|
2005/10/17
Iraileko KPIari buruzko LABen balorazioa
Kontsumorako Prezioen Indizeak igoera jasan du irailean Hego Euskal Herriko lurraldeetan; hilabete honetan Gipuzkoan izan dira prezioen hazkunde handienak eta Arabak jarraitzen du herrialde inflazionistena izaten urte arteko %4,1eko tasarekin.
Urtea amaitzeko 3 hilabete geratzen direnez eta kontutan hartuz Gabonetan prezioak asko igotzen direla, ziurtasun osoz baiezta daiteke 2005. urteko KPI-a %3 baino askoz handiagoa eta agian %4 ingurukoa izango dela, Gobernuak onartu duen moduan.
Igaro berri dugun irailean Kontsumorako Prezioen Indizea %0,9 igo zen Gipuzkoan urte arteko tasa %3,3an utziz. Bizkaian hazkundea %0,7koa izan zen, %3,6ko urte arteko tasarekin, eta azkenik, Araban eta Nafarroan, KPI-a %0,6 handitu zen urte arteko tasa %4,1 eta %3,6an geldituz hurrenez hurren.
Igoera handiena jasan duten taldeak hauek izan dira: garraioa erregaiek izan duten prezio hazkundearen ondorioz batez ere, jantziak eta oinetakoak beherapen garaiaren amaiera eta neguko denboraldiaren hasieragatik, etxebizitza eta elikagaiak eta edari ez alkoholdunak.
Erregaien garestitzeak garraioko prezioengan eragina izan du, %2,2 handituz aurreko hilabetearekin alderatuz gero eta %9,1 iazko irailetik, inflazio tasa gehien hazi duen taldean bilakatuz. Beste behin ere garbi geratu da ekonomikoki gehien garaturik dauden nazioek energi iturri fosilekiko duten menpekotasun izugarria eta hauen erreserbak mugatuak direla.
Bestalde, urteko azken hilabeteak inflazionistak izaten direla kontutan izanik, aurten ere ez dira beteko urte hasieran eginiko aurrikuspenak eta ez litzateke harritzekoa izango abenduan KPI-a %4ra hurbiltzea, horrek dakartzan ondorio guztiekin.
Testuinguru honetan, eta kontutan edukiz soldaten eros ahalmena etengabe txikitzen ari dela enpresarien irabaziak handitzen diren bitartean, LAB sindikatuak inflazioa baino altuagoak diren soldata igoerak lortzeko deia egiten du.
|