|
2006/10/06
Pako, zatoz Legutyora igandean. Jon Artetxe. AHT Gelditu Elkarlana eta LABeko kidea.
Ezkertiar baten bila dabilela zioen duela gutxi Pako Aristik, gogoeta egiteko moduko artikuluan. Horrela amaitzen zuen idazkia: "Nonbait baldin bazaudete, dei iezadazue; zuek gabe, neo-kapitalismorik basatienaren parke tematiko batean bizi naizela iruditzen zait, hipermerkatu bateko giro nazkagarriaren erdian".
Pako, Abiadura Handiko Trenaren aurkako borrokak pertsona interesgarriekin bagoi berean bidaiatzeko parada eskaintzen duelakoan nago. Batzuek, bizitza honetatik "igaro" beharrean, nahiago dute borroka ekologista eta kapitalismoaren kontra jardun, ahalegina, izerdia eta adimena inbertitu tren hau geldiarazteko, autobia edo zentral nuklearrekin egin zuten lez.
Badira gorbata jantzi beharrean, bakeroak eta safariak hobetsi zituztenak, alderdi politiko edo sindikatuetan ari direnak ez beraien tren kontsumista elikatzeko, bestelako gizarte ereduan sinesten dutelako baizik. Badira kanapeak, moketa eta idazkariaren ordez, motxila lepoan dabiltzanak errepresioari aurre eginez, "aurrera doan herria"-ren gezurkeria agerian uzteko. Egundo egin den lanik handienarekin lurra zuloz bete gura dioten erabakitzen uzten ez dioten herria da hori, hain zuzen.
Pako, badago bestalde, dakizun bezala, "egun ez dago ezkerrik ez eskumarik" leloaren ostean izkutatzen den jende ugari. Horiexek dira, hain zuzen eta kasualitatez, beraien poltsikoa mesedetzeko ez den ezertan sartzen ez direnak. Argi dago oso bestelako trenean bidaiatzen dutela.
Duintasunaren trena, oraindik boterearen nagusikeria burdinbidetik atera dezakeena, euskal gizartearen benetako beharrak, paisajea, fauna, ubideak... baloratzen dituena, Legutiotik igaroko da igandean. Bestea, AHT-a, Aldaketa Handien Trena, lehen abiadura handikoa zena eta orain "prestazio" handikoa, lehen hiruburuetan baino ez zuena gelditu behar eta orain agian bi geltoki gehiago izango dituena -bi, a ze pagotxa!-, lehen bidaiariak baino ez eta orain salgaiak ere garraiatuko omen dituena -lau pakete baino zerbait gehiago?-, hori laster abiarazi nahi dute Legutio ingurutik. Horrexegatik ekin behar diegu mobilizazioei.
Ezin dugu itxaron lanak geure herrira ailegatu arte, Zubialdeko Maritxuri baserria suntsituko diotela edo izeko ortu barik utziko dutela ikusi arte. Tren honek gure lurrak hondatu dituela zuzenean antzeman arte zain bagaude, berandu izango da geldiarazteko.
Pako, zatoz igandean Legutiora. Eguerdian abiatuko gara eta txartela atera dizugu.
|