|
2005/03/11
Otsaileko KPIari buruzko LABen balorazioa
Kontsumorako Prezioen Indizeak igoera jasan du otsailean Hego Euskal Herriko lurraldeetan; hilabete honetan Araban izan dira prezioen hazkunde handienak eta berak jarraitzen du herrialde inflazionistena izaten urte arteko %3,5ko tasarekin.
KPIak, urtarrilean, eguneroko errealitatea erakusten ez zuen jaitsiera esanguratsua jasan ondoren, otsailean lehengo joerara itzuli da, 0,2ko bataz besteko igoera edukiz Hego Euskal Herrian; eta hazkundea handiagoa izango zen beherapenen efektua kontutan hartu ez balitz.
Igaro berri dugun otsailean Kontsumorako Prezioen Indizea %0,4 igo zen Araban urte arteko tasa %3,5ean utziz. Nafarroa eta Gipuzkoan hazkundea %0,2koa izan zen, %3,3 eta %2,8ko urte arteko tasarekin hurrenez hurren, eta azkenik, Bizkaian, KPI-a %0,1 handitu zen urte arteko tasa %3,3an geldituz.
Igoera handiena jasan duten taldeak hauek izan dira: garraioa erregaiek izan duten prezio hazkundearen ondorioz batez ere, hotelak, kafeak eta jatetxeak osagai gehienen prezioak igotzeagatik, besteak aseguruen prezioek izandako bilakaera isladatuz eta etxebizitza C gasolioaren eta alokairuzko etxebizitzen prezio hazkundearen ondorioz.
Erregaien garestitzeak garraio-ko prezioengan eragina izan du, %1,4 handituz aurreko hilabetearekin alderatuz gero eta %5,9 iazko otsailetik, inflazio tasa gehien hazi duen taldean bilakatuz. Beste behin ere garbi geratu da ekonomikoki gehien garaturik dauden nazioek energi iturri fosilekiko duten menpekotasun izugarria eta hauen erreserbak mugatuak direla.
Gainera, KPI-aren otsaileko igoera esanguratsuagoa izango zen metodologia zaharrean gertatzen zen moduan beherapenen efektua kontutan hartu izan ez balitz; otsaila, neguko beherapenen azken hilabetea da eta horren ondorioz jantziak eta oinetakoak taldea %0,9 jaitsi da hilabete honetan zehar.
Testuinguru honetan, eta kontutan edukiz soldaten eros ahalmena etengabe txikitzen ari dela enpresarien irabaziak handitzen diren bitartean, LAB sindikatuak prekaritatea eta diskriminazioaren aurkako borroka izango ditu ardatz 2005. urteko negoziazio kolektiboan, baina soldaten eros ahalmena hobetzearen alde ere apustua egingo du.
|