|
2008/04/28
Apirilak 28: Algunos trabajos matan y otros no nos dejan vivir.
Prekarietatea salatu, borrokatu, garaitu.
Apirilaren 28a Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna dugu. Lan segurtasun eta osasunaren defentsan erreferentea da eta, langileok eskubide hau urratuta dugun heinean, aldarrikapen eta borroka eguna ere bilakatu behar dugu.
Istripuak eta gaixotasunak ez dira kasualitatez gertatzen. Lan baldintzak, formaziorik eza, azpikontratazioak, lan erritmo ikaragarriak, prekarietatea, ... zuzenean daude lan istripu eta gaixotasunekin loturik. Eredu neoliberal honetan ahalik eta irabazi ekonomiko gehien lortzea da helburu bakarra eta, hortaz, langileon beharrak alde batera uzten dira eta ez da dirurik "gastatzen" prebentzio neurrietan. Honen ondorioz, iaz 125 langile hil eta milaka lan istripu pairatu genituen. Argi dago langile askorentzat lanera joatea arriskutsu bihurtu dela.
Batzuetan lan istripuek hiltzen gaituzte eta beste askotan lan baldintzek ez digute bizitzen uzten, eta pixkanaka-pixkanaka gure osasuna galtzen dugu. Langile askok arrisku ergonomikoak, arrisku kimikoak, zarata ... pairatzen dituzte, eta hauen ondorioak, denon ezagun zaharrak: sorbalda, bizkar edo besoko mina, arnasteko arazoak, alergiak, entzumenaren galera ... Langile gehienok lan zama handiak, lanak bukatzeko epe motzak, erritmo azkarrak, gure lanaren kontrol gutxi, enkargatu autoritarioen modu txarrak eta presioak, bortizkeria (fisiko edo psikologikoa), jazarpen egoerak bizi dituzte lanean eta ondorioz, arazo mentalak, arazo kardiobaskularrak, nerbio arazoak edo estresa jasaten dute eta honek guztiak bihotzekoak jota hiltzeko arrisku handia dakarkio langileari.
Osasunaren urraketa hauek sektore eta lan eremu guztietan izaten dira, baina lan ezaugarrien arabera, arriskuak ere ezberdinak dira eta, hortaz, ondorioak ere bai.
Ezagunak dira lan istripu eta gaixotasunak ekiditeko hartu behar diren neurriak, hala ere, estatistika beltzak urtez urte errepikatzen dira. Langileon bizia da arriskuan dagoena eta honekin ezin da jolastu, ezin da patronalaren diruzalekeriaren menpe egon. Onartezina da lan istripu eta gaixotasunen tragediaren atzean dauden enpresariek zigorrik ez ordaintzea, ezta instituzioak beren ardura ez betetzea, patronalarekin duten aliantza estrategikoa dela medio.
Egoera hau salatu behar dugu eta erantzuleak diren patronal eta administrazioa interpelatu. Mobilizazio soziala da bide bakarra lan istripu eta gaixotasunekin behingoz amaitzeko eta langileon biziarekin jolastea doakoa izan ez dadin.
Gaur egungo eredu pribatuan prebentzio zerbitzu eta mutualitateen interes nagusia zera da, gure gaixotasunak lanak eragin ez dituela frogatzea eta ahalik eta lasterren lanera bidaltzea, nahiz eta sendaturik ez egon. Lan harreman eta prebentzio eredu ezberdinak beharrezkoak ditugu, osasuna, negozioaren ordez, eskubidea izan dadin. Hori dela eta, arriskuei eta kalteei aurre egiteko eredu publiko, unibertsal, kalitateko eta parte-hartzailea aldarrikatu behar dugu.
Hau dela eta, langile guztiei dei egiten diegu ordubeteko lanuztea egin dezaten, Araban apirilaren 25ean eta Bizkaia, Gipuzkoa zein Nafarroan apirilaren 28an.
|