|
2005/06/27
Ingurumen eguna: ez dago zer ospatu - Jon Artetxe, LAB Ingurumena. Ekainaren 5ean ingurumen nazioarteko eguna ospatzen dela dioskue albistegiek. Ospatu, ospatu... Euskal Herriko ingurumenaren egoera eta norabidea ikusita, nik neuk bestelako aditzen bat bilatuko nuke.
Dugun erronkarik handiena, klima aldaketa geldiaraztea, porrot ari da egiten. Urtetik urtera Negutegi Efektuko Gasak (NEG) Kioton hitzartutakotik gora hazten dira. Salbuespena Iparraldean dugu, zeren eta Estatu frantzesean 2002ra arte %1,9 jaitsi ziren emisioak, sinatutako %0ren azpitik beraz. Hegoaldean, ostera, gainbehera nabarmena da: 1990etik 2004 arte %48,9 igo dira Nafarroan eta %30,5 gainontzeko herrialdeetan. Baina, non dago kutsadura mota honen jatorria? Azter dezagun, bada. Arloka, energia, garraioa eta industria dira kutsatzaileenak.
Energiari dagokionez, nahiz eta orokorra den eraginkortasunaren eta aurreztearen garrantzia, enpresa erraldoien interesek iraunkorrak ez diren jardueretara bultzatzen dituzte agintariak. Santurtzi eta Pasaiako termikek 2008rako ixtea baztertzen duten artean, dagoeneko 7 gas zentral termiko ditugu abian eta beste 3 oraindik egitasmo direnak, bi Kastejonen eta bestea Lemoiz edo Pasaian ziur aski. Hiritarren eskaerari erantzuten al diote? Inork uste du horrela emisio kutsakorrak murriztu egingo direla? Bestalde, ezin dugu ahaztu Garoņaren mehatxua. Tamalez, badirudi PSOEk hauteskunde kanpainan agindu zuen itxiera ezerezean ari dela geratzen.
Garraio arloan, egoera are kaskarragoa da. NEG emisioak %85 hazi dira 13 urtean. Hamarkada batean 9000 hektarea baino gehiago artifizialdu dira, batez ere garraio azpiegituretarako. Hala eta guztiz, instituzioek errepide berriak eraiki nahi dituzte: Supersur, Pirinioetako autobia, Durango-Beasain,
Donostia ingurukoa... porlanak jan egiten digu lurra. Errepide berriak eraikiz ez da ataskurik konponduko, lozorroan zegoen eskaria aktibatu baizik. Horrela arazoa larritu besterik ez da egiten. Kaltetuen artean, denon osasuna: trafikoak eragindako kutsadura, esekiduran diren partikulak hain zuzen, 5 m/m3 murrizteak saihestuko luke 800 heriotza goiztiar Euskal Herrian. Zoritxarrez, 2003an airearen kalitatea neurtzeko 20 estaziotan giza osasuna babesteko muga baloreak 35 aldiz baino gehiagotan gainditu ziren.
Industriari dagokionez, ekoizpen garbiago baterantz doan bideari ekin zaion arren, onartu beharra dago Europako herririk aurreratuenetatik urrun gaudela oraindik Horren adibide dira iaz ibaietara egindako isurketen ondorioz ireki ziren ehundik gorako espedienteak. Gehiegi dira oraindik lehe hausturak, ingurumen beharrak saihesten dituzten enpresak, baita jarduera okerrak zuzentzeko instituzioek ezarritako epeen arruean entzungor egiten dutenak ere. Gero eta hondakin gehiago sortzen da, gero eta natur baliabide gehiago kontsumitu. Ziurtagiri ugari lortu diren arren, ingurumenari egiten zaizkion presioak ez dira nahikoa murrizten. Zalantzarik gabe, ekoizpen eredu gisa helburu dugun ekologia industrialerako bideak erritmo arinagoa behar du.
Bestela, jango gaituen mamuari ematen ari gatzaizkio jana. Honela jarraituz gero, esana digu Klima Aldaketarako Gobernuarteko Taldeak itxaso mailak gora egingo duela, natur hondamendiak areagotuko, giza osasuna larri kaltetuko...
Carmelo Bengoetxeak, Eusko Ikaskuntzaren Garapen Iraunkorrerako Programa Buruak, zera dio, garapen iraunkorra politikarien menpe dagoela, beraiek baitute beharrezko aldaketak bultzatzeko almena. Guk, behintzat, era ausart eta arduratsuan ekiteko eskatzen diegu, bai instituzioei, bai enpresei. Langileek zein hiritarrek orokorrean eginbehar hau zailtzen duten ohiturak aldatuz lagunduko dutelakoan gaude. Horretarako ezinbestekoa da esparru guztietan sustatzea gizartearen esku-hartzea, giza-eragileak aitortzea eta ingurumen osagaia arloko politika guztietan aintzat hartzea. Ondoren ospatuko dugu ospatu beharrekoa.
|