· euskara   · castellano
FORMAKUNTZA   | AGERKARIAK   | EUSLAB   | EUSKALHERRIA   | NAZIOARTEKOA
                    

Emakumeak

Etorkinak

Gazteak

Ingurumena

Lan Osasuna

 






Abiadura handia, adostasun txikia. <i>Jon Arretxe (LABen ingurumen arloko arduraduna).</i>



Abiadura handia, adostasun txikia. <i>Jon Arretxe (LABen ingurumen arloko arduraduna).</i>



Abiadura handia, adostasun txikia. <i>Jon Arretxe (LABen ingurumen arloko arduraduna).</i>


 


Abiadura handia, adostasun txikia. Jon Arretxe (LABen ingurumen arloko arduraduna).

"Euskal Y"-aren inguruko web orriaren aurkezpeneko diskurtsoan, Ibarretxe jaunak hurrengoa aitortu zuen: "Asko eztabaidatu beharko da. Egia da parte-hartzeko sistemak oraindik landu gabeko arloa direla eta ohiturarik ez dugula egitasmoak herritarren parte-hartzeari irekitzeko, baina ikasiko dugu; bide bakarra da, demokrazia parte-hartzeko eszenatokiez hornitzea baita". Esan bezala, Abiadura Handiko Trenaz ari zen. Eta ez zen lotsaz gorritu!

Urteak eta urteak eman ditugu zenbait sindikatuk, talde ekologistak eta eragile sozialek esaten AHTaren gaiaz luze eta zabal eztabaidatu behar zela erabakia hartu aurretik, instituzioek informazio guztia jarri behar zutela mahai gainean, garraio ereduaz eta gizartean horrek dituen ondorioez eztabaidatu. Alferrik izan da dena. Sasoian sasoiko aitzakiak jarrita, gobernuek eztabaida eta esku-hartzea ukatu eta galarazi egin dute. Azkenik, hasi egin dituzte lanak. Hori bai, ezkutuan, lotsatuta edo.

Auskalo non geratu den nazioarteko araudian jasota dagoen eskubidea, ingurumenean eragina duten aferetan erabakiak hartzeko prozeduretan herritarrei aitortutako parte-hartzekoa alegia. Entzungor egin diote gehiengo sindikalaren eskariari, ez ikusiarena mobilizazio jendetsuei, ostrukarena herri-kontsulten emaitzen aurrean. Herriak erabakitzeko eskubidea omen du, baina ez honetan. Ez Euskal Herrian inoiz ingurumenari egindako eraso larrienean.

Ibarretxeren antzean dabil Sanz, informazioa ezkutatzen eta herritarren esku-hartzea galarazten. Iparraldean, itxurosoago jardun arren, trafiko fluxuen gezurrezko datuak erabili dituzte, eztabaida baldintzatzeko eta lobby-en presioei amore ematea prestatzeko. Nork bere erritmoan, Madril, Paris, Lakua eta Iruņeko gobernuek inposizioa aukeratu dute, garraioaren egoera larriari eta lan osasunean, osasun publikoan zein ekonomian dituen kalteei konponbidea bilatzeari muzin eginez.

AHTak ingurumena larri kaltetu, milaka milioi euro xahutu eta soilik biztanle apur batzuei emango die zerbitzu. Ibarretxek esana du egitasmo honetan aurrerapena parte-hartzea dela; ez dela trena gelditzea, tren horretan bidaiatzea baizik. Antza horixe da parte-hartzeaz duen nozioa: berorrek mugatuko digu herritarroi zer zentzutan hartu behar dugun parte eta berak aginduko zein norabidetan ezin dugun. "Naziogintza" berria "aurrera doan herrian".

Asko gara, ostera, AHTak aurrerapenik ez dakarrela uste dugunak. Besteak beste, urrunekoa hurbildu eta laburrekoa urrundu egiten duelako. Izan ere, lurralde barnea isolatuago egongo da. Eta herritar gehienok hurbilean ibiltzeko behar dugu egunero garraio publiko eraginkor, maiztasun handiko, merke eta ahalik eta ekologikoena. Horretan inbertitzeko dirurik ez eta 9.000 milioi euro AHTrako bai. Hau al da lurralde oreka bilatzeko modua? Gainera, nazioarteko esperientziak frogatua du AHTak metropoli erraldoiak ikusmolde neoliberaletik indartu eta herriak eta eskualdeak ahultzen dituela. Handiak handiago eta txikiak akabo, dio atsotitzak.

