2005/11/21
Datorren abenduaren 14an, LABek Ekoizpen Garbia: aurrerapausuak, oztopoak eta langileen interbentzioa lelopean mahai ingurua antolatu du Bilboko Alde Zaharreko Pilota kalean dagoen Burtsa eraikinean.

Ekoizpen zikinetik garbirako trantsizioak bestelako abiadura behar du. Egungo sistemak zenbait kalte eragiten ditu: klima aldaketa, lehorteak, naturaren suntsipena... lan osasunak pairatzen duena ahaztu barik, noski. Helburu dugun ekoizpen garbiak ezin du honela kutsatu, naturak har ezin ditzakeen hondakinak sortu, langileontzat toxikoak diren sustantziak erabili... Ekoizpen Garbia ezinbestekoa da natura-baliabideak ez xahutzeko, hondakinen sorrera murrizteko -batez ere arriskutsuena-, isurketa eta emisio kutsakorrik egon ez dadin eta pertsonen osasuna babesteko, bai langileona, bai inguruko biztanleena. Enpresetan ingurumena zaintzeari begirako sindikatuon esku-hartzea beharrezkoa da, batez ere 3 arrazoi hauengatik: Langileok gara lehen kaltetuak ekoizpen prozesuak kutsakorrak badira. Gure osasuna da gehien eskertuko dituena materialak, teknikak eta produktuak aurreratuak eta garbiak badira. Ekosistemak suntsitzea, hurbilekoak zein urrutikoak izan, industriak, garraioak eta ingurumenak hartzen duten norabidearekin lotuta dago. Hurrengo belaunaldiak bizitzea merezi duen Euskal Herrian bizi ahal izan daitezen, eskatu behar dugu enpresen jarduera garai berriekin bat etortzea galde egin ahal eta behar dugu. Halaber, ingurumen-plan, hobekuntza eta gertakariez informatu behar gaituzte, baita interbentzio sindikalerako bideak jarri ere. Azkenik, noski, zorrotz bete behar dute ingurumen-legedia. Lanpostuen egonkortasuna zeharo lotuta egongo da etorkizun hurbilean (horren sintomak hasiak dira agertzen) ingurumen hobekuntzekin, legeak betetzearekin eta Europar Batasunetik datozen irizpideak jarraitzearekin. Ildo honetan, aintzat hartzekoa da zenbait arlotako (papergintza, kimika, metalgintza, zementua, altzairugintza, beira, keramika...) Euskal Herriko 400 enpresa inguruk 2 urte baino gutxiago dituela emisio kutsakorrak murrizteko IPPC legeak agintzen duen moduan. Mintegira joateko baieztatu beharra dago lehenbailehen asistentzia 94 470 69 telefonoan.



inprimitu