![]() | |
|
Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak argitaraturiko datuen arabera, ekainaren amaieran 8.080 langabetu lanaldi osoko enplegu finko bila zebiltzan, iaz baino %1,4 gehiago. Lanaldi osoko enplegu finkoa bilatzen dutenak baino ez dituenez kontuan hartzen, datu hau ez da erabat zuzena, baina duela urtebetetik langabezia jasaten ari den bilakaera negatiboa erakusteko balio du. 1997. urteaz geroztik, eta 5 urtez jarraian, langabeziak beheranzko joerari eutsi zion; iaz joera hori aldatu egin zen ordea, eta 2003. urtean langabeziak handitzen jarraitzen du. Langabezi tasari dagokionez, eta martxoaren amaierako datuak kontuan harturik, Iparraldeko (Zuberoa izan ezik) biztanlego aktiboaren %9,4 dago langabezian Merkataritza Ganberaren arabera. Duela urtebete (2002ko ekainean) tasa hau %9koa zen eta abenduaren amaierarako %9,1era igo zen. Iparraldeko langabezi tasa Akitania eta Frantziar estatu osoaren berdina da, baina Pirinio Atlantikoetako Departamenduak duena baino altuagoa. Ganberak argitaratutako buletinaren arabera, 2003ko ekainaren amaieran Iparraldean langabezian zeuden gazteen bataz bestekoa Estatu frantsesekoa baino txikiagoa zen; epe luzeko langabezia eta emakumeen kasuan, aldiz, guztiz kontrakoa gertatzen da. Hala eta guztiz ere, kontuan hartu behar da Iparraldetik emigratzen duten gehienak gazteak direla. Beraz, 20 eta 30 urte arteko adinean dagoen migrazio saldo negatiboa izan daiteke Iparraldeko gazteen artean langabezia txikiagoa izatearen arrazoia, eta beraz, ezin daiteke datu positibotzat hartu. Ipar Euskal Herriko langabeziaren goranzko joera, Europar Batasuna orokorrean eta Frantses estatua bereziki, jasaten ari diren geldialdi ekonomikoaren ondorio zuzena da. Suspertze ekonomikoa lortzeko asmoz, Chirac frantziar presidenteak eta Schröder alemaniar kantzilerrak 4 eremu estrategikotan (telekomunikazioak, I+D, ingurugiroa eta garraioa eta azpiegiturak) inbertsio plan bateratua martxan jarriko dutela jakinarazi dute. Hala ere, Europa erdiko eremu ekonomikoa izango da ziurrenik neurri honen bidez abantaila gehienak lortuko dituena, kanpo aldean dauden eta betidanik ahaztuta egon diren beste gune batzuen kaltetan. Honen guztiaren ondorioz ezinbestekotzat jotzen dugu Iparraldearen instituzionalizazioa bultzatzen jarraitzea. Lapurdik, Baxenabarrek eta Xiberuak zelako premiak daukaten ezagutzeko tresna politiko eta ekonomikoak behar dituzte, beren ekonomia, gizartea eta kultura garatzeko proiektuak aurrera eraman ditzaten. Gai Ekonomikoetarako Idazkaritza. Euskal Herriko koiuntura ekonomikoa (baionako Merkataritza eta Industria Ganbera). | |
|