|
09/06/2006
Agudo, agudo! Bai, baina... nora? Bea Arana (AHTren Aurkako Asanbladako kidea).
Euskal Herria menperatzeko saiakerak zenbaezinak izan dira historia osoan zehar. Inperio ezberdinek gure herria asimilatzeko ahaleginak egin dituzte behin eta berriro. Gaur egun bertan, askoren ustez gu ez gara existitzen herria bezala.
Baina denok dakigun legez, erasoaldi guztiei oldarki egin diegu aurre eta gaur egun arte bizirik jarraitzea lortu izan dugu. Arriskua nondik zetorren jabetzeko usainmen berezi bat erabili dugu beti. Horretaz gain ausartak gara, gure herria maite dugu eta sasoian gaude. Horrexegatik nahiko genuke mende luzez gehiago bizkor bizirautea.
Dena den eraso inperialistak ez dira inoiz eten. Hauen helburua gurea bezalako herri eta kultura txikiak mapatik ezabatzea izan da eta izaten ari da. Izan ere, gure herriaren biziraupena mehatxatzen duen arriskurik larriena atarian dugu.
Europan iraultza industriala eman zenean munduan barrena interbentzio handi bat martxan jarri zen. Akumulazioarekin hasitako jendarte jerarkizatuaren eredua finkatu zen. Hiriguneen handitzearekin batera erregai eta lehengaien beharra izugarri handitu zen eta XX. mendean bere muturrera joan zen zientzia eta teknika bitarteko, petrolioaren erabilera erraza lagun.
Hau guztia iraunarazi nahi duen imperio beldurgarri eta zapaltzaile baten mehatxua gainean dugu. Herensuge erraldoi baten antza du gure bizitzan, gure buruan eta gure bihotzean sartzen ari den imperio honen itzala. Abiadura Handiaren Inperioa.
Jendarte eredu zehatz batekin dator. Gutxi batzuk diseinatutako bizimodua gehiengo bati ezartzen diote. Gutxiengo baten interesak guztionak direla sineztarazi nahi digute. Propagandarako duten tramankuluei esker maiz lortzen dute jende askok pentsatzea beraien nahiak, ametsak eta desioak bat datozela handi mandien nahiak, desio eta ametsekin.
Baina herensuge honen bihotza gugandik oso urrun dago. Bruselan, hain zuzen ere. Olio, agro kimiko, botika eta kotxeak ekoizten dituzten entrepresen bihotzean daude herensugearen taupadak. ERT, edo Industrialen mahai Inguruak, Europar Batzordeari agintzen dio zenbat km. azpiegitura eraiki behar dira Europan. Hain zuzen ere, 30.000 abiadura handiko km. eta 12.000 km. errepide agindu zion duela urte batzuk. Eta noski, monstruaren asmoak betetzen ari dira.
Herensugeak morroiak edonon ditu. Hemengo jauntxoek, hots, sozial demokrata espainolek, estatutista baskongadoek eta foralista nafarrek bere asmo suntsitzaileekin bat egiten dute.
Gainontzeko inperioek egiten duten bezala, gezurretaz eta ejerzitoaz baliatzen dira beraien asmoak inposatzeko.
Abidura Handiko Trena eta honekin batera datorren lurralde antolaketa (plataforma logistiko eta intermodalak, superportuak, eurohiria...) lurraldearen kohesiorako balioko dutela eta lanpostuak sortuko dituztela diote. Zalantzan jartzen dugu hau.
Horrelako azpiegiturek lurraldea bortizki zatikatzen dute eta dagoen baserri lur eskasa jaten dute. Gehienek merkantziak garrraiatzeko erabiliko dira eta hauen kopurua izugarrri ari da handitzen. Gaur egun 10.000 kamioik gurutzatzen du Irungo muga eta lau urte barru 25.000 iristera aurreikusten da. 280.000.000 tona merkantzia igaroko dute 2020 urtean. Kopuru hau, jasanezina izateaz gain bertako azokak eta lanpostuen desagerketa bideratzen du kanpotik ekarritako produktuekiko menpekotasuna sortuz. Gainera gure herria kultura, hizkuntza eta nortasuna nekez mantenduko lituzkeen pasabide luze bilakatuko zen egitasmo guzti hauek betez gero.
