2005/09/13
Abuztuko KPI- LABen balorazioa

Abuztuan Kontsumoko Prezioen Indizea 5 hamarren igo da Araba eta Bizkaian eta 4 Gipuzkoa eta Nafarroan. Azken hiruhilekoetako soldata-eustea eta enpresarien etekinak oso bestelakoak dira. Garraioaren prezioan eragina izan duen erregaien prezioaren bilakaera, Garraioa KPIren igoerari gehien lagundu dion taldea izatea ekarri du, abuztuan zein azken hamabi hilabeteotan. Abuztuko igoerari gehien lagundu dion bigarren taldea, Hotelak, kafetegiak eta jatetxeak osatzen dutena izan da. Fenomeno hau sarritan udan gertatzen da alojamendu turistikoen prezio igoeraren ondorioz. Hala eta guztiz ere, KPIren indize orokorra urtetik urterako %3,3ko tasan geratu da, aurreko hileko emaitza berarekin. Azpiko inflazioaren urtetik urterako aldaketa ( indize orokorra, elaboratu gabeko elikagai eta produktu energetikorik gabe) ordea, % 2,4an kokatu da; hau da, uztailean baino hamarren bat gutxiago. Negoziazio Kolektiborako Akordioa berritu ahal izateko CCOO eta UGTk patronalarekin duten paktuagatik izandako soldata-eustea, laguntzen ari da nolabait joera inflazionistak eusten, baina ez da gauza bera gertatzen enpresarien etekinekin. Horixe ondorioztatzen da Espainiako Bankuaren azken buletin ekonomikotik. Txosten honen arabera, soldata-ordainketen igoera moteldu da azken hiruhilekoetan; baina aldi berean, enpresarien margenak handitzeko prozesuaren lekuko gara, honen hazkunde erritmoa eutsi beharrean gehituz baitoa. Beraz, inflaziotik gaineko soldata igoerak aldarrikatzeko deia luzatzen dugu, horrela soldaten erosteko gaitasuna eta produktibitatearen igoeretan parte hartzea bermatu ahal izateko, orain arte enpresariek baino ez baitiote etekinik atera.



inprimitu