2006/04/21
Lurraren eguna: Lekeitio, apirilak 22.

Apirilaren 22an Lurraren eguna ospatzen da mundu osoan. Ama-lurra maite duten gizon-emakume guztiei dei egiten zaie proiektu bat zabaltzeko indarrak metatze aldera, Etorkizuneko Gizarte Akordio zabal baten inguruan, euskal habitataren garapen demokratiko bati begira, gure herrian bigarren trantsizio bat zabaltzeko aukera izateko, eta Lurraren aldeko eztabaida. Hasteko, zenbait sektoretako 100 lagunek sinatu duten manifestua abiapuntua baino ez da. Lekeition, eguerdian hasita, jai-giroan eta arratsaldera arte luzatuko delarik, egitarau eder eta parte-hartzailea izango dugu. Erdu!

LURRA: GURE AMAREN ETXEA DEFENDATZEKO DEIA Garraitz uharteko adierazpena. Lurraren Eguna-2006. 2000. urteko Munduko Lurraren Egunean, milurteko berriaren hasierarekin batera, gure herriko hainbat lurralde eta herri-sektoretako ehun lagunek agiri bat izenpetu genuen instituzioei luzapen bat eskatzeko ezin eutsizko garapenaren ereduari dagokionez. Izan ere, eredu horrek milaka urteko Euskal Herria Euskal Hiri bihurtzeko mehatxua egiten zuen, Euskal Hiri edo nortasunik gabeko lurraldea, gure izana, herri gisa, kapital espekulatiboaren interesen aldarean sakrifikatuko zeneko lurraldea, alegia. Ekonomi-, gizarte eta kultur garapenaren ereduari buruzko jendarteko eztabaida handi bat zabaltzeko eskatu genuen, lehenengo trantsizioan ez baitzen halakorik izan, globalizazio kapitalistaren ur nahasietan gaindi geure etorkizunaren lemari geure eskuekin eutsiz nabigatzeko aukera emango zigun eztabaida eskatu genuen, eta inposaketa jaso genuen. Herri interesak islatzeko eta taldea, kolektiboa, aintzat hartua izan zedin, parte-hartzeko tresna errealak sortu nahi izan genituen, eta "garapen iraunkorrean" inbertitu dute, baina hura marketing berde gisa ulertu behar dugu, herri ekimenen gaitasun hedakorrak indargabetzeko helburua duena, alegia. Sei urte honetan gure herrian dauden hainbat instituzioetatik eurek erabaki eta bukatutako egintzen politika besterik ez dugu jaso. Zornotzan, Itoitzen, Castejónen, Garoñan, abiadura handiko trenarekin, Eibar-Gasteiz autopistarekin, Super Hegoarekin, erraustegiekin, kostaldearen zementazioarekin, landa-munduko espekulazio masiboarekin, etxebizitza-politikarekin, merkataritza-gune handiekin. Gizarte eztabaidaren aurrean, inposaketa, inposaketa hutsa, larderia askotan gure herriak bizi duen gatazkaren atzean ezkutatua, egiturazko indarkeria, disidentziaren kriminalizazioa eta herritarrek benetan parte-hartzeko bide oro ixtea. Horiek horrela, adierazpen berri hau izenpetzen dugunok -eta beronekin bat egin nahi duten erakunde eta lagun guztiek- beren ama-lurra maite duten gizon-emakume guztiei dei egiten diegu proiektu bat zabaltzeko indarrak metatze aldera, Etorkizuneko Gizarte Akordio zabal baten inguruan, euskal habitataren garapen demokratiko bati begira, gure herrian bigarren trantsizio bat zabaltzeko aukera izateko, eta "Lurraren aldeko eztabaida. Beste garapen-eredu bat posible eta premiazkoa delako" izeneko agiria, 2002ko Johannesburgoko Mundu Gailurrean NBEren aurrean aurkeztu zena, oinarri hartuta. Deialdi honetatik sektore aurrerakoi guztiei, herrien autodeterminazio eskubidearen alde egiten duten sektoreei elkargune bat eskaintzen diegu Euskal Herrian bigarren trantsizio bat egite aldera lan egiteko. Bigarren trantsizio horren ardatza herri honetan bizi eta lan egiten dugunon gizarte premiak eta eskakizun sentituak izango dira, naturarekiko ituna, gure hizkuntzaren eta kulturaren aldarrikapena, eta lurreko herri pobretuekin dugun zor historikoa aitortzea, horren guztiaren aurrean kapital transnazionalaren interesen erregionalizazioa -desarrollismo-aztarnaduna-, deslokalizazioa eta kultur uniformizazioa ditugula. Lurrak menia bat behar duelako, eta orain bereziki, gure herriarentzat itxaropenez betetako prozesu batek aurrera egin nahi duenean, beste kultur-, gizarte, ekonomi-, garapen eredu baten alde apustu egiten duten lagun eta erakundeak deitzen ditugu sinergiak bilatzeko, elkarguneak bilatzeko gizarte-justizia, askatasun kolektiboa eta nazioarteko elkartasuna biltzen direneko eszenatoki baterantz egiteko aukera izateko. Defenda dezagun lurra gure amaren etxeari zutik iraunarazteko. GARRAITZ UHARTETIK GARRASIKA Garraitz uharteko adierazpena zabaldu dogun egun honetan, garapenaren garrantzia jatorte burura. Ez da harritzekoa: hitzetik hortzera baitabil garapen iraunkor berba. Baina, arren, ez nahastu. Garatzea ez da urtero Europan baino bi bider lur gehiago artifizialtzea, ez da urtetik urtera gero eta udalerri gehiagotan oso aire kutsatua arnastu behar izatea, ez da gure erreka eta itsasoak lohitzen jarraitzea. Garatzea gizaki eta gizarte moduan hobetzea da, aurrera egitea ongizate mailan eta bizi kalitatean. Garapenak dimentsio integrala du eta barne hartzen dauz hainbat kontu: lan duina izatea, aisialdi tarte zabala, errenta maila nahikoa, harreman pertsonal egokiak, ingurune fisiko osasuntsua, etab. Enpresario eta agintari gehienen ustez hazkundea da garrantzitsuena. Poltsikoetan euro gehiagorentzako lekurik euki ez arren. Lurraren mugak gainditu arren. Horren kontziente izan behar dogu danok. Baita sindikalgintzan ari garenok ere. Hemeretzigarrren mendean, Manchesterren, Engels gazteak langileen egoeraz idazten ebala, urkien tximeleta gehienak zuriak ziren. Beltzak, %1 baino ez. Zuriak ederto kamuflatzen ziren enborraren koloreagaz nahastuta. Berrogeita hamar urte geroago, %90 beltzak ziren. Baina arriskuan hegoazanak, orduan, zuriak ziran, ikatzaren keak urkien enborrak belztuta eukazan-eta. Selekzio naturala. Engelsek ez eban bestelako ondoriorik atara. Beste batzuk bai: kutsaduraren ondorioz tximeleten kolorea aldatzeaz gain, langileak hiltzen ziren biriketako minbizia zala eta. Hemen, gaur, antzeko arriskua dekogu. Haraxeago be ikusi behar dogu. Bigarren trantsizio hau ezin dogu hankamotz eraiki. Garai beltzak atzean utzi eta argiagoak eraiki deiguzan. Moreak, bai. Gorriak bere bai. Baina baita berdeak bere. Horretarako behar doguz instituzio gardenak, prozesu parte-hartzaileak, lurzale gartsuak. Harreman bat eteten denean ondo pentsatu behar da barriari ekin aurretik ze lotura gura dogun; Gartzelak hustu eta trantsizio berria ei jatorkunean, ama lurrari entzutea eskatuko neuke nik. Berari lotzea. Bera bako ezteiak ez garamatza inora. Bera barik... ezkondu eta garbatu. Jon Artetxe.



inprimitu