira eta baita lanerako lanbide-prestakuntzaren ikastaroetan parte hartzen ari direnak ere. Dirudienez lanpostu batean sartzeko erakutsiriko gogoa ez da nahikoa langabezia egoera egiaztatzeko; lana eta ikasketak bateraezinak bailiran.



inprimitu