|
Trenbide Sozialerako Sareak garraioaren etorkizunerako irizpide eta estrategia proposamena aurkeztu du.
Trenbide Sozialerako Sareak Euskal Herriko garraioaren analisia aurkeztu berri du, zenbait eragile eta adituren ekarpenekin osatutako dokumentu aberasgarrian. Bertan egoeraren diagnosia eta etorkizunerako irizpide eta estrategia proposamenak daude.
Euskal garraio sistemak plangintza integraturik eza du ezaugarri, batetik eskumen nahikorik ez dugulako eta bestetik eskumenak oso sakabanatuta dagoelako. Horri gehitu behar zaio garraioaren izugarrizko hazkundea, ekonomiaren gainetik joan dena, baita errepideak duen nagusitasuna. Batez ere azken arrazoi honen ondorioz, ingurumen-eraginak, eta kalte sozial eta ekonomikoak zeharo handitu dira: metaketak, emisio kutsakorrak, galdutako landa-lurrak, kontsumo energetikoa, lurralde zatiketa, baliabide ekonomikoak azpiegitura berrietan xahutzea, etab. Besteak beste, milaka lagun hiltzen dira Euskal Herrian urtero, ibilgailu pribatuek eta kamioiek sortutako ilarak izugarri areagotu, aztarna ekologikoan garraioak duen pisua handitu.
Pertsonen mugikortasunari dagokionez, aurkeztutako dokumentuan zehazten da joan-etorri gehienak lana eta ikasketengatik direla, eta gainera eskualde barrukoak. Horren ondorio argia da AHTk ez lukeela ezer konponduko. Gainera, AHTk ezin duenez salgairik garraiatu, eskaria argia da: egitasmoa gelditu beharra dago.
Sarearen ustez Euskal Herriko instituzioek egiten dituzten garraioaren etorkizuneko azpiegitura beharren aurreikuspenak ez daude estatistika oso, fidagarri edo kontrastatuetan oinarrituta. Dokumentu honek bestelako garraio eta trenbide ereduaren alde egitea posible eta ezinbestekoa dela frogatzen du. Horretarako borondate politikoa behar da, azpiegitura baten ostean beste bat eraikitzeko egungo lasterketa eroa geldiarazteko, egungo kontsumo eredua ezbaian jartzeko, egungo kiribilarekin hautsi eta arrazionaltasun eta iraunkortasun sozial, energetiko, ekonomiko eta ekologikorako irizpideak ezarriko dituen garraio eta lurralde antolamenduari ekiteko.
Halaber, administrazio eta eragile sozial, sindikal eta politikoen arteko etengabeko eztabaida partehartzailea behar da salgai eta bidaiarien eguneroko mugikortasunari erantzuteko garraioaren inguruko akordiora heltzeko. Bitartean, AHT gelditzea eskatzen da, baita moratoria Euskal Herrian diseinu eta handitze fasean diren beste garraio egitasmo erraldoientzat ere.
Dokumentua Sarearen eta LABen web orrian irakur daiteke oso-osorik eta zenbait datuz eta grafikoz hornituta dago: ibilgailu kopuraren eboluzioa, merkantzien garraioa EAEn, garraiobidekako banaketa Nafarroan, Donibane-Lohitzune eta Biarritz arteko trafikoaren eboluzioa, aztarna ekologikoa sektoreka, mugikortasun hazkundearen banaketa garraiobideka, etab. Sarearen asmoa da instituzio, gainontzeko alderdi politiko, sindikatu eta abarri aurkeztea dokumentua, baita aldarrikapen sozialak orientatzea ere.
  · Txosten osoa 
|