|
2006/04/12
Prekarietateak hil egiten du. Gure duintasuna, gure osasuna defenda ditzagun. Apirilak 27: "Síndrome laboral" pelikularen emanaldia eta eztabaida.
Kukutza gaztetxean, Errekalden arratsaldeko 7:30ean.
Lan istripu eta gaixotasunak ez dira kasualitate kontua, baizik eta laneko baldintza eta egoera kaskarren emaitza zuzena. Istripuen eta osasun kalteen zergatia ezagutzen dugu, arrisku horiek ekiditeko zelako neurriak hartu behar diren ere ezagutzen dugu eta, hala ere, ez da prebentziorik egiten.
2005eko datu lazgarriak konprobatzea besterik ez dago enpresetan prebentzioa egiten ez dela egiaztatzeko: 123 hildako lan istripuetan, 657 istripu larri eta 5.626 lan gaixotasun aitortuak.
Industrian eta eraikuntzan usuegia da istripu arriskua eta, honekin batera, ondorio larriak edo heriotzak ere suertatzea: egoera txarrean dauden makinak, segurtasun dispositiborik eza, zamak etengabe erabili behar izatea, mugimendu errepikatzea, gorputzaren jarrera bortxatuak, produktu kimiko arriskutsuak, e.a. Honek guztiak hainbat eta hainbat gaixotasun sorrarazten ditu, hala nola, hezur eta muskuluetako lesioak, minbiziak, anputazioak...
Arrisku ezberdinak, baina ez garrantzi gutxikoak, suertatzen dira zerbitzu sektorean, merkataritza, banka, ostalaritza, irakaskuntza, osasungintza, eta abarretan: lan zama etengabeak, arduradun edo nagusi inkonpetente eta autoritