2006/11/28
Zentral nuklear gehiago eraikitzearen UGT-ren adierazpenen inguruko kritika.

Gaur bertan UGT-ren idazkari orokor Cándido Méndez-ek energia nuklearraren alde egindako adierazpenen aurrean, LABek honakoa adierazten du:

1. Zentral nuklear gehiago eraikitzearen alde egin dituen adierazpenak deitoratzen ditugu. Izan ere iturri energetiko hau arriskutsua, zikina eta oso garestia da. Horrez gain, enplegu gutxien sortzen duena da eta Kyotoko Itunaren finantza-tresnetatik kanpo dago. 2. Cándido Méndez ikatz-zentral berriak irekitzearen alde ere agertu da. Ildo horretan, gogoratu beharrra diogu negutegi efektuko gasen gorakadan zerikusi handia duela sektore energetikoak. Horrela, 1990etik izugarri igo dira emisioak Nafarroan zein EAEn, kasu honetan %199raino helduz. Energia plangintza serioak behar ditugu gure ekonomia eta ingurumena larri kaltetuko dituen klima aldaketaren aurka borrokatzeko. Bide horretan, erregai fosilen erabilera murriztea ezinbestekoa da, batez ere kutsakorrenenak, ikatza besteak beste. 3. "Energiaren mix-ean egungo parte-hartzea mantentzea" esateak ez du lekurik, zeren eta energia berriztagarriek oraindik oso tarte txikia baitute eta fuela eta ikatza erabiltzen dituzten zentral termikoak gehiegizko pisua baitute. Hori guztia beharrezkoa da lan- eta ingurumen-osasuna, baita osasun publikoa ere, babestu nahi baditugu. 4. Ados gaude energiaren etorkizunaz jarduteko mahai baten beharraz ari denean. Hori bai, Euskal Herriaren plangintza energetikoa berton erabaki behar da. Mahai horretan eragile politiko, sindikal eta sozialek izan behar dute lekua eta sektore elektrikoaren multinazionalen interesetatik urrunduz gizartearen interesak babestu behar dira gure herriaren egoeraren diagnostikotik abiatuz.



inprimitu