· euskara   · castellano
FORMAKUNTZA   | AGERKARIAK   | EUSLAB   | EUSKALHERRIA   | NAZIOARTEKOA
                    

Emakumeak

Etorkinak

Gazteak

Ingurumena

Lan Osasuna

 






Trenbide Sozialerako Sareak Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailak mugikortasun eta salgaien garraioaren gainean aurkeztutako txostenak aztertu ditu.



Trenbide Sozialerako Sareak Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailak mugikortasun eta salgaien garraioaren gainean aurkeztutako txostenak aztertu ditu.



Trenbide Sozialerako Sareak Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailak mugikortasun eta salgaien garraioaren gainean aurkeztutako txostenak aztertu ditu.


 

2008/03/13
Trenbide Sozialerako Sareak Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailak mugikortasun eta salgaien garraioaren gainean aurkeztutako txostenak aztertu ditu.

Datuek Jaurlaritzak ezarritako garraio politika negargarria baieztatzen dute. AHTren aldeko apostuak eta errepideen eskaintza areagotzeak akats horietan sakontzen dute eta gure gizarteak eta ingurumenak behar duten trenbide politika garatzea eragozten dute.

Azken aste hauetan, Garraio eta Herri Lan Sailak bi txosten aurkeztu ditu: Mugikortasunari buruzkoa eta tren bidezko salgaien garraioaren gainekoa. Nahi duenak euskaly.com helbide elektronikoan eskura ditzake.

Mugikortasuna EAEn
EAEko mugikortasun datuek baieztatu egiten dituzte aurreko urteetako joerak. Halaber, bestelako lurralde antolaketa eta garraio eredua behar dela berresten dute. Garraio publikoaren aldeko apustu sendoak soilik alda dezake joera, eta bereziki trenbide sozialaren aldekoak.

EAEko joan-etorriak 6.087.600 dira guztira. Beraz, 4 urtean %11,4 areagotu dira. Joera kezkagarriagoa da aintzat hartuz gero joan-etorri berrien %70 autoz egin dela.

Lurraldearen antolaketa negargarriak (merkatalgune erraldoiak, lantokiak eta etxebizitzak gero eta urrunago elkarrengandik, etxebizitzen sakabanatzea, dentsitate baxuko etxebizitza gehiago eraikitzea ...) eragin zuzena du.

Testuinguru honetan, EAEko hiriburuen arteko joan-etorriak orotara 21.423 dira egunero. Jaurlaritzak nahita nahasten du kopurua, 47.000 direla esatean. Baina argitu beharra dugu hiriburuak ezezik, eskualdeak ere gehitzen dituztela kopuru horretan. Hala ere, joan-etorri guztien ehuneko txikia, oso txikia, argi geratzen denez.

Joan-etorri gehienak lurralde historikoen barnean gertatzen dira, %95 hain zuzen. Hau da, jendea mugitzen da eskualdean, metropoli barruan edo hurbileko eskualdeen artean.

Joan-etorri gehienen arrazoia lana da (%30,6). Ostean daude aisialdia (%22,4) eta ikasketak (%17,3). Eta batez ere lanerako mugikortasunean erabiltzen da gehien auto pribatua: lanerako joan etorrien %60an eta gainera horien %97an auto bakoitzean gizabanako bakarra doalarik.

Nahiz eta Jaurlaritzak esan "lantokira joan beharrak auto pribatua izatea bultzatzen du", guk uste dugu behar hori asetzera letorkeen trenbide soziala behar dela, eskualde arteko ibilbidea izanik hurbileko loturak egoki eskainiko lituzkeena.

Datu hauek autoaren gero eta garrantzi handiagoarekin osatzen dira. Izan ere 4 urtean 4,4 puntu hazi da garraiobideen banaketan duen ehunekoa. Auto gurtu egiten da oraindik ere eta instituzioek mesedetzen jarraitzen dute. Garraioa azpiegitura erraldoi berriak eskainiz kudeatzen segitzen dute: Eibar-Gasteiz, Supersur, Donostialdeko 2. Saihesbidea, A-8 zabaldu ...

Testuinguru honetan, azpiegitura erraldoietan inbertitzen segitzeak (AHT, autobiak ...) esan nahi du behar sozialetarako eta ingurumenerako egokiagoak diren sistemetatik dirua kentzea.

Trenbide Sarea eta salgaien garraioa: AHTk egindako akatsak konpontzea eragotziko du.
Jaurlaritzak emandako egunkarietako izenburuak zera dio: EAEn 10-15 urtean trenbide sarean izango diren hobekuntzek salgaien garraioa %400 areagotuko dute. Kopuru horretatik, %200 euskal Yaren bidez joango da, 800.000 kamioiren baliokidea egunero, alegia.
Baina Txostenak bestelakoa dio: "Salgaiak garraiatzeko trenbide sarearen gaitasuna %140 eta %220ren artean haziko litzateke. Hazkunde hori azpiegitura berriari lepora lekioke zuzenean".

