|
2007/03/23
Rafa Diéz: herriari galdetu behar zaio AHT-az.
Martxoaren 22an Abidadura Handiko Trenari buruz jarduteko egindako agerraldian, LABeko idazkari nagusi Rafa Diez Usabiagak tamaina honetako egitasmo batek herriari zuzenean galdetzea exijitzen duela adierazi du. Europako hainbat herritan egiten den bezala egoerak hori eskatzen duela azaldu eta Euskal Herrian ingurumenari egindako erasorik handiena dela azpimarratu du.
"Megaproiektu asko daude, elkarrekin loturarik gabe eta porlanaren kulturan kokatu ditzakegunak: Superportua, Supersur, Transpirenaikoa... Eredu ekonomiko zehatza dago atzean eta ez da gizartearen beharretara egokitua".
Halaber, dirutza xahutuko dela salatu eta gezur erraldoiaren aurrean gaudela nabarmendu du, bestelako interes ekonomikoen alde dagoela planteatuta AHTa eta ez gizartearen interesen arabera. "Gainera, instituzioek propaganda asko baina informazio gutxi eman dute" gehitu du. AHTak ez du lagunduko lurraldea egituratzen ezta garraioaren kaosari erantzuten.
Hego Euskal Herrian AHTaren lanak izkutuan hasi zirela salatu du bere aldetik Jon Artetxe Ingurumen Arduradunak, eta hori prozesu osoaren isla izan dela gehitu. Izkutuan ibiltzea ez da bakarrik EAEko gobernuari dagokion ezaugarria, Nafarroa Garaikoa ere bide beretik doala salatu du Artetxek. Egoera honen aurrean, mobilizazioak babestu eta bultzatu egingo ditu LABek.
Kiotoko Ituna eta klima aldaketa ere aipatu dituzte sindikatuko ordezkariek: "Euskal Herriak Kiotoko protokoloarekiko duen egoera negargarriak, mugikortasun eredu honek klima-aldaketari eta airearen kalitate traketsari egingo dion ekarpen ezin eskertuzkoak; premiazko neurriak behar dituzte". Baina hartu beharreko neurrietako bat ez da energia xahutuko duen Abiadura Handiko Trena eraikitzea; batetik aurrekontuari dagokionagatik eta bestetik ez dituelako kontuan hartzen euskal jendarteak dituen garraio beharrizanak.
Egoera larria denez eta informazioa jende eta pertsona orori heldu behar zaiola iritzita, abian jarriko dute informazio eta sentsibilizazio kanpaina masiboki banatuko diren triptikoez lagunduta, lantoki guztietara zabaltzeko asmoz. Horrela, eztabaida enpresetara hedatuko dute eta jendea mobilizatzeko ahalegina bikoiztu, bai herrietan, bai maila nazionalean.
LABen asmoa da gogor jardutea lanean AHTa gelditzea lortu arte, eta gaur egun behintzat ez dagoen adostasun soziala lortzeko beharrezko eztabaida publikoa gauzatu ahal izateko bidean.
Bestalde, Azpiegitura Batzordeko kide Jeronimo Prietok Ipar Euskal Herrian izandako presio itzelak salatu ditu, tartean Merkatal Ganbarak betetako lobby funtzioa ere. RFF-k kamioi kopuru faltsuak erabili dituela ere nabarmendu du, eta aditu independienteek ere frogatu dutela.
"Trenbide zaharra hobetuta nahikoa litzateke zama hazkundea hartzeko eta ondorioz abiadura handiko linea berria ez da beharrezkoa, ez dauzkagun datuekin behintzat 2020ra arte", adierazi du Prietok. Data horretarako, aldatua beharko litzateke kontsumo eta gizarte eredu hau, LABen ordezkariaren ustez. AHTa ez den bestelako beharrak daudela inbertitzeko gaineratu du Prietok, esaterako Kanbo-Baiona trena hobetu.
Azkenik, sindikatuaren asmoa eztabaida eta bilkura publikoetan -orain arte egin duten bezala- ekarpenak egiten segitzea dela esan du. Hasteko, hilaren 23an Uztaritzeko Kiroleta gelan 20:30ean izango den bilkura publikoan; ondoren, larunbatean, Mugerreko Elizaberri auzoko Ibar trinketean 18:00etan burutuko den hitzorduan.
Amaitzeko, LABek deialdia egin du Apirilaren 14an 5etan Hendaia eta Irunen artean izango den manifestazioan parte hartzera, horrela Ipar eta Hego Euskal Herriko borrokak batuz.
|