|
2008/03/04
AHT - Salgai matxuratua
Urte mordoa eman dugu Abiadura Handiko Trenak ustez garraiatuko lituzkeen salgaien inguruko informazio eske. Urte gehiegi Lakuako Jaurlaritzaren anbiguotasunak entzuten, errepideetatik kamioien ehuneko handiak kenduko lituzkeela ... Beti ezelako datu edo txostenetan oinarritu gabe.
Orain, EAEko Jaurlaritzak "Euskal Y" deritzonaren salgaien garraioaren inguruko txostena aurkeztu du. Espero zitekeenaren berri ematen ez duen txostena, alabaina: zer salgai mota garraiatuko luke Y-ak eta zer kopurutan?
Azter dezagun Lakuak zabaldutako mezu berria. Lehenengo eta behin, argigarria da txostena hastea abiadura handiko trenaz dihardugula aitortuz. Oraingoan eufemismoak alboratu izana eskertzekoa da. Hortik aurrera, nahasketa da nagusi dokumentuan eta Jaurlaritzak AHT-ren publizitaterako duen web orrian.
Lakuak faltsutu egiten du errealitatea esatean Y-ak zuzenean bideratuko duela trenbide bidezko salgaien garraioaren %200eko hazkundea, "urtean 800.000 kamioren parekoa". Izan ere, txostenaren edukian bertan gezurtatzen da informazio hori, zera esaten baita: ustezko %200eko hazkunde hori azpiegitura berriaren eraikuntzaren ondoreei leporatu lekiekeela. Hau da, salgai kopuru hori Y-an joango denik gezurtatzen da.
Sortu duten nahasmena, nola ez, hedabideetan islatu da. Adibide batzuk jartzearren, Diario Vasco-k albistearen izenburuan jarri zuen AHT-k EAEn 400.000 kamioiren trafikoa gutxitzea ahalbidetuko duela urtero. Anabasa biderkatu egiten da EITB24.com-ekin, 800.000 kamioiren parekora igo baitzuen Y-aren garraio ahalmena. Hori, ordea, gezurtatu egiten da berriaren edukian, kopuru hori trenbide sarearen osotasunean (egungo bideak barne) etorkizunean legokeen gaitasunari dagokiola esaten baita.
Baina Lakuak eragindako nahaste-borrastea alde batera utzita, zerak poztu gaitu, urteetan garraio arloan ezarritako politikaren porrota inplizituko aitortzeak. Esaterako, errepidearen gehiegizko pisua aipatzen da: EAEn salgaien garraioa tren bidez ia 5 milioi tonara heldu zen, baina errepidez 100 milioitik gora garraiatu ziren. Batez ere Gobernuen zeregin itsuari bestelakoak ere egotz dakizkioke, adibidez EAEk biztanleko 0,27 metro burdinbide baino ez izatea, Suitza, Belgika eta beste herrialde askorengandik oso urrun.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 1953 eta 1986 artean 298 kilometro burdinbide galdu ziren. Datu horrek ondo baino hobeto islatzen du zenbat alboratu duten hainbat gobernuk tren bidezko garraioa. Orain, akats horiek erabili nahi ditu Lakuak zer eta AHT bultzatzeko. Hori bai, Garraio Sailak esan berri duenez, autopista eta autobia berriak eraikitzen jarraituz. Hau da, kutsadura, istripuak, osasun kosteak... eta beste kalte ugari asko dakartzan eskaintza areagotzeko formula zaharkituarekin jarraituz. Garraio-eskaria kudeatu eta lurraldearen antolamendu eredua errotik aldatu beharrean, betikoari eutsiz.
Alde batera utzitako 298 km burdinbideetara itzuliz, azter genezake zer zerbitzu eskaintzen zieten biztanleei eta zein eskainiko lukeen AHT-k. Zer jende mota asetzen zuten zerbitzu haiek, zenbat geltoki zeuzkaten, zer nolako joan-etorriak ahalbidetzen zituzten, zer gaitasun zuten ehun ekonomiko eta lurraldearen ezaugarrietara moldatzeko? Eta AHT-k?
Administrazioek egindako garraioaren eta trenbide azpiegituren kudeaketa negargarriak ekarri gaitu egoera honetara. EAEn 1930ean biztanleko 0,98 metro burdinbide zeuden, 2006an 0,27 baino ez. Tarte berean km2-ko 120 metro burdinbidetik 79ra jaitsi zen ratioa. Eta orain esaten ari da Lakua galera itzel horren aurka borrokatzen ibili garenak trenaren aurkakoak garela. Ai ene!
Utz dezagun argi kontua: egoera ez da konponduko hiriburuetan baino gelditzen ez den azpiegitura batekin, hemengo orografiara moldaezin eta ekologikoki hain txikitzailea den AHT-rekin. Ez dago diseinatuta bertoko biztaneleen mugikortasun beharrak asetzeko, ezta bertoko salgaien ezaugarriak aintzat hartuta. Inork ez du sinesten dagoeneko AHT-k garraiatuko lituzkeenik siderurgiako gaiak, ontziratu gabekoak... merkantzia astuna alegia, hemengo gehiengoa.
AHT defendatzeko argudiorik eza dela eta, gezurrezko tesiak iradoki behar dituzte. Esate baterako AHT beharrezkoa dela Europarekin lotzeko, burdinbideen zabalera ezberdinen arazoari aurre egiteko. Baina jakina da abiadura handikoaz gain, badaudela bestelako teknologiak arazoa konpontzeko.
Zabalerak zabalera, funtsezkoena da Jaurlaritzaren txostenak ez duela zehazten zer salgai mota eta zer kopurutan garraiatuko lituzkeen AHT-k. Oso argigarria da, egitasmoa dagoen fasean egonik. Paketeak eta ezer gutxi gehiago garraiatuko lukeela esan izan duten ahotsei arrazoia emateko txostena dirudi. Horixe baita zehazten den salgai mota bakarra. Horrez gain, "nazioarteko zabalerako sareak dakartzan hobekuntza logistikoak baliatuko dituzten trafikoak ..." eta antzeko zehaztugabetasunak.
Halaber, gobernu batek ere ez du aurkeztu AHT-ren bideragarritasun sozial eta ekonomikoa sostengatuko lukeen txostenik, nahiz eta behin eta berriro eskatu dugun. Prestatu eta aurkezteko asmoa baldin badute, hau baino hobea izan dadila, arren. Ez daitezela saiatu berriro salgai matxuraturik saltzen.
Baina batez ere, une honetan ezinbestekoa da AHT-ren eraikuntza lanak geldiaraztea. Ez baita arrazoi sozial eta ekologikoetan oinarritutako egitasmoa. Euskal Herritik urrun diseinatu eta erabakia, gizarte honen nahi eta beharrei bizkar emanda, ez dago inposaketa hau onartzerik.
Jon Artetxe (LABeko Ingurumen Arduraduna).
|