2004/11/12
Urriko KPIari buruzko LABen balorazioa

Kontsumorako Prezioen Indizeak igoera kezkagarria jasan du urrian Hego Euskal Herriko lurraldeetan; hilabete honetan Araban izan dira prezioen hazkunde handienak eta Nafarroa da herrialde inflazionistena urte arteko %4ko tasarekin.

Urtea amaitzeko 2 hilabete geratzen direnez eta kontutan hartuz Gabonetan prezioak asko igotzen direla, ziurtasun osoz baiezta daiteke 2004. urteko KPI-a %3 baino askoz handiagoa eta agian %4 ingurukoa izango dela.

Igaro berri dugun urrian Kontsumorako Prezioen Indizea %1,4 igo zen Araban urte arteko tasa %3,5ean utziz. Bizkaia eta Gipuzkoan hazkundea %1,2koa izan zen %3,9 eta %3,5eko urte arteko tasarekin hurrenez hurren, eta azkenik, Nafarroan, KPI-a %0,8 handitu zen urte arteko tasa %4an geldituz.

Igoera handiena jasan duten taldeak hauek izan dira: jantziak eta oinetakoak beherapenen garaia bukatu eta denboraldi berri baten hasierak eraginda, garraioa erregaiek izan duten prezio igoeraren ondorioz batez ere, etxebizitza berogailuetako gasolioaren prezio hazkundearen ondorioz eta irakaskuntza unibertsitate kurtso berriak sorturiko prezio gehikuntzengatik.

Erregaien garestitzeak garraioko prezioengan eragina izan du, %1,2 handituz aurreko hilabetearekin alderatuz gero eta %8,1 urte hasieratik; eta are eta okerragoa dena, hazkunde hau iharduera adar guztietara zabaltzen ari da, batez ere EEBB, Txina eta Japoniak (Europar Batasunaren ahultasun ekonomikoaren aurrean) bultzatu duten hazkunde ekonomiko hasiberria atzeratu edo galarazi dezaken arrisku faktore bilakatuz.

Bestalde, urteko azken bi hilabeteak inflazionistak izaten direla kontutan izanik, aurten ere ez dira beteko urte hasieran eginiko aurrikuspenak eta ez litzateke harritzekoa izango abenduan KPI-a %4ra hurbiltzea, horrek dakartzan ondorio guztiekin.

Zentzu honetan, ezin dugu patronalaren abisuengatik beldurtu eta soldata igoera justuak eskatzen jarraituko dugu, kontutan edukiz soldaten eros ahalmena etengabe gutxitzen ari dela eta urte amaieran KPI-a %3 baino handiagoa izango dela.



inprimitu