2006/06/09
AHT-ren aurka borrokatuz independentzia lortuko dugu.

Inperio askok mehatxatu dute Euskal Herria historia osoan zehar baina gure herriak behar adina kemena erakutsi du beti zapalkuntzari aurre egiteko. Eta horri esker egun bizirik dirau. Gaur egun inperialismo kapitalistak bizi modu arrotz bat inposatzen digu eta horrekin batera jendarte eredu bortitza, berekoia eta produktibista eratzen du gure inguruan. Gure lurra, gure kultura, gure identitatea eta gure buruak kolonizatuak suertatzen dira. Mendeetan zehar pairatu dugun erasorik bortitzena ari gara sufritzen gaur egun.

Garraio azpiegitura erraldoiak eredu honen adierazlerik nagusienak dira. Horrexegatik, beraien aurka borrokatzen dugun bitartean, beste gizarte eredu bat guztiz ezberdina eratu behr dugulakoan gaude. Milaka kilometro bidaiatu duten produktuekin elikatzen gara egunero. Harrigarria bada ere, produktu hauek bertakoak baino merkeagoak izaten dira gehienetan. Nola ez dira izango bada! Beraien etiketetan ezin dugu irakurri ekoizleek jazan duten explotazioa edota ingurugiroak jazan duen kaltea. Horretaz gain, garraioa ia muxutruk izaten da. Oso gutxitan dakigu zenbat lanpostu eta ogibide suntsitu diren bidean. Hau dena ikusita, elikagai eta ekonomiaren burujabetza ia ezinezkoak direla ondorioztatu dezakegu. Azpiegitura pilo batek mehatxatzen du gure lurraldea. Errepideek eta autobideek, plataforma logistiko eta intermodalek, zentral termikoek, errauskailuek, superportuek, itsaspistek, Baiona-Donostia eurohiriak, eta abiadura handiko trenak Euskal Herria, nazioarteko merkantziak azkar garraiatuko lituzkeen pasabide bilakatu nahi dute. Burujabetza politikoa nekez gauzatzen ahal da textuinguru honetan. Nestle, British Petroleum, Renault eta Shell bezalako multinazionalek Industrialeen mahai ingurua osatzen dute. Lobby honek, hain zuzen ere, erabakitzen du zenbat kilometro azpiegitura eraiki behar dira Europan. Beraien irizpide bakarra, patrikak betetzea izaten da. Esan gabe doa prozesu honetan.gure herriak ez duela izan inongo erabaki ahalmenik. Lurralde antolaketa hau oso ondorio latzak izaten ari da. Gauza hurbilak inoiz baino urrunago daude gugandik eta gauza urrunak berriz eskura. Denbora aurreztea omen da helburu nagusia, baina gero beti presaka gabiltza leku batetik bestera, behar dugun tokira iritsi ezinik. Eskolatik lanera, aisialdigunera eta etxera joateko distantziak izugarri handitu dira azken urte hauetan. Mugikortasuna areagotzen da eta honek pertsonen isolamendua eragiten du: Honetaz gain, hausnarketarako aukerak, kultura, komunikazioa eta orohar giza harremanak pobretzen dira izugarri. Edozein komunitatek identitate kolektiboa galtzen duenean, berekoikeriak elkartasuna ordezkatzen du, indibidualismoak kooperazioa ordezkatzen du eta ondorioz, jendartea desegiten da. Herriaren identitatea mantentzea zail xamar egiten da baldintza hauen pean. Askotan esaten da Abiadura Handiko Trenak gaur egun errepideetan dagoen kolapsoa leuntzen lagunduko duela. Baina kontutan hartzen badugu merkantzien kopurua etengabe bikoizten dela, hau gezurra dela esan dezakegu. Izan ere, 2.000. urtean Irun eta La Junquerako mugetatik 140 milioi tona merkantzia igaro ziren; 2.020. urterako merkantzien kopurua 280 milioi tonakoa izango dela aurreikusten da. Beraz, AHT ez dator trafikoa murriztera, handitzera baizik. Zentzugabekeri hau hazkunde ekonomikoaren izenean egiten da. Baina hazkunde hau ez da ez mugagabe ezta dohainik ere. Guztiz kontrakoa. Aztarna uzteaz gain, izugarrizko ondorioak ditu. Euskal Herriko biztanle bakoitzak 4.66 hektareen baliokidea konsumitzen dugu, baina guri dagokiguna 1.9 da. Honi aztarna ekolojikoa deitzen zaio. Kontsumo maila ezberdinetan islatzen da hau. Adibidez Ipar Amerikako batek 2 Europarrek, 55 Hinduk, 168 Tanzaniarrek eta 900 Nepalik konsumitzen duten adina konsumitzen du. Neurgailu eta estatistika makro-ekonomikoek ez dute aztarna ekolojikoa islatzen. Islatuko balute, sistema ekonomiko hau errentagarria ez izateaz gain ikaragarri bortitza dela konturatuko ginateke. Gure kontsumo eredua ere bortitza da. Kotxeen ugalketaren ondorioz basoak desagertzen dira; urrundik garraiatutako arropak eta mikroprozesadoreak erosterakoan makiladoretan aritzen diren emakume eta haurren esplotazioa sustatzen dugu; sakeleko telefonoak fabrikatzeko ezinbestekoa den koltan minerala ustiatzeak hiru milioi hildako eragin du Congon multinazionalen esku. Eta abar luze bat. Beraz, gure herria eta gure planetaren biziraupena jokoan daude. Hau dela eta, Abiadura Handiko Trenaren aurkako borroka eta jendartearen eraldaketarako borroka batera joan beharko liratekeelakoan gaude. Euskal Herria independiente batean estatuek eta merkatuak ez lukete aginduko.



inprimitu