Edonola ere, ez litzateke aldaketa handiegia izango. Izan ere, EAEko salgaien garraioa 2006an 5 milioi tonara hurbildu zen eta errepidez 100 milioi tonatik gorakoa izan zen. Gainera azken trafiko honek etengabe egiten du gora. AHTk, beraien eszenatokirik baikorrenean, salgaien garraioaren ehuneko txiki bati baino ez lioke erantzungo.
Ez da harritzekoa: EAEk biztanleko 0,27 metroko trenbide sarea baino ez dauka eta kilometro koadroko 79,3 m. Oso urrun daude Suitza, Alemania, Belgika, etab. Garai batean biztanleko 0,97 metro izan genituen eta km2-ko 120 m burdinbide.

Bestelako garaiak ziren, baina. 1953 eta 1986 artean EAEn 298 km burdinbide galdu dira. Gobernu autonomikoak 30 urte izan ditu berreskuratzeko, baina ez du ezer egin.

Orain Abiadura Handiko Trena planteatzen dute. Geltokiak hiriburuetan bakarrik dituen azpiegiturak ez du arazorik konponduko, ez du egoera arteztuko. Azpiegitura hori ez da batere egokia gure orografiarako, oso kaltegarria da ingurumenerako eta energia xahutzailea da. Gainera, ez ditu herritarren mugikortasun beharrak asetzen, ezta bertoko salgaiak garraiatzeko beharra ere.

Trenbide Sozialerako Sareak historikoki salatu du egoera hau, salgai eta bidaiarien garraioaren diagnostiko seriotik abiatuz konpondu beharko litzatekeena. Argi geratzen da ez dela hori egin.

Alde batetik, EAEko Jaurlaritzak aitortzen du egungo trenbide sarea hobetzea, salgai mota bakoitzarentzako garraio era egokiena aukeratzea, trafikoen elkartrukaketa eta sare bakoitzaren ahalmena hobetzea direla ekin eta landu beharreko kontuak. Baina gero, inbertsioak erabaki eta lehenestean, Administrazioen pisuzko apustua Abiadura Handiko Trena eta errepideen areagotzea dira garrantzitsuenak.

AHT defendatzeko benetako argudiorik ezak gezurrezko tesiak iradokitzea dakar: Europarekiko burdinbide sare ezberdintasuna konpontzeko AHT ezinbestekoa dela, esaterako. Gogorarazi beharra dago arazo hori gainditzeko ez dela behar AHTrik, eta horrela egin da Europako zenbait lurraldetan.

Salgaien garraioaren inguruko txostena aztertzean zeharo argigarria iruditzen zaigu ez agertzea zeintzuk eta nolako salgaiak garraiatuko lituzkeen AHTk. Horrek erakusten du ez dakitela edo dakitena ez dutela esan nahi AHT eraikitzea defendatzeko ez dielako balio. Trenbide Sozialerako Sareak defendatu izan duenari arrazoi ematen diote. Txostenean aipatzen diren salgai bakarrak, modu zehatzean, "balio handiko salgaiak" dira. Hau da, paketeak. Bestelakoez jardun behar dutelarik, anbiguotasunak baino ez: "nazioarteko zabalerako sareak dakartzan hobekuntza logistikoak baliatuko dituzten trafikoak".

AHTren aurkako mugimendu sozialaren kriminalizazioaren salaketa.
Amaitzeko, aukera aprobetxatu nahi dugu publikoki salatzeko AHTren inguruan dagoen informazio gabezia. Gezurrak diren baieztapenetan propaganda kanpainak baino ez dituzte zabaltzen instituzioek.

Bestalde, instituzio, gizarte-eragile eta herritarren arteko eztabaidarik ez da izan: herri-, garrio- eta trenbide-ereduen gainean. Denon artean erabaki beharreko gaiak dira horiek.

Eta azkenik, inposatzen ari diren AHTren aurkako mugimendu sozialaren deskalifikazioa eta kriminalizazioa salatzen ditugu.

Bilbo,08-03-12.

Trenbide Sozialerako Sarea

Sareko partaide dira erakunde hauek: Angiozar Batzarra, Aralar, Batasuna, CGT, EAE-ANV, Eguzki, EHNE, EKA-OCU, Ekologistak Martxan, ELA, ESK, Ezker Batua-Berdeak, Gezia Fundazioa, Grupo Ezkio-Itsaso, HIRU, Kalapie, LAB, Lurra Deialdia, STEE-EILAS eta Zutik.


 
LAB sindikatua Ekintza sindikala SektoreakArloak Prentsa