|
2008/03/04
AHT-ren gezurrak, buztana motz. Badakizu... hau ez dela diru publikoarekin ordaindutako salezina dena saltzeko azken panfletoa? Badakite Lakuan egun berean hiru gezur esanez gero ondorio fisikoak nabarmentzen direla, auzokoak kontura daitezkeela Sailburuari sudurra hazi egin zaiola?
Abiadura Handiko Trenaren inguruko informazio eta parte-hartze ezaren inguruko salaketa orokorra da, baita herritarren nahiaren ukazioaren gainekoa ere. Udal mordoa ari da jasotzen tokiko inpaktuei buruzko galderak eta erantzunik ez dutela diote, itxoiten ari direla, etab. Informazioaren ordez, gobernuek publizitatea zabaltzen dute. Ezin baitira beste era batean definitu egunkarietako publierreportajeak, irratiko propagandak, RENFEko geltokietan jarritako txiringitoak,gutunontzietara sartutakoak...
Propaganda instituzional horren ustezko informazioak gezurra du barra-barra. Milioiak xahutu ditzakete, baina nekez sinetsiko zaie "Euskal Y" deiturikoak errepideak arinduko dituela. Batez ere datuek erakusten dutelako egungo joan-etorrien %0,15 baino ez lukeela hartuko. Kamioiei dagokienez, EAEko errepideetan dabiltzanen %2 baino ez.
Datuekin jolastea erraza da. Baina bikoizketak manifestazioen kroniketarako gordetzen zituztela uste genuen. Lakuako Jaurlaritzak baieztatu du Bilbo, Gasteiz eta Donostia artean egunero 47.000 joan-etorri gertatzen direla. Errealitatea bestelakoa da: 21.423 baino ez dira. Batzuetan handitzen dena, besteetan murriztu egiten dute. AHT igaro dadin 50-100 metroko zabaleran egiten dituzten lubaki, luerauzi eta betelanen eragina 15 metrora estutu nahi dute. Alde handia dago, handiegia jendeari ziria sartzeko.
Beste kasu batzuetan, ez da horren agerikoa ziria, energia kontsumoarena esaterako. Ohiko trenak AHTk beste kontsumitzen duela eta honek autoak baino 26 aldiz gehiago. A ze irudimena! Ikerketa independienteek, ordea, frogatua dute 225 km orduko abiadura gaindituta AHTren kontsumoa,bidaiari bakoitzeko, hegazkin eta auto modernoen parekoa dela.
Borondatez gauza asko egin daitezke, baina magiarako trebetasuna ere behar da. "AHTrako energia fosilak ez diren erregaietatik etorriko da". Eguzki-energiaz ibiliko da? Mutrikuko olatuen indarraz? Izan gaitezen serioak. Euskal gobernuen plangintzak gasean oinarritzen dira, eta ezer aldatu ez bada bat-batean, gasa erregai fosila da.
Gezurra ari du. Bai horixe. Barregura ere eragingo lukete halakoek horren gai serioa ez balitz. Bizi-kalitateari begira hain garrantzitsua den inpaktu akustikoari dagokionez, AHTk 100 dB(A)-ko zarata ere sortzen du. Jaurlaritzaren adierazleen arabera, errepide nagusietan 55 dezibeliokoa da sortzen dena. Baina edozer esateko prest daudenez, "AHTk eragingo duen zarata nabarmen txikiagoa da edozein errepiderena baino". Abiadura hartzen hasita, zera ere esan du Nuria Lopez de Gereņu andereak: "Y-a ez eraikitzea da ingurumenari egin diezaiokegun kalterik larriena". Guiness errekorren zerrendan agertu nahi ote du?
Gauzak honela, zergatik ez, AHT iraunkorra ere izan daiteke. Egunero 27.000 litro erregai fosil aurreztuko omen ditu. Eraikuntzan fasean isuriko diren 1.375.370 tona CO2ren gainean, hitzik ez. Baina horrek esan nahi du 104 urte barru has litekeela agian karbono dioxidoa aurrezten. Zer nolako energia- eta garraio-sistemak izango ditugu ordurako? Datorren krisi energetiko eta ingurumen narriadurarekin, batek daki non geratuko diren abiadura handinahikeriak.
Egiaren makinaren poligrafoa gaindituko ez luketen baieztapenak, datu nahasmena, informazioa ukatzea ... ez dira Lakuaren publizitate lantegitik bakarrik irteten. Nafarroako Herri-Lan Sailburu Laura Alba ere, Marketing-a ikasten urteak eman ostean, ari da bereak egiten. AHTren aferan eztabaida sozialik ez dela behar, parte-hartze handia izan delako jada. Hori azala!
Buztan luzea, erraldoia, behar lukete agintari hauek egia estaltzeko: Abiadura Handiko Trenak ez du zentzurik.
Mila Elorza eta Arkaitz Rodriguez (AHT Gelditu! Elkarlaneko kideak)
|