2006/09/04
Tren Sozialaren alde, AHT-rik ez!

Azpian sinatzen dugun mugimendu sozial, sindikatu eta alderdi politikook Euskal Herriko trenbide sare sozialaren garrantzizko hobekuntzarako eta mantentze publikoaren alde aurkezten gara.

Hau da, Tren Sozialaz adierazi nahi dena eraginkortasuna eta kostu egokia kontuan harturik, pertsonentzat eta salgaientzat beharrezko den eguneroko garraioaren zati garrantzitsu bat bere gain hartzeko gai izango den trenbide sarea da. Tren Sozial honek Euskal Herriko barne lotura bultzatuko du, Europako beste lurraldeekin komunikazioa erraztuko du eta gainerako garraio azpiegiturekin koordinatua egongo da. Gainera, garraio publikoaren parte izatea ezinbestekoa da eta gizarte osoaren beharren zerbitzura egon beharko du. Baita ere, biztanlegoaren eguneroko jarduerak (besteak beste eskola, lana, merkataritza, zerbitzuak, kirolak eta aisia) gure herri eta auzo barnean eta ahalik eta gertuena antolatzea beharrezkoa da. Era honetan, iharduera hauek eskatzen dituzten ibilbideak oinez egin daitezke. Eta ondorioz, mugitu beharra jaitsiko duen lurralde antolaketa berri baten baitan txertatuko da. Bestalde, Tren Sozial honek herriak, eskualdeak eta lurraldeak elkartzen lagunduko du. Horrela, errepideko garraioaren benetako alternatiba bilakatuko da eta gaur egun errepidea erabiltzen duten pertsona eta salgaiak trenbideetara pasatu ahal izango dira, alegia. Baita ere, garapen osoari lagunduko dio, ingurumenaren errespetuan oinarrituko da, eta munduko gainerako herrien garapenarekin, batez ere herri txiroenen garapenarekin, bat etorriko da. Horretarako Tren Soziala orain arteko trenbideez ahalik eta gehien baliatuko da. Eta, beharrezko denean, bide horiek zabaldu eta hobetu egingo ditu. Beti ere, behar-beharrezko diren trenbide berriak, eztabaidaren ondotiko jendartearen oniritziarekin egingo dira. Eta trenbide berrien eraikuntzaren eta mantentzearen kostu ekonomikoa, ekologikoa eta energetikoa trenbideok eskainiko duten zerbitzuarekiko proportzionala izango da. Begi-bistakoa da Abiadura Handiko Trena, -bai EAE-ko "Y grekoa" proiektua, Nafarroako Korridorea eta Iparraldeko balizko diseinua- egun planteatzen diren abiadura, trazatua eta eskuragarritasun mugatuarekin batera ezina dela proposamen honekin. izan ere, AHT ez dator bat hemen aipatzen diren baldintzekin. Bere ordez, proposatu dugun Tren Sozialaren proiektua, beharrezkoa ez ezik erabat bideragarria da aipaturiko irizpide guztien arabera. Horregatik guztiagatik, auzi honetan eskuduntza duten erakundeei hauxe eskatzen diegu: Euskal Herriaren etorkizunerako Tren Soziala, idazki honetan aipatutako baldintzetan (eta gerora sor daitezkeen beste zenbaitetan) oinarriturik, lehenbailehen berraztertu eta burutu ahal izateko elkarrizketa gogoa azaltzea eta beharrezko den ahalegina egitea. Eta, bitartean, trenbide praktiko, eraginkor eta gizarte, ekonomi, energi eta ekologi ikuspegitik bideragarri izan daitekeenaren proiektua oztopatu dezaketen AHT egitearen aldeko iharduerak geraraztea. Angiozar Batzarra, Aralar, Batasuna, CGT, EAE-ANV, Eguzki, EHNE, EKA, Ekologistak Martxan, ELA, ESK, Ezker Batua-Berdeak, Gezia Fundazioa, Grupo Ezkio-Itsaso, HIRU, Kalapie, LAB, Lurra Deialdia, STEE-EILAS, Zutik.



inprimitu