|
2007/06/01
LAB-en oharra REACH (substantzia kimikoen Erregistro, Ebaluazio eta Baimenaren inguruko araudia) araudiaren inguruan.
Ekainaren 1ean sartu da indarrean substantzia kimikoen Erregistro, Ebaluazio eta Baimenaren inguruko REACH araudia. Joandako abenduaren 18an Europar Batasuneko Kontseiluak onartu ondoren, hauxe zen falta zen urratsa. Substantzia kimikoen arloan EBren politiken artean arau-tresnarik garrantsitsuena dela gogorarazi beharra dago. Harreman zuzena du 2001ean argitaratutako Liburu Zuriarekin.
LABetik zera adierazi nahi dugu, Europar Batasunetik osasuna eta ingurumena babesteari begira arautzeari on deritzogula. Hori bai, aurrerapausua izan daitekeen arren, itxaropentsua izan zitekeen ekimena enpresarioen interesek neurri handian desitxuratu dutela salatzen dugu.
Substantzia kimikoen eraginez urtero 440.000 langile hiltzea ekiditekotan, neurri sendoak eta politika ausartak dira ezinbestekoak. Urte luzetan ahalbidetu eta baimendu da giza-osasunean eta ingurumenean duten eragina ikertu barik substantzia kimiko ugari erabiltzea. Horrela bada, ingurumen eta osasunaren gainetik merkatu libreak duen lehentasun egoeran REACH araudiak behar besteko aldaketarik ekarriko ez duela jabetzen gara. Izan ere, araudiaren prestaketaren hasieran alternatibarik zuen substantzia arriskutsurik ez zela baimenduko jasotzen zen arren, behin-betiko idazkiak zenbait lege-hutsune uzten ditu. Eta hormona-sistema aldarazten duten substantziez dihardugu, minbizia eragileez...
Hala ere, ontzat jotzen dugu substantzia kimikoak arriskutsuak ez direla frogatu beharra enpresei leporatzea. Baina ez da nahikoa neurri hori merkatuan diren substantzien heren bati baino ez egokitzea. Horrez gain, zalantza ugari dugu Segurtasun Kimikorako Agentziak eta Estatutek ingurumen eta osasunerako duten arriskuen ebaluazioak aztertzean izango duten zorroztasunaz.
LABek berresten du industria kimikoak eta Europar Batasuneko estatuek benetan sinetsi behar dutela osasunaren eta ingurumenaren babesa tinko zaindu behar dutela, lehentasun hierarkia irauliz. Horretarako, ezinbestekoa da REACH araudiak berak aurrikusitako epeak betetzea, baita zuhurtzia eta ordezkatze printzipioak aintzat hartu eta betearaztea ere. Ildo honetan, ez dugu inolako konfidantzarik zeharo kezkagarritzat jotzen diren substantziekiko "zaintza egokiak" nahikotzat hartzea. Are gehiago toxikotasunen sinergiaz dugun gero eta informazio handiagoa ahazten ez badugu.
Araudi berriaren alde onen artean nabarmendu nahi dugu Segurtasun Datuen Fitxak jasotzeko langileek duten eskubidea zehatz-mehatz jaso izana. Segurtasun Datuen Fitxa horiek enpresa banatzaileek helarazi beharko dizkiete erabiltzaile profesionalei. Substantzia arriskutsuak ordezteko epeei dagokienez, ez zaigu onargarri iruditzen aurrikusten den urtean hogeitik beherakoa. Egungo egoerak erritmo biziagoa eskatzen du, halabeharrez.
Osasuna eta ingurumena babesteko eta behar den moduan bermatzeko politika zentzuzkoak aurrerapausu sendoagoak behar lituzke, enpresarioen presioen menpe ez leudekeen jarduera eta ekimena. Europar Batzordea bera izan da REACH ezartzeak industria kimikoaren etekinen %0,05 inguru balioko duela kalkulatu duena. Ez da gehiegi hiru hamarkadatan 50.000 milioi euro aurreztea ahalbidetuko lukeela eta urtero 4.000 hildako saihestu litzakeela jakinda.
Gauzak horrela, REACH araudiaren ibilbidea zaindu beharko dugu, baita era guztietako aldeek (Substantzia Kimikoen Agentziak, ekoizle eta inportatzaileek, eskumena duten agintariek, bitarteko erabiltzaileek...) okerreko biderik ez hartzea ere. Ez dago ahazterik REACH araudiak berak dituela helburuen artean giza osasuna eta ingurumena babestea eta gardentasuna handitzea.
|