2005/09/16
Boroako zentrala, nahitaez.
Jon Artetxe, LAB Ingurumena arloko arduraduna.

Agenda 21, iraunkortasunari buruzko mintegiak, herritarren parte-hartzea sustatu, energia berriztagarrien goraipamena... Horrelakoez orriak eta orriak betetzen direlarik, abuztuan, hau kasualitatea!, jarri da abian Boroako zentral termikoa. Alderdi politiko baten eta finantza-interes batzuen setakeriak aurrera egin du. Nahiz eta garai bateko industria sailburuak atzera egin behar izan ("Egitasmoak beste leku bat bilatu beharko du", esan zuen Imaz Jaunak) eta Bizkaia Energiak bere hitza jan: "Zentrala ez da eraikiko herriaren borondatearen kontra". Azkenik, abiatu da. Zornotzako 16.000 herritarretatik 13.500ek zentralaren kontra sinatu bazuten ere. Erreferendumean gehiengo handiak gauza bera bozkatu zuen arren. Nahiz eta 800 zornotzarrek alegazio formalak aurkeztu. Ez die axola izan herriaren borondateak, argi dago. Eta ingurumenak? Euskal Herrian diren gobernuek ez dute arazorik zentral mota honetaz ari direnean energia garbiaz hitz egiteko. Kontu bat da Pasaia eta Santurtziko zentral termiko zaharkituak oso kutsatzaileak izatea, eta bestelakoa Boroakoa "garbia" izatea.Egia esan, ziklo konbinatuko zentralek nitrogeno oxido kopuru handiak isurtzen dituzte (honek urtean 1.680 tona aireratuko omen ditu), baita karbono dioxidoa ere (2.700 tona urtean). Guztia hurbil egonda ikastetxeak eta etxebizitza guneak kilometro eskasera. Deitoragarria. Dagoeneko osasuna babesteko troposferako ozonorako legeak ezarritako mailak gainditzen dira Zornotzan, eta honekin areagotu baino ez dira egingo arazoak. Gainera, ustekabeko metano ihesek klima-aldaketa indartzen dute. Metanoa gas naturalaren ia osagai bakarra da, eta hogei urtera duen berotzeko ahalmena karbono dioxidoarena baino 56 aldiz handiagoa ei da. Kontuan hartu beharra dago aditu batzuen arabera gas-kateak %5eko galerak dituela. Ekonomia suspertzeari dagokionez, lanpostu asko omen ziren sortzekoak. Baina zentral mota honek ez du, hain zuzen, ezaugarri hori. Bai duen teknologiagatik, bai kanpotik ekarritako baliabidea delako, bai ezer gutxi maneiatu behar delako, elektrizitatea sortzeko diren moduetatik lanpostu gutxien sortzen dutenetarikoa da hau. Hainbat ikerketak frogatua dute energia berriztagarriek askoz onura handiagoa dakartela arlo honetan ere. Boroako zentralean, lanpostuena argudiotzat erabili zuten arren, azkenik 50 langilek baino ez dute jardungo. Beraz, 690 milioi euroko inbertsioa izanda, ez da oso errentagarria zentzu horretan. Hala eta guztiz, kezkagarriena da ez dela benetan egiten energia aurreztearen eta energia berriztagarri garbi eta ordezkoen alde. Horretaz ohartzeko nahikoa da behatzea zenbat igo den elektrizitate kontsumoa, gobernuen eraginkortasunik eza berau geldiarazteko eta ziklo konbinatuko zentralak zenbat areagotu diren. Abian dira Zierbenan, Zornotzan, Santurtzin eta Kastejonen. Gutxi balira bezala, azken bi horiek handitu nahi dituzte eta berriak eraikitzeko planak ere badira: Lemoizen, Pasaian, Zierbenan... Helburuak: energia saltzea eta etekinak handitzea. Horretarako geure osasunaren gainetik pasatu behar badute ere. Luze barik sinatuko du Zornotzako Udalak Europako Hiri eta Herri Iraunkorren Aalborgeko Gutuna, kontraesan argia izango dena bere jarduerarekin. Izan ere, hauxe dio Gutunak 1.10 puntuan: "Energia-iturri berriztagarriak dira irtenbide iraunkor bakarrak". Honako hau ere badio Aalborgeko Gutunak: "Herritar eta talde interesatu guztiek izango dute lekuan lekuko prozesuetan erabakiak hartzeko aukera". Euskal udalerri ugarik Aalborgeko konpromisoak bere egin dituela ikusita, herritarren parte-hartzearen azken ukazioa ote Zornotzakoa?



inprimitu