|
2005/06/14
Maiatzeko KPI-ari buruzko LAB-en balorazioa
Kontsumorako Prezioen Indizeak Hego Euskal Herriko lurraldeetan igoera jasan du laugarren hilabetez jarraian; hilabete honetan Nafarroan izan dira prezioen hazkunde handienak eta Araba da herrialde inflazionistena urte arteko %3,4ko tasarekin.
Oraindik urtearen erdira iritsi ez garen arren, 2005. urtean metatutako KPI %2 ingurukoa da herrialde historiko guztietan eta ez dirudi datozen hilabeteetan joera aldatuko denik.
Igaro berri dugun maiatzean Kontsumorako Prezioen Indizea %0,5 igo zen Nafarroan urte arteko tasa %3,1ean utziz. Araban eta Gipuzkoan hazkundea %0,2koa izan zen %3,4 eta %2,6ko urte arteko tasarekin hurrenez hurren. Azkenik, Bizkaian, prezioak egonkor mantendu ziren baina urte arteko %3,2ko tasa izaten jarraitzen du.
Igoera handiena jasan duten taldeak hauek izan dira: jantziak eta oinetakoak udaberri-uda denboraldian prezioek izan duten portaeragatik, etxeko hornidurak osagai gehienen prezio igoera orokorragatik, hotelak, kafeak eta jatetxeak eta elikagai eta edari ez alkoholdunak.
Alderantziz, hilabete honetan beherantz eragin duten errubrikak aisia eta kultura (pakete turistikoen prezio gutxikuntzaren ondorioz) eta komunikazioak (telefonia ekipoen prezioa txikitzeagatik) izan dira.
Kontutan edukiz urte hasieratik 5 hilabete soilik igaro direla eta inflazioak goranzko joerarekin jarraitzen duela laugarren hilabetez jarraian, badirudi espainiar gobernuak urte osorako egindako %3,1eko aurrikuspena erraz gaindituko duela. Beraz, %3a baino txikiagoak diren soldata igoerak ez dira langileen eros ahalmena ziurtatzeko gai izango.
Testuinguru honetan, LAB sindikatuak prekaritatea eta diskriminazioaren aurkako borroka izango ditu ardatz 2005. urteko negoziazio kolektiboan, baina soldaten eros ahalmena hobetzearen alde ere apustua egingo du.
|