Sinesten dugu sinesten dugunez berriz Bolkestein direktibak ahalbidetzen duen esklabu merkeen garraioa erreztuko luketela azpiegitura hauek.
AHT ekologikoa dela diote. Baina gure datuen arabera, munstruo hau elikatzeko gas metano behar da eta honen ahalmen kutsakorra CO2rena baino 20 aldiz handiagoa da. Gainera, AHTk xahutzen duen energia 25.000 biztanleko hiri batek konsumitzen duenaren adinekoa da. Horretaz gain, ez dugu uste ere egingo lituzketen 400 km tunel, zabortegiak, akuiferoen suntsiketak, biaduktoak eta abar luze bat oso ekologikoak direnik.
Abiadura Handiko Trena kotxeen ugalketarako alternatiba izanen dela diote. Hau ez da egia.
AHTk hiriburuak besterik ez lituzke lotuko eta jendearen desplazamendu gehienak lanera joateko izaten dira. Gainera, mugikortasunaren beharra murrizten ez bada, gero eta azpiegitura gehiago beharko dira. Eta hauen ugalketarekin batera, eragindako trafikoaren fenomenoa sortzen da ("Tráfico inducido"). Eta aipatu bideak despejatuko balira ere, oso tentagarriak lirateke beste kotxeendako...
AHTk urrun dagoena hurbiltzen duen neurrian, hurbil dagoena urruntzen du. Hiri modernoen antolamenduak abiaduraren esklabu bihurtzen gaitu. Egunero izugarrizko distantziak zeharkatu behar ditugu lanetik, etxera, eskolara, erosketetara edota zinemara joateko. Ibilgailuen erosotasunerako bideak, jendearen helkortasunarentzako oztopo. Gainera abiadurak jendartearen estratifikazioa dakar. Alegia, antolamendu berri honetan kontsumitzeko dirurik ez duen jende asko baztertuta geratzen da.
Gainontzeko inperioek egiten duten bezala, ejerzitoa erabili behar dute beraein asmo estratejikoak ezartzeko. Hauek eraso belikoen itxura handia daukate. "Azkar" joateko irekitzen diren bideak eta eraikitzen diren azpiegiturek pertsonei duintasunez bizitzeko lekuak kentzen dizkiete. Eusko Jaularitzak eta PSOEk sinatutako protokoloaren ondorioz lurrak berehala expropiatzen hasiko lirateke Abadiñon, Atxondon eta Elorrion. Hau gauzatzeko indar militarra erabili beharko lukete zihuraski, jendearen borondateari muzin egiten dioten prozesu baten kulminazioa izanen liratekelako.
Gizakiok gero eta isolatuagoak gaude horrelako eskenatokian. Harremanak eta komunikazioa inoiz baino zailagoak dira eta indibidualismoarekin batera norberekoikeria areagotzen da. Euskal Herriari nortasuna eman dion izaera kolektiboa galtzeko zorian gaude.
Ez da nahiko garraio sistema kuestionatzea. Sistema produktibo eta ekonomikoa bere osotasunean kuestionatu behar dugu. Balizko hazkunde ekonomikoaren atzean dauden hutsuneak eta akatsak identifikatuz, ekonomiaren kosto izkutuetaz jabetuko ginateke. Hots, garraio sistema "azkar" honek ahalbidetzen duen explotazioa eta naturaren suntsiketa.
Mehatxu zahar-berri honen aurrean gure burua eta gure herria defendatu behar dugu. Abiadura Handiko Trenaren aurka borrokatuz gizartearen eraldaketa sakon baten aldeko apostu sendo bat egin beharko genuke. Inperialisten asmoei mozorroa kendu ahala, gure benetazko nahiak eta beharrak agerian geratuko dira. Etsaiak eskaintzen dizkigun goxokiak gure esklabutza eta menpekotasunerako direla kontutan hartuz, gure neurriko bizimodua eratzeko bidean jarri behar gara.
Eta larunbat honetan hitzordu bat daukagu Donostian, AHTren aurkako manifestazioan!!!!
|