| |
2003/09/23
Non daude emakumeon eskubideak? Eskubideez jabetzeko estrategiarik ba al dago?
0.Abiapuntua
Euskal Herrian ere, giza eskubideak, gaur egun, gizonezkoen eskubideak omen dira, eta ez emakumezkoenak. Baieztapen honen oinarriak jendarte eremu guztietan azalarazten dira. Ikusi nahi baditugu, nonahi aurki ditzakegu.
1.Zerk eragiten du emakumeon eskubideen gabezia?
Bizi garen jendarte patriarkalean emakume eta gizonen zeregina (lana) bereziturik dago. Bereizketa honen arabera, bizi, jarduera eta lan eremuak sailkatu eta hierarkizatu egiten dira (pribatutzat edo publikotzat jotzen dira). Halaber, ezarritako hierarkiak gizonezkoen zeregin eta jarduera eremuei (lan merkatuari lotutakoei) balio sozial eta ekonomikoa ezagutzen dizkien bitartean (beti ere klase aldagaiaren eragin pean), emakumezkoen kasuan (bizi beharrei lotutakoei) ez da berdin gertatzen, baliogabetzen baitira.
1.1.Eskubideen gabeziaren zenbait adibide
Sexu generoaren araberako bereizkeria eraketa sozial maltzurra da. Beronek sortarazten dituen desberdintasunak ondorio baztertzaileak ditu emakumezkoen eskubideen ezagutzan eta gauzatzean; besteak beste:
- Hizkuntzaren erabileraren bidez emakumezkoen identitatea ezkutatu egiten da, gizonezkoena (maskulinoa) orokortzen baita.
- Gizonezkoek ofizializatzen dituzten historiak, zientziak eta kulturak nekez jasotzen dituzte emakumezkoen ekarpenak, gizonezkoen izen pean ezkutatu ohi dira.
- Babes ekonomiko eta soziala enplegu egoerari lotuta daudenez, emakumezkoen gehiengoa at gelditzen da, gizonezkoekiko mendekotasunera kondenaturik.
- Erabaki gune politiko, ekonomiko eta sozialetan emakumeen parte hartzea murritza da oso edo ez dago.
- Hezkuntza sistemak egungo sexu-genero bazterkeria gainditzeko ez du estrategiarik ezta bitartekorik. Aitzitik, iraunaraztera jotzen du.
- Emakumezkoei gorputzarekiko eta sexualitatearekiko jabetasuna ukatu egiten zaie.
- Jendarte iraupenerako ezinbestekoa den funtzio biologiko-erreproduktiboa emakumeen bizitza sozial eta laboralari mugak jartzeko edota ukatzeko erabili ohi da, eremu pribatu eta publikoaren arteko dikotomia faltsua eraikitzeko.
- Komunikabideen bidez sexu-genero bazterkeria sustatzen duen ideologia hedatzen jarraitzen da.
1.2.Ondorioa
behin eta berriz salatzen dugunez, emakumezkoen eskubideak, gehienez, formalak dira (zenbait kasutan, hori ere ez), inola ere ez errealak.
2.Emakumeon eskubideen gabeziari aurre egiteko estrategiak
Feminismoak barneratze ideologiko garrantzitsua izan du alor diskurtsiboan. Izan ere, emakumezkook jasaten ditugun gabezi demokratikoak eta eskubideen aldarrikapena barne arazten joan dira. Sexu-genero gatazka halabeharrez, lan-gai bilakatzen ari da antolakunde eta instituzioetan (erakundeetan). Halere, gaiaren tratamenduan, etengabe kontrajarri ohi dira itxurakeria eta eraginkortasuna; beste modu batez esanda, dikotomia sortzen da: arazoaren asimilazioa egin edo arazoari konponbidea eman.
Kolektiboki zein indibidualki, emakumeoi eragiten digun gabezi demokratiko larriaren aurrean, gakoa da: zeintzu dira bultzatzen ari diren estrategiak emakumeok geure eskubideen jabe izan gaitezen?
Besteak beste, estrategi desberdinen ardatzak honako lau eredu hauetan laburbil ditzakegu:
2.1Jendarte eragileei dagokienez
1- Emakumeak era autonomoan antolatu eta era autonomoan eragin jendarte alorretan (sozial, kultural, politikoa..)
2- Emakumeek antolakunde mistoetan parte hartu baina, beren auto-jarduera-tresna espezifikoa ere eduki (arloak, idazkaritzak, bestelakoak). Zergatik? Antolakunde mistoetan jendartean dagoen sexu-genero gatazka bera erreproduzitzen delako. Zertarako? Antolakundeetan dauden gabezien gainditzea bultzatzeko. Jendarte alorretan, genero ikuspuntutik eragin ahal izateko antolakundeak aldatu behar dira.
