2004/10/26
2004. urteko hirugarren hiruhileko EPAren datuei buruzko LABen balorazioa

INEk argitaraturiko datuen arabera, Hego Euskal Herrian hazi egin da landun kopurua eta gutxitu egin da langabezia.

Hirugarren hiruhileko datuak orokorrean nahiko positiboak izan dira, baina desberdintasun nabariak daude generoaren eta lurralde historiko desberdinen arabera.

2004. urteko hirugarren hiruhilekoan 9.600 pertsona inguruan gehitu da Hego Euskal Herriko landun kopurua eta 1.300 langabetu gutxiago erregistratu dira; beraz, datu hauek aztertuz baiezta dezakegu lan merkatuaren bilakaera nahiko positiboa izan dela uztaila, abuztua eta irailean.

Gainera, generoa hartzen badugu erreferentzia moduan, aurreko hilabeteekiko joera aldaketa bat nabari daiteke, emakumeak izanik egoera hobetzen dutenak; alde batetik, 6.600 emakume langabe gutxiago zenbatu dira gizonezkoen langabezia 5.300 pertsonatan hazi den bitartean; eta bestalde, sortu diren 9.600 lanpostuetatik 2.300 gizonezkoentzat izan dira eta 7.300 emakumezkoentzat.

4 lurralde historikoak banaturik aztertuz gero, gustu guztietarako datuak daude:

Nafarroan 4.600 lanpostu sortu dira baina guztiak gizonezkoentzat; gainera, langabezia orokorrean 300 pertsonatan gutxitu den arren, emakumezkoen langabeziak gora egin du 300 unitatetan.

Araban, 1.300 emakumek enplegu bat lortu dute eta 2.200 gizonezkok galdu dute berea. Langabezia 900 pertsonatan gutxitu da baina desberdintasun handiek diraute oraindik; emakumezkoen langabezia tasa %10,16koa den bitartean gizonezkoena ez da %6ra iristen.

Gipuzkoan okupazioa 1.900 pertsonatan handitu da baina langabeziak ere 2.100 unitateko hazkunde garrantzitsua izan du, batez ere gizonezkoenak (3.100 langabetu gehiago).

Azkenik, Bizkaian, aurreko hiruhilekoarekin alderatuz datuak onak diren arren, ondorioa aldatu egiten da urte arteko datuak aztertuz gero; aurreko hiruhilekoan baino 4.000 landun gehiago eta 2.200 langabe gutxiago zenbatu dira, baina duela urte bete baino 6.700 landun gutxiago eta 400 langabetu gutxiago.

Hala ere, sortzen ari den enplegua lan baldintza prekarioetan oinarritzen ari dela salatu nahi dugu, emakume eta gazteen kasuan batez ere, aldi baterakotasunaren hazkunde garrantzitsuarekin.

Konkretuki, 2004. urteko lehenengo hiru hiruhilekoetan Hego Euskal Herrian sinatu diren kontratuen %92,3 aldi baterakoak izan dira (%93 emakumeen kasuan eta %95,1 gazteen kasuan).



inprimitu