· euskara   · castellano
FORMAKUNTZA   | AGERKARIAK   | EUSLAB   | EUSKALHERRIA   | NAZIOARTEKOA
                    

Albisteak

Txostenak

 






LAN AUKERA BERDINTASUN PLAN INTEGRALA



LAN AUKERA BERDINTASUN PLAN INTEGRALA



LAN AUKERA BERDINTASUN PLAN INTEGRALA


 

2002/02/15
LAN AUKERA BERDINTASUN PLAN INTEGRALA

LABek emakumeen lan egoera lehentasunezko langai bihur dadila exijitzen du. Horretarako ezinbestekoa da lan munduan Emakume eta Gizonen Lan Aukera Berdintasun Plan integral erreala martxan jartzea.

Euskal Herrian, emakumeen lan eskubideak ez dira gizonezkoen berdinak. Arazo honek berebiziko larritasuna du euskal biztanleriaren erdiaren eskubideen urraketaz ari baikara. Emakumeen lan egoera diskriminatua aski ezaguna bada ere, honako alderdi hauek gogora ekarri nahi ditugu.



Lehenik eta behin, esan beharra dugu, gizonezkoen gehiengoaren kasuan ez bezala, emakumeen lana, ezin dela neurtu lan merkatuan soilik, emakumeen gehiengoa lan merkatutik at baina lanean baitago, hau da, eskubiderik sortarazten ez duen lanean dihardute, etxean edota lan murgilduan, alegia. Oraindik orain, Euskal Herrian emakumeen gehiengoak ez du lanposturik. Etxeko lanean sortzen den ondasuna, gurea bezalako jendartean, barne produktu gordinaren %50 inguruko dela agerian jarri dute azken ikerketek. Ondasun honi, oraindik orain, ez zaio balio ekonomikorik aitortzen, ezkutuan irauten du.



Bigarrenik, lan merkatuaren egitura eta lan harremanak gizonezkoei begira eraiki dira emakumeen parte hartzea subsidiarioa delarik. Datu guztiek errealitate hau begi bistan uzten digute. Hego Euskal Herrian (Ipar Euskal Herriko daturik ez baitago), 2002 urtean, emakumeen langabezi tasa %13,3, gizonezkoenaren, %5,4, bikoitza baino altuagoa izan da. Halaber, emakumeen behin behinekotasun tasa %36,7 izan zen bitartean, gizonezkoen tasa %23,7. Lanbide, lanpostu eta kontratazio segregazioak sexuaren arabera bereizten ditu emakume eta gizonen lan egoera: emakumeak balio sozial gutxien, soldata baxuen eta lan baldintzarik txarren dituzten lanbide, lanpostu eta kontratuetan daude. Adibidez, ez da kasualitatea emakumeentzat lanaldi partzialeko kontratuak bultzatzea. Halaber, sexu jazarpena ezkutuan jasan ohi den arazo larria dela azpimarratu beharra dago.



Hirugarrenik, lan merkatuan sartzea lortzen duten emakumeek etxeko lanen ardura beren bizkarretan zamatzen jarraitzen dute, gizonezkoek bereganatzen ez dituztelako eta administrazioak jendarte zerbitzu politika murriztaileak bultzatzen ari direlako. Zenbait ikerketek agertzen dutenez, emakumeen lanaldia gizonena baino luzeagoa da. Nahiz eta etxetik kanpo lan egin, etxeko lana eta familia-kideen ardurak ere emakumeen esku egoten dira. Izan ere, gizonezkoen parte hartzean aldaketa gutxi egon da. Diskriminazio hau, halabeharrez, kontuan izan beharko dugu 35 orduko lanaldia exijitzen dugunean. Beste aldetik, gailendu behar dugu lan eta familia ardurak bateragarriak egiteko oldartzen ari omen diren araudiak eta neurriak, ikuspuntu erabat sexistatik egiten ari direla. Bateragarritasuna bilatzea emakumeen arazotzat jotzen da, ez gizonena.



Jadanik, asko badira ere egin diren azterketak eta kaleratu diren datuak, non argi eta garbi agertzen den emakumeen lan egoeraren ezaugarririk nabariena sexu diskriminazioa dela, oraindik orain, ez dago inolako politikarik egoera diskriminatu honi aurre egiteko. Are gehiago, gero eta ugariagoak dira emakume eta gizonen aukera berdintasunari buruzko plan-txostenak baina, kasu guztietan arazoa eraginkortasunik eza da, zeren eta planak aurrera eramateko, gauzatzeko, beharrezkoak diren neurriak ez baitira hartzen.



