2006/05/03
"Garapena, ingurumena eta enplegua" jardunaldia. Bizkaiko Batzar Nagusiak, maiatzaren 19an, 10:00 - 13:30. |
 |
Formazio eta ikerketa sindikaletarako IPAR HEGOA Fundazioak, GARAPENA, INGURUMENA ETA ENPLEGUA izenburupeko jardunaldia antolatuta, langileok kezkatzen gaituzten galderei erantzuna bilatzen lagundu nahi du. Esaterako, ingurumena gehiago babesteak lanpostuak galtzea ekarriko luke? Garraioa, nekazaritza, energia... hainbat sektoretan aldaketa handiak izan beharko dira ingurumena errespetatzen dela bermatzeko.
Gauza bera al dira hazkundea eta garapena? Zein da gure helburua? Garaturiko mendebaldeko hiritarrak garen heinean, borroka sindikala bizi-maila ala bizi-kalitatea hobetzera bideratu behar dugu? Aisialdia handitzea, lan osasuna zaintzea, ongizate fisiko eta psikikoa ahalbidetzea, ingurune fisiko osasuntsua babestea... behar beste baloratzen eta defendatzen ditugu? |
| Batzuetan, ez dago argi izaten bizi-kalitatea hobetzearen alde era koherentean egitea zer sustatzea den, zer lehenestea, zer baztertzea. Neoliberalismoak nahastu egiten ditu nozioak, kapitalaren alde eragiteko asmoz hizkuntza perbertitu, kontsumismoa bultzatu, eta Barne Produktu Gordina haztea edozeren gainetik jarri.
Beraz, jardunaldi honetan zeharo loturik doazen garapena, ekonomia eta ingurumena jorratuko ditugu. Xede dugun gizarte eta lan-harreman ereduan sakontzeko baliogarria izango zaigun gogoetari ekiteko gaiotan zeresanik duten bost lagunen partaidetza baliatuko dugu, goiz osoko jardunean eta eztabaidarako tarte zabala izango delarik.
ANTOLATZAILEA: IPAR-HEGOA FUNDAZIOA
· Agintzen duen ekonomia-sistemaren iraunkortasun eza. Ingurumen-politiken kostu eta onurak. Roberto Bermejo. Ekonomia Aplikatu I irakaslea EHU-n eta Bakeaz-eko kidea.
· Enplegua gizarte iraunkorrerako bidean. Garapenaren garrantzia eta esanahia. Jon Artetxe. LABen ingurumen arduraduna.
· Nekazaritza motak eta eraginak ingurumenean zein enpleguan. Helen Groome. EHNE.
· Euskal Zor Ekologikoa. Nork nori zor. Rosa Lago eta Marķa Asun Puente. Ekologistak Martxan-en zor ekologikoari buruzko batzordeko kideak. |
|