|
2007/01/30
Erraustegia eraikitzeko erabaki lotsagarriak erantzun sendoa eskatzen du. Herritarron esku dago mobilizazio eta presio sozialaren bidez eustezin bihurtzea inposaketa agintariei.
LAB sindikatuak oso larritzat jotzen du gaur, urtarrilak 30, Donostiako Udaleko osoko bilkuran erraustegia Zubietan eraikitzeko hartutako erabakia. PSEk, EAJk eta EAk bozkatu dute horren alde eta beraiena da inposaketaren erantzukizuna, herritarren borondatearen kontra hartutako ebatzia baita. Izkutuan egin dute gainera, afera gai-zerrendan azken unean sartuz eta modu lotsagarrian.
Gizarte mugimenduak ondo baino hobeto erakustsi du jendartearen nahia, hiri hondakin solidoak erraustea kudeaketa sistema gisa baztertzea posiblea eta beharrezkoa dela eta gakoa ez dela non kokatu instalazioa, eredua aldatzea baizik. LABek inposaketa honen aurrean zera berretsi nahi du, gaur inoiz baina ozenago, alternatiba osasuntsuago eta garbiagoak erabiltzerik badagoela. Gure eskakizuna egungo planak gelditzea eta informazio eta parte-hartze prozesua zabaltzea da. LABen ustez, egin beharreko apustua honako neurri hauetan oinarrituko den plan integralaren aldekoa da: ekoizpen eta kontsumo ereduak hondakin murrizketari begira jarri, gaikako bilketa indartu, materia organikoren bilketari ekin konpostajea hedatzeko, eta biometanizazioa.
Hau guztia, jakina, informazio eta sentsibilizazio kanpaina indartsuekin batera egin beharra dago. Halabaina, lehenengo eta behin erraustegia eraikitzea eragotzi behar da. Ikusi dugunez, egungo agintariengan ezin dugu inolako konfidantzarik izan, ez baitute ez gure osasuna ezta ingurumena ere zainduko. Horregatik, errausketaren aurkako oposizioan herritarrok hartu behar dugu hitza, ozen hartu ere, eta mobilizazio eta presio sozialaren bidez eustezin, sostengaezin bihurtu agintariei hartu duten erabakia.
|