| |
2. Lan merkatua
Lan merkatuan gazteok bizi dugun egoeraren oinarrian prekarietatea aurkitzen dugu. Prekarietatea, lan baldintza konkretu batzuk baino, lan merkatuaren izaera eta egituratze guztia bustitzen duen errealitate gisa ulerturik.
Prekarietate egoera edota errealitate hau ez da kasualitatea, ez eta ekonomiaren gorabeheren ondorio logikoa. Egoera hau sortu eta honek irauten baldin badu, atzetik benetako interesak daudelako da, argi eta garbi. Baina nor da egoera honetatik etekin gehien ateratzen duena? Enpresaburuak, noski. Enpresaburuei egoera honi eusteak, irabazien igoerarekin batera, gastuen murrizketa suposatzen die. Gure bizi baldintzek okerrera egiten duten heinean, beraien etekinak goranzko prozesuan dabiltza.
Baina badago etekinen igoeraz gain, prekarietatearen beste funtzio bat ere. Langileak menperatzea, hain zuzen. Langileak menperatzeko apustu honetan, hala ere, sistemak bide eta mekanismo ezberdinak dauzka aktibatuta, hau eginkor bideratzeko asmoz. Langileon zapalkuntza estrategia hau batez ere bi norabidetan gauzatzen da: alde batetik langileon eskubideak murriztu, eta beste alde batetik langile klasea zatikatu.
- Eskubiderik gabeko klasea bilakatu nahi dute euskal langileria. Urteetako borrokaren ondorioz eskuratutako garaipenak deuseztu eta atzera pausuak suposatzen dituzten neurri eta baldintzak inposatu nahi dizkigute. Horretarako, oinarri edo eta helburu berdinaren mesedetan, prekarietatearen hedapenerako bi fronte irekitzen ditu sistemak. Prekarietatearen hedapen formala eta formala ez dena, hain zuzen ere. Prekarietatearen hedapen formalarekin, lege eta erreforma ezberdinen bitartez prekarietatearen sistematizazioa eta normaltasuna bilatzen duten. Beste alde batetik, formala ez den hedapenaren bidez, egunerokotasunean, mehatxu eta presio ezberdinen bitartez onartzera beharturik gauden errealitatea litzateke. Formalki legeek bere gain hartzen ez baldin badute ere, egunerokotasunean errealitate bilakatzen da (kaleratzearen mehatxupean askotan egitera beharturik aurkitzen garen egoerak, ordu estrak, kobratu gabeko orduak, segurtasunik gabeko lanak, igandeak...)
- Langile klasea zatikaturik, edozein borrokatan ezinbestekoa den antolakuntzarako eskubidea baldintzatu nahi dute. Azken finean, divide y vencerás esamoldea lan merkatuan aplikatzeaz hitz egiten ari gara. Horretarako, arazoen indibidualizazioak bilatzen dituzte, langileak modu estrukturalki zatikatzeko. Horretan berebiziko papera jokatuko dute bitartekaritza enpresek (ABLEek), langileria zatikatzearekin batera, lan harreman eredu neoliberalaren sinbolo bilakatu direnak. Testuinguru honetan, ugariak izan dira enpresa hauen desagertzearen alde irekitako borroka zein dinamikak. Aipagarria da gazte mugimenduak lan honetan jokatutako papera. Azken finean, legeen bitartez enpresa hauek normalizatzeko apustua egin zutenek (PSOEren gobernuak) bere jokaldia zapuztuta ikusi dute herri honek erakutsitako onarpenik eza dela eta. Honen guztiaren aurrean, badirudi sistemak bere apustua birmoldatu beharra ikusi duela, estrategia berdinaren baitan beti ere. Hortxe kokatu daitezke, bai ABLEen kontratazio bidezko soldatak enpresak zuzenean kontratatzen dituztenekin parekatzea, edota jada horren desprestigiatuta dauden ABLEak bigarren plano batetara pasatzea, funtzio berberak bete ditzaketen bestelako ereduak indartuz, azpikontratak kasu.
Prekarietate egoera hau lan merkatuan orokorturik dagoen fenomenoa izan arren, ukaezina da panorama honetan emakumeena eta gazteena direla sektore kaltetuenak. Zergatik?
Prekarietate egoera horren berma nagusia momentu honetan kontratazio ereduan kokatu beharko genuke, kontratuan definitzen baita lan merkatuan izango dituzun iraupen, eskubide eta lan baldintzak.
- Behin-behineko kontratuak. Gaur egun egiten diren kontratuen %90 baino gehiago behin-behinekoak eta prekarioak dira. Kontuan hartuta gaur egun lan merkatuan integratzen ari diren sektoreak emakumeak eta gazteak garela, zuzenean eta espezifikoki ukitzen gaituen arazoaz hitz egiten ari garela esan genezake, arazoa emakume gazteen kasuan are larriagoa izanda.
- Kontratu espezifiko eta estereotipatuak. Gazteontzako geuretzako diseinatutako kontratu prekarioak: praktika kontratuak, formakuntza kontratuak, bekak, e.a.
Emakumeon kasuan, lan baldintzak orokorrean prekarioagoak dira zeren batez ere zerbitzu sektorean egiten baitugu lan (baldintza eta soldata okerrenak dauzkan sektorea) eta horrez gain kategoria baxuenetan kokatuta gaude. Emakumeoi gainera, zenbait estereotipo sexista ezartzen zaizkigu gorputza eta hartu beharreko jarrerei buruzko exijentziak direnak eta lanarekin zerikusirik ez dutenak.
Beraz, argi eta garbi ikus dezakegu gazteok, eta bereziki emakume gazteok bizi dugun egoera larriaz mintzatzen garenean ez garela hutsetik abiatzen, baizik eta estrukturala bilakatu den arazo erreal batez hitz egiten ari garela.
|
|