2005/12/27
Tabakoaren kontrako Legean prebentzio programak falta direla adierazi du LABek.

Datorren igandean Hego Euskal Herrian indarrean ipiniko duten Tabakoaren Kontrako Legeak «gabeziak» dituela salatu zuen atzo LAB sindikatuak. Hala ere, legeak egunerokoan egingo duen bilakaera ikusi zain daudela jakinarazi zuen Mati Iturralde LABeko Administrazio eta Osasun arloko arduradunak.

Besteak beste, lege berriak tabako erretzaileei zigorrak bakarrik ezartzen dizkiela gogoratu zuen, eta salatu zuen ez duela jasotzen prebentzio tratamendurik edo erretzeko ohitura utzi ahal izateko neurririk. «Horrela nekez izan daiteke eraginkorra tabakoaren kontrako legea». Iturraldek azpimarratu zuenez, tabakismoa gizartearen zati handi baten eragiten duen «gaixotasun larri» bat da, eta hala hartu beharko luke Tabakoaren Kontrako Legeak. Tabakismoa sendatzeko eta prebenitzeko tratamendu espezifikoak behar direla gogoratu zuen. «Baina legeak ez du ez bata eta ez bestea jasotzen; tabako erretzaileari lan munduan eta esparru publikoan zigorrak eta salaketak jarri baino ez du egiten».Tabakoa kontsumitzen duten pertsonek zigarretak ez erretzeko ohitura uzteko tratamenduak legean jaso beharko lituzketela agertu zuen Iturraldek, eta, gainera, tratamendu horiek administrazioak ordaindu beharko lituzkeela. Era berean, egun indarrean dauden tratamenduen eraginkortasuna «zalantzazkoa» dela azpimarratu zuen. Tratamenduren bat hasten duten erretzaileek %30ek lortzen dute zigarretak erretzeko ohitura uztea. «Neurriak hartu beharko lirateke, tratamenduak eraginkorragoak izateko. Erretzaileen %70ek ahalegin bat baino gehiago egin behar izaten baitute». Gero eta gazteago erretzaile Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) biztanleriaren zati handi bati eragiten dio tabakismoak, eta Tabakoaren Kontrako Legeak hori ere aintzat hartu beharko lukeela gogoratu zuen LABEkoak. EAEko gizonen %31k erretzen dute tabakoa, eta emakumeen %21ek. Era berean, gero eta gazteago hasten dira tabako erretzaileak ohitura hori hartzen. «Hori da kezkagarriena. Tabako erretzaileen batez bestekoek behera egin dute azken urteotan, baina, gutxi gorabehera, berdintsu segitzen dute. Ohitura hori gaztetik hartzen dutela da txarrena». Izan ere, erretzaileen %71k 20 urte bete aurretik hartu zuten tabakoa erretzeko ohitura. «Tabakoaren Kontrako Legeak ohiturarik ez dutenak babestu behar ditu, baina ohitura dutenak ere bai», esan zuen Iturraldek. Tabakoa erretzen ez dutenek erretzeak eraginiko gaixotasunak pairatzeko arriskua badagoela eta hori saihestu egin behar dela esan zuen, baina erretzaileen eskubideak urratu gabe. «Eta hori ez du egiten legeak». Tabakoaren Kontrako Legeak langileak babesteko ez duela balioko azaldu zuen. Tabakoa erretzen ez dutenen %21ek etxean dute tabakoaren kearen kutsadura, eta %23k lanean. «Horrek argi erakusten du ez duela arazoa konponduko, lan munduan arnasten ez dutena esparru pribatuan arnastuko dutelako».Lantegiek beren esparrurako duten araudia betez gero tabakoaren keak eragindako arazorik ez litzatekeela egongo esan zuen Ibon Irala LABeko Lan Osasun arduradunak. «Legeak dio langile bakoitzak 50 metro kubo aire arnastu beharko lukeela orduko, baina hori ez dute betetzen, barruan dagoen beroa eta hotza mantendu nahi dutelako eta zulo guztiak ixten dituztelako. Hori beteko balitz, tabakoaren kea igarri ere ez zen egingo lantegietan». Hego Euskal Herrian dauden lan baldintzak «eskasak izanda» lantegietan erretzen dutenen «jazarpena» egitea «zinikoa» ere izan daitekeela azpimarratu zuen Iralak.


inprimitu