|
2006/05/23
AHT Gelditu! elkarlanak manifestazioa deitu du Ekainaren 10ean Donostian.
Abiadura Handiko Trenari (AHT) oposizioa erakusten dioten hainbat talde (LAB besteak beste) eta erakunderen arteko AHT GELDITU! Elkarlanak manifestazioa deitu du ekainaren 10ean Donostian, arratsaldeko 5:30etan Anoetako estadiotik abiatuta, Espainiako gobernuak zein Jaurlaritzak "euskal Y"-aren eraikuntza lanak abian jartzeko hartu duten erabaki larriari erantzuteko eta AHTren inposizioak jendartean eragiten duen desadostasun zabala adierazteko.
Euskal gizarte osoari deialdi zabala egiten diogu beraz, "ARRAZOI GUZTIAK DITUGU: AHT GELDITU!" lelopean egingo den manifestazio horretan parte hartzeko, arratsaldeko 5'30etan Anoetako estadiotik abiatuta. Herri mobilizazio indartsua bultzatu behar dugu, ingurugiroan nahiz gizarte arloan hainbeste kalte ekarriko lukeen proiektu suntsitzaile hori geldiarazteko Euskal Herrian energia nahikorik badaudela erakusteko. Hortaz, manifestazio honek AHTri oposizioa erakusten dioten gizarteko talde eta sentsibilitate guztiak bildu nahi ditu, atzerabuelarik gabeko ondorioak ekar ditzakeen erakundeen prepotentzia gertakizun honi erantzun sendoa emateko.
Ez da harritzekoa AHTak Euskal Herrian arbuio zabala jaso badu. Jende asko jabetu da egitasmo erraldoi horrek bai egituragatik "euskal Y" izenarekin ezaguna den proiektuak, eta bai Nafarroako korridoreak eta Frantziako gobernuak Iparraldean berriro sustatu nahi duen TGV linea berriak ere eragingo lituzkeen kalteen larritasunaz. Hain zuzen ere, gai honen inguruko sentsibilizazio eta oposizio adierazpen ugari jasotzen ari gara egunotan "AHT gelditzeko mila arrazoi daude: eman zeurea!!!" kanpainaren harira. Bakoitzaren arrazoiari bidea emanez, bakoitzaren konpromezua bilduz, Abiadura Handiko Trenaren inguruan jendartean dagoen desadostasun zabala argi eta garbi utzi nahi dugu. Beraz, AHT gelditzeko eskaerarekin bat egin dezazuen eskatzen dizuegu.
Gainera, AHTren inposizioa dela eta, egoeraren larritasunak borrokaren eta mobilizazioaren bidez erantzutea eskatzen duelakoan gaude. Obrak hastea onartezina da eta gogor salatzen dugu Espainiako gobernuak eta Jaurlaritzak indar-frogaren hautua egin dutela, AHTren auzian gizartean sortu den eztabaidari eta herri mugimenduari bizkar emanda. Egite kontsumatuen politika ezarri nahi dute berriz ere, herritarrei beste gizarte eta garraio eredu orekatu eta iraunkor baten oinarriak eztabaidatu eta erabakitzeko inolako aukerarik utzi gabe. Herriaren izenean jarduten dutela esaten dute, baina gehiengo soziala eta sindikala AHTren aurka agertu da. Gauzak horrela, obrak hasten badituzte, ez da inondik inora gatazka luze honen amaiera izango, AHTren aurkako oposizioa areagotu eta erradikalizatuko duen akuilu bat baizik.
AHTren aurkako mugimenduak erronka handia bezain garrantzitsua dauka, proiektu txikitzaile hori berandu baino lehen gelditzeko. Helburu hori aurrean, AHT Gelditu! Elkarlanak AHT geldiarazteko borrokan indarrak bateratzearen alde egiten du; hots, alternatiben auzian aniztasuna onartzen du, baina lehenengo eta behin, AHT gelditu, herritarrei erabakietan parte hartzeko ahalmen osoa itzuli, eta egungo garraio eta gizarte ereduari dagokionean eztabaida zabal eta eraldaketa sakon bati ekin behar zaiola eskatzen du.
Horregatik guztiagatik, AHT GELDITU! Elkarlanean biltzen garen sindikatuek, talde ekologistek, AHTren Aurkako Asanbladak, alderdi politikoek, udalek eta herri taldeek, ekainaren 10ean Donostian AHT gelditzea eskatzeko egingo den manifestazioan parte hartzeko dei egiten dugu. Behar-beharrezkoa izango da ahalik eta jende gehiena biltzea, AHTren inposaketari behar bezain ozen eta indarrez EZETZ esan diezaiogun, naturarekiko errespetuan eta justizia sozialen oinarrituko etorkizun baten alde. Zuen parte-hartzea espero dugu beraz eta manifestazioaren berri zuen inguruan ematea eskatzen dizuegu. Deialdia zabalik dago sostengua adierazi eman nahi dute talde guztientzat. Informazio gehiago nahi baduzue edota harremanetan jartzeko:
AHT GELDITU! ELKARLANA.
AHT GELDITZEKO MILA ARRAZOI DAUDE: EMAN ZEUREA!
Aberri txikia bai,
baina txikitua ez dut nahi.
Zertarako behar dut nik
hogeita hamar minututan
Gasteiz
hogeita hamabost liparretan
Donosti
berrogei zizpurutan
Bilbo
berrogeita bost aienetan
Iruņe?
Aberri txikia bai,
baina txikitua ez dut nahi:
Nora noake inora
neure buruari ihesi
arnasa non pausa ezin
"bultzi-leihotik"
gure lurraren
errai urratuari ez beste
so ilun eta muzin?
Aberri txikia bai,
baina txkitiua ez dut nahi:
Zer esango diet
ttarttaloei, laminei,
intxisuei, herensugeei,
sator-trenaren leihora
demandan datozkidanean,
iratzarri ditudala-eta?
Aberri txikia bai,
baina txikitua ez dut nahi.
Zer egin nezake?
Neure "Pentinm"a piztu
eta ez-ikusiarena?
Barnera beharrean,
sarean nabigatu?
(software, plugin, blog,
blue-tooth, e-mail post)
Aski ote esatea
"axola zait bost"
Anbotoko damearen
sugar-negarraz
ahaztekotz?
Ez. Aberri txikia bai,
baina txikitua ez baitut nahi.
Nahi dut dasta,
nahi dut josta
gure lurren karea
gure lautaden orea
gure gari-sailen horia
gure pentze-oihanen joria.
Nahi dut. Nahi dut
lur bizian bizi
itolarritik aske
erromes amoltsu,
lehiak denoi
bihotza leia
diezagun
baino lehen.
Aberri txikia bai,
baina txikitua ez baitut nahi.
Jose Agustin Arrieta Ugartetxea
|