Kasu honetan arazoa izan daiteke tresna espezifiko hau erabaki gunetik at egotea eta iritzi emaile baino ez izatea. Beraz, tresna honek balio izan dezan erabaki guneetan parte hartzea ezinbestekoa da, bestela gaiarekiko ardura delegatzeko tresna bihur daiteke.
3- Emakumeek antolakunde mistoetan jardun eta tresna espezifikorik sortu gabe borrokatu eta konpromisoak lotu, sexu-genero gaia behar bezala lan dadin eta emakumeek erabaki guneetan parekide har dezaten parte.
Kasu honetan arazoa izan daiteke, nahiz eta emakumeak erabaki guneetan egon eraginkortasunik ez izatea ohiko jokabideari (inertziari) buelta emateko; beste modu batez esanda, nagusia izan ohi den dinamika maskulinoak asimilatzea.
4- Emakumeak antolakunde mistoetan jardun eta auto-jarduera-tresna espezifikoa eduki, antolakundeak onestutako konpromiso-plan estrategiko orokorrari lotuta. Plan honen arabera emakume eta gizonen parte hartze parekidea bultzatu erabaki guneetan, sexu-genero gatazkari irtenbidea bilatzeko, bai antolakundearen barruan bai jendartearen alorretan. Tresna espezifikoaren ardurak erabaki gunetan kokatuta egon behar du benetako eragiletza lortu ahal izateko.
Metodologiaz: kasu guztietan, dagoeneko, guztiek bat datoz gaia zeharkakotasunez jorratzearekin. Hau da, sexu genero ikuspegia antolakundeen oinarri ideologiko, jarduera, egitura, antolakuntza eta funtzionamenduan aintzat hartzea. Arazoa da nola egin:
-Zeharkakotasuna bultzatzeko antolakundean konpromisoa lotu emakumeen eragiletza espezifikorik jarri gabe.
-Zeharkakotasuna bultzatzeko emakumeen eragiletza espezifikoa jarri.
-Zeharkakotasuna bultzatzeko emakumeen eragiletza espezifikoa jarri eta konpromiso politikoa lotu plan estrategikoaren arabera.
2.2.Instituzioei dagokienez:
Euskal Herriari ezarritako zatiketa administratiboak instituzioen politika desberdinak ondorioztatzen ditu emakumeen eskubideen inguruan.
Euskal Autonomi Erkidegoan zeregin horretan Emakundek dihardu, Nafarroan Nafarroako Emakumearen Institutuak eta Ipar Euskal Herrian Estatu frantziarraren politika baino ez dago.
Izaerari buruz, aintzat hartzekoa da, bai Emakundek, bai Nafarroako Institutuak ez dutela erabakitzeko ahalmenik, irizpide eta aholku emaileak dira. Emakundek 1999tik Ekintza Positiboen 3. Plana ari da burutzen, horrekin batera, zenbait alorrei buruzko ikerketak ere plazaratu ditu.
Horretaz gain, EAEko diputazioetan, Nafarroako Foru Diputazioan eta oro har, Hego Euskal Herriko udal askotan, gaiari heltzeko saiakerak egiten ari dira batzorde espezifikoak eta zinegotzigoak sortuz. Hauek hasiera batean emakumeenak baziren ere, gero eta gehiago aukera berdintasunarenak ari dira bilakatzen.
Instituzio hauetan gaiaren tratamendu metodologikoa aukera berdintasun planen kopurua ahalik eta gehien areagotzean datza. Plan hauek gero eta ugariagoak badira ere, nekez bete ohi dira, edota are kontraesankorragoa, zenbait kasutan, jokabide sexista eskandalagarriak izateagatik salatuak diren instituzioetan bertan aurki ditzakegu, Irun eta Hondarribia kasu. Beraz, datuek adierazten dutenez, aukera berdintasun planek askotan, emakumeok eskubideez jabetzeko baino, instituzioen aurpegia zuritzeko balio dute. Izan ere, arazo estruktural honek exijitzen dituen aldaketa sakon eta anitzak ez dira plan hauetan jasotzen, egungo jendarte ereduari bete betean eragin baitiote.
Planen emankortasunik eza, gero eta gehiagotan irudi kanpainen bidez konpentsatzen da medioetan. Honek bi ondorio ditu; alde batetik, jendartearen sentsibilizazioa, eta zalantzarik gabe, beharrezkoa da, baina beste aldetik, instituzioen irudien zurikeria ekartzen du eta errealitatea faltsutzea. Horretaz gain, planen ahulezia ere bada haien arteko deslotura.