Argi dagoenez, emakumeen lan diskriminazioa gainditzeko lan munduan aritzen garen eragileon konpromisoa ez da inola ere berdina. Administrazioek egoera gainditzeko ekintza positiboen planak plazaratu, proposamenak luzatu eta borondate hutsa eskatu ohi diete enpresariei. Patronalek ez dute inolako beharrik, ezerk ere ez die derrigortzen beren jokabide sexista, hots, emakumeekiko diskriminatzailea, aldatzera. Sindikatuei dagokienez, saiakera isolatu eta koiunturalak egiten dira, egiten ditugu. Negoziazio kolektiboaren plataformetan emakume langileen egoerari buruzko aldarrikapenak gero eta gehiago sartzen badira ere, ez zaie garrantzi handirik ematen eta desagertzen diren lehenak izaten dira.



Esan bezala, administrazioen, patronalen eta sindikatuen konpromiso eta erantzukizun maila ez da, inola ere, berbera baina, ez batzuentzat ez besteentzat, emakumeen lan egoera gutxietsia, diskriminatua eta prekarioa ez da premiazko gaia.



Arazo larri honen aurrean dagoen utzikeria gainditu eta behingoz, LABek emakumeen lan egoera lehentasunezko langai bihur dadila exijitzen du. Horretarako lan munduan Emakume eta Gizonen Lan Aukera Berdintasun Plan integral erreala martxan jartzea ezinbestekotzat jotzen dugu.






Estrategia honen urratsak, bestak beste, honako hauek izan beharko lirateke:



-Euskal Herrian, lan munduan diharduten eragile desberdinen ezinbesteko esku hartzea lotzea: administrazioetako lan, hezkuntza eta jendarte babes eremuak, sindikatuak eta patronalak.



-Emakumeen parte hartzea lan merkatuan normalduko duen Aukera Berdintasun Plan Integrala zehaztea. Plan honek diagnostiko eta neurri orokorrak bilduko baditu ere, lan sektore bakoitzaren ezaugarri espezifikoen arabera garatu beharko da, sektorez sektore planak burutuz.



-Emakume eta Gizonen Lan Aukera Berdintasunerako sortu beharreko egitura orokorrari lotuta eskualdeetako egiturak eta lantokiz lantokiko Lan Aukera Berdintasun Batzordeak martxan jartzea.



-Planaren ezarpenerako neurriak oldartzea. Planaren izaera ezin da borondatezkoa izan, betebeharrekoa baizik. Tamalez denbora luzeegia daramagu balizko borondatearen pean uzten berebiziko larritasuna duen gai hau.



-Hezkuntza eremuak lan munduarekin erabateko lotura du, lan mundurako sarrera baita. Beraz, lanbide heziketa, unibertsitatea, heziketa okupazional eta jarraituaren ikasketa guztietan Aukera Berdintasunari buruzko moduluak sartzea.



-Jendarte babes neurriak eta zerbitzu soziokomunitarioak ugaldu eta hobetzea. Hauek nahitaezkoak dira, egun emakumeei ezarritako zenbait funtzio, oinarrikoak direnak pertsonen bizitza garatu ahal izateko, sozializatuak izan daitezen.





Justizia sozialaren ikuspuntu batetik administrazioen helburu nagusiak behar du izan: hiritar guztiei, emakume eta gizonei, bizi eta lan baldintza ez diskriminatzaileak, duinak bermatzea. Aitzitik, gaur egun, Euskal Herrian dauden administrazioak berme hori izatetik urrun samar daudenez, dagokien erantzukizunari hel diezaioten eta lan munduan diharduten beste eragileekin batera Lan aukera Berdintasun Plan Integrala martxan jartzeko urratsak lehenbailehen ematea exijitu behar diegu.



LABek, aspalditik aldarrikatzen duen Lan Harremanetarako eta Jendarte Babeserako Euskal Esparrua ez da gerora begira jartzen dugun erronka, arloz arlo, jadanik egituratzen, irudikatzen joan behar dugun errealitatea baizik, eta hemen Euskal Herriko emakume langileei begira plazaratzen duguna gaurdanik abian jarri genezake borondate politikorik balego. Euskal Herriaren eraikuntza, estatu espainiar eta frantziarrekin bizi dugun gatazka politikoak markatzen badu ere, aurrera eramateko indarra eta erabakia baditugu euskal langileok. Denon artean ekin diezaiogun lanari.


 
LAB sindikatua Ekintza sindikala SektoreakArloak Prentsa