Langileon interesak ere, jakina, baztertuak izango dira. Iparraldean motordun garraiobideetan egindako joan-etorrien %15-23 lanagatik dira, Nafarroan %32 eta EAEn %61. Oro har, lana da mugitzeko arrazoi nagusia -horren atzetik datoz ikasketak, erosketak...- eta batez ere auto pribatuan egiten dugu (%88tik gora) eta eskualde barruan -gutxiago eskualde artean-. Hiriburuen arteko joan-etorriak, AHT sareak eskainiko dituenak, %1etik beherakoak dira. Horrela ba, langileok gara AHTaren kaltetu nagusietakoak. Bestelako garraiobide publikoan inbertitu beharrean AHTan dirutza xahutzeak ekonomia, osasuna eta ingurumena nabarmen kaltetzen dituen instituzioek bultzatutako garraio eredu honi iraunaraziko dio.

Horren harira, hauxe dio EAEko Garraio Sailburuak: "Ilarak errepide gehiago eraikiz konpontzen saiatzeko politikak goia jo du dagoeneko, sobera gainera". Baina ez dirudi diskurtso polita praktikan betetzeko prest dagoenik bere alderdia, urte askoan euskal lurrak zementatzearen erantzule nagusia. Hor dabiltza, orain ere, jo eta ke: Supersur, Donostiako bigarren saihesbidea, A-8ko errei berriak...

Garraio eredu horrek zerikusi handia du klima aldaketarekin eta Kiotokotik hain urruti egotearekin. Honen aurrean, garraioaren arazoak konpondu beharrean, irtenbideei oztopoak jartzen dizkie AHTak. Lakuako Jaurlaritzaren datuak beteko balira ere, EAEn egunero dabiltzan auto eta kamioien %1 baino gutxiago kenduko lieke AHTak errepideei. Horrela, Irungo mugan urtebetean aurrikusita dagoen kamioi kopuru gorakada ere ez luke parekatuko.

Zamak zama, ederra etorri zaiona Unibertsitate mundutik Lakuari. Oraintsu argitaratutako iritzi-ikerketaren arabera, 4 bizilagunetik 3k AHTaren inguruko informazio gutxi edo batere ez dute, 10etik 7k instituzioek emandakoa nahikoa ez dela deritzo eta gehiengo absolutuak interesatua eta alboratua izan dela baieztatzen du. Azkenik, jende gehiago dago AHTaren aurka alde baino, baina are gehiago dira iritzi argia izateko informazio gehiago behar dutenak. Hala ere, argi dago instituzioek ez dutela asmorik informazioa zabaltzeko. Zergatik ote? Ikerketa horrek berorrek eskaini digu gakoa: zenbat eta informazio gehiago, orduan eta aurkakotasun handiagoa agertzen dute herritarrek.

Horrek ondorio argi batera eraman gaitu LABen: ahalegin handiagoa egin behar dugu jendarteak jakin dezan AHTak zer dakarkigun. Horregatik ekin diogu informazio eta sentsibilizazio kanpainari. Esku orrien banaketa lantoki eta herrietan, hitzaldiak, eztabaidak eta bestelako ekimenak ari gara antolatzen. AHTaren inguruko afera noranahi heldu behar delako, lantokiak barne, eta denok garelako kaltetuak, langileok ere.

AHTaren lanen zati ņimiņo bat baino ez dago eginda. Oraindik garaiz daude agintariak prozesu parte-hartzaile garbi eta demokratikoa irekitzeko. Lehen urratsa, AHT egitasmoa gelditzea da. Jende uholdea izango da horren eskari apirilaren 28an Bilboko kaleetan. Herriak izan behar duelako hitza.


 
LAB sindikatua Ekintza sindikala SektoreakArloak Prentsa