2.3.Oro har laburbiltzeko
Gure ustez, gaur egun Euskal Herrian ez dago estrategia global integralik emakumeon eskubideen urraketari aurre egiteko. Eta arazo honen muinera jota, Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoarekin topo egiten dugu, beronek baldintzatzen baitu gure herriaren egituratze politiko, ekonomiko, sozial eta kulturala eta ildo horretatik, eskubide eta aukera berdintasun politikak. Gaur egun, EAEn, baina ez gainontzeko herrialdeetan, emakume eta gizonen berdintasunari buruzko lege zirriborroa plazaratu dute. Gai honen garrantziaz jabeturik, gure galdera da: bitartekoak jarriko al dira euskal emakumeen parte hartzea bideratzeko ezarrita dugun zatiketa administratiboaren gainetik?
3.Irtenbiderako proposamena
Izan ere, muga hauen gainetik, borondate politikorik balego, jadanik, zenbait urrats egin litezke (genitzake) egoki eta eraginkorra izan daitekeen estrategia integrala definitu eta abian jartzeko. Helburua: Euskal Herri osoan, aukera berdintasunean, gizon eta emakume guztiok eskubide guztien jabe izan gaitezen.
Zeregin honetan, besteak beste, honako urrats hauek aurreikusten ditugu:
Diagnostikoa burutzea
Euskal Herrian emakumeok jasaten dugun eskubideen urraketaz diagnostikoa burutzea, ondokoa abiapuntutzat hartuta:
-Emakumeon izaera anitzaren aitortza eta izaera hauek determinatzen dituzten faktoreak aztergai jarri: ingurunea, adina, sorlekua, klasea, kultura.
-Jendarte eremu guztietan (lanean, politikoan, bizikidetzan, e.a.) gertatzen den parte hartze sailkatua eta berezitua generoaren arabera.
-Parte hartze desberdin horren ondorioak emakume eta gizonengan.
-Emakumeon eskubideen gabezia ezartzen duen eredu sozial/patriarkala, ekonomiko/kapitalista, politiko/neoliberala.
Eskubideak aldarrikatzea
Euskal herritar bezala emakumeen eskubide indibidual eta kolektiboak, bai espezifikoak bai pertsona ororen (pertsona = emakume/gizona) orokorrak direnak aldarrikatzea. Horretarako Emakumeen Eskubideen Karta plazaratzea.
Eskubideen jabetzarako estrategia
Euskal Herrian, emakumeak eskubideaz jabetzeko eta jendartean eskubide eta aukera berdintasuna bermatzeko Plan estrategiko global eta integrala diseinatu, eta abian jarri.
Hiru urrats hauek aurrera eramateko prozesuan, emakumeen mugimendua eta jendarte eragileen parte hartzea eta konpromisoa ezinbestekoak dira. Beronen gauzapen epeak finkatu eta ebaluatzeko irizpideak ezarri behar dira. Halaber, Planak jasoko dituen neurriek bete beharrekoak izan behar dute, horretarako bitarteko legegileak zein sektoreen arteko akordioetan oinarritutakoak ezarri beharra dago.
4.Sindikatuaren konpromisoa
Sindikatua izanik, hausnarketa hau egiteko premia ikusten dugu, batez ere gai honen inguruan dauden sakabanaketa, deslotura eta ondorioz, eraginkortasun falta gainditu ahal izateko. Beste aldetik, sindikatuen lanari funtsezko deritzogu pertsonen bizi beharretan eta bizi kalitatean oinarrituko den eredu ekonomiko, laboral eta soziala eraiki dezagun, gaur egun dagoenaren antitesia, hain zuzen ere.
Eraiki beharreko jendarte ereduak pertsona ororen, emakume eta gizonen parte hartzean du zutabe. Hau ahalbidetzeko, besteak beste, honako baldintza hauek ezinbestekotzat jotzen ditugu:
-Emakume eta gizonen bizitza pertsonala, bizikidetza eta lana bateragarriak egin ditzaketen ekonomia, enplegu eta jendarte babes politikak oldartzea.
-Ondasunaren berbanaketan emakume eta gizonen parte hartze justu, berdintzaile eta konpentsatzailea berma dezakeen politika fiskala eta aurrekontuena gauzatzea.
-Pertsona bakoitzaren behar espezifikoak aintzat hartuta (adina, ezintasunak, kultura, klase), guztioi aukera berdintasuna bermatzeko eta existitzen diren edo sor daitezkeen gabeziei aurre egiteko neurri konpentsatzaileak eta zerbitzu soziokomunitario zabal eta anitzak bideratuko dituen politika soziala ezartzea.
|
|