| |
2007/07/13
Unibertsitateko irakasleen Manifestuaren inguruko prentsa-oharra 'Euskal Y-a, okerreko apustua'
UPV/EHUko hiru campus eta arlo ezberdinetako (ekonomia, zuzenbidea, soziologia, zientziak, etab.) 120 irakasletik gora sinatu dugu prentsaurreko honetan ezagutzera ematen dugun manifestua.
Unibertsitatearen betebehar nagusien artean dago: gizartea datozkion erronka berrien aurrean ohartaraztea, erronka hauei aurre egiteko gai izango diren profesionalak trebatzea, eta irtenbide berriak proposatzea. Horregatik egiten dugu manifestu honen aurkezpena Unibertsitatean, beronek gizartearekiko duen konpromisoagatik alegia. Euskal-Y deituriko proiektuak eta berau gauzatzeko erabilitako prozedurak, gure gizartea etorkizuneko erronken aurrean lagundu ordez kaltetu baino ez baitu egingo.
Horregatik eta Euskal Y-aren moduko proiektuek, egungo zein etorkizuneko belaunaldien ongizatean izan dezaketen eragina itzulezina izan daitekeela kontutan harturik, euskal zein espainiar instituzio publikoei azterketa zehatz, informazio garden eta partaidetza soziala bermatzeko eskaera luzatzen diegu.
Propaganda gehiago informazioa baino
Azpiegitura-proiektu handien planifikazioak analisi zorrotzen beharra du, inbertsioa justifikatu edo interes orokorraren aurka joateko arriskua gutxitzeko . Gainera, demokrazia heldu batek instituzio publiko garden, kritikei eta eztabaida publikoei irekiak, eta partaidetza soziala bideratzen gai direnak bermatu beharko lituzke. Honen aurrean , 'Euskal Y proiektuaren aldeko iritzi sozialaren eratzeak' (erkidego-gobernuaren eta zentralaren arteko koordinazioaren ardatz) informatzearekin eta herri-partaidetza sustatzearekin bete-betean egiten du talka.
Hortaz, zergatik herritarrok ez dugu informazio nahikoa jasotzen? Erantzun posiblea duela gutxi UPV/EHUk zuzendutako ikerketa soziologiko batean aurki liteke: elkarrizketatuko pertsonaren informazio mailak gora egiten duen heinean proiektuaren aurkako iritzia hazi egiten da.
Mozkin pribatuak eta galera sozialak
Duela gutxi Garraio Sailburuak adierazi bezala, Euskal Y-a burutzeak 1,3 puntuko ekarpena egingo lioke BPG-ri. Hauxe egia izanda ere, argi utzi beharko litzateke baliabide publiko hauek armagintzan, piramideak eraikitzean edota zuloak egitean inbertitzeak BPG-rengan eta enpleguarengan eragin positiboa izango lukeela. Beste era batean esanda , Euskal Y-a eraikitzeak ez du esan nahi gizartearen ongizatea haziko denik, izan ere, aurreikusitako proiektu-kostuaren 6.000 miloi euroak (antzinako bilioi bat pezeta) euskal gizartearentzat premia handiagoa duten beste beharrizan sozial batzuetatik desbideratuko baita, hala nola, etxebizitza, hezkuntza edota osasunetik. Baliabideen eskasia honen adierazle bat besterik ez da Osakidetzako medikuen bozeramaileak aste honetantxe esana, non euskal osasun publikoaren narriadura baliabide eskasiari egozten zion: 'si no se invierte lo suficiente, se producen estos problemas'.
Horrexegatik, inbertsio ekonomiko jakina burutzeko aukera baliabide urritasunaren ikuspegitik aztertu beharra dago, mugagabeak diren behar izan sozialen aurrean , inbertsioen errentagarritasun ekonomiko zein soziala analizatzea ezinbestekoa delarik. Euskal Y-aren kasuan, arestian esan bezala proiektuaren gaineko informazio gabezia nagusitzen bada ere inbertsioa justifikatzeko erabiltzen diren datu urriak aintzakotzat hartuz, Sustapen Ministerioak jaulkitako Informazio-azterlana adibidez, aurrera ez egitea aholkatzen da . Azken finean, proiektuaren kostuak gizarteak bere osotasunean pairatuko dituen bitartean, sektore ekonomiko gutxi batzuk baino ez bait dute onurarik izango, besteak beste, enpresa eraikitzaileak, meategiak eta zementu-enpresak.
Garraiobide elitista
Ikuspegi sozialetik txartelaren kostua da beste alderdi garrantzitsu bat. Gaurko egunean, ez Eusko Jaurlaritza ezta Sustapen Ministerioa ere ez dira gai txartelaren prezioa zein izango den adierazteko. Hala ere, Euskal Y-aren titularra den Sustapen Ministerioak jarraitzen duen tarifa-politika argi-argia da: prezioa azpiegituraren kostuen eta desplazamendu abiaduraren araberakoa izango da. Euskal Y-aren kasuan, azpiegituraren izugarrizko kostua dela eta agerikoa da beraz txartelaren kostua altua izango dela. Egoera honek bi eszenatoki posibletan jarriko gaitu: abiadura handiko trenaren kostuak erabiltzaileen ekarpenarekin soilik kitatzen baldin badira, txartelaren prezioa oso altua izatea (populazioaren gehiengoa beronen erabilpenetik baztertuz; edo Eusko Jaurlaritzak zerbitzuaren finantzatzea bere gain hartzea hautatuko balu, zergapeko denek erabiliko lukeen gutxiengoa finantzatzea.
Azkarrago joan, baina norantz?
Sakoneko arazoa abiadura handiko trenaren izaera bera da, izan ere aire-garraioren alternatiba gisa izan baitzen asmatua eta ez automobilaren ordezko bezala. Euskal Y-ak ez dio inongo ekarpenik egiten herri honek duen benetako garraio arazoari, errepideek jasaten duten pilaketa kronikoari alegia. Nekez baztertuko lituzke euskal errepideetatik egunero dabiltzan autoen %1a. Eta hori gutxi balitz, merkantzien garraioa ez dago bere lehentasunen artean. Zentzu honetan esanguratsua da garraio sailburuak berak orain dela gutxi esana: 'ya se verá si lleva mercancías'. Eta arrazoirik ez zaio falta, izan ere egun estatuan dauden abiadura handiko sareetan barrena ez bait dabil merkantzia-trenik. Nola justifikatu bestalde Euskal Y-a bertako errepideak jasaten ari diren pilaketa kronikoen irtenbide gisa, kontuan izanik eraiki nahi diren errepide mordo berria? besteak beste, 'Supersur'-a, Donostiako bigarren ingurabidea edota Eibar-Gasteiz autobidea?
Kyotora ez gara concorde-an joango
Abiadura handiko trenak: materiale- zein energi-kontsumo izugarria dakar, eta bere exijentzia orografikoek ingurune fisikoarengan gaineko eragina areagotu besterik ez du egiten eta egun, oraindik ere, ez dakigu gure mendietatik aterako diren 33 miloi m3 lurrarekin zer egingo den. Honela bada, Euskal Y-ak nekazal lurzoruak bete, akuiferoak larriki kaltetu eta natu-guneak hausten dituen heinean ezer gutxi egin dezake jasangarritasunaren alde. Are gehiago, proiektu honek lehendik zegoen meategien arazoa larriagotu baino ez luke egingo, sektore horretako enpresak meategi gehiago zabaltzeko eskaerak adierazten duen bezala.
Eta hauxe gutxi balitz, XXI menderako ingurumen-erronka diren energia-krisi eta klima-aldaketak garraiobide xahutzaileen alde ez egitea aholkatzen dute. Abiadura handiko trenak sustatzen duen ereduaren aurka, jasangarritasunerako bideak energia aurreztu eta gehiegizko mugikortasuna gutxitzea eskatzen du. Gizarte jasangarri baten oinarrian ez da bere ingurunea menderatzea. Gizarte jasangarria amalurrarekiko elkarbizitza iraunkor eta bateragarri batean dago errotua.
Okerreko apustua
Aurretik esandako guztia kontutan izanda, 'gehiago' aldarrikatzetik 'hobeto' aldarrikatzera pasatu beharko ginateke. Hazkunde gehiago aldarrikatzen dutenei, hazkunde hobea exijitzen diegu. Ez dugu gehiago mugitu behar irisgarritasun hobea baizik, ez dugu azkarrago joan nahi nora goazen jakin barik, ez dugu errail gainean doan concorde-a behar populazioaren benetako beharrizanak betetzen dituen trenbide sarea baizik.
Duela gutxi Lehendakariak hazkunde ekonomiko eta ongizatearen gainean egindako hausnarketan ageri den bezala: 'merece la pena ir un poco más suave y que nos podamos subir todos'. Bada, Lehendakariarekin erabat ados gaude: apur bat astiroago joateak merezi du den-denok bertara igotzeko balio badu.
Guzti honegatik, manifestu hau sinatzen dugun UPV/EHUko irakasleok Euskal Y-a okerreko apustu dela uste dugu. Gainera, egingo balitz, beronen ondorioak kaltegarriak eta itzulezinak izango lirateke bai ingurumenean eta baita etorkizuneko zein egungo gizartearen ongizatearengan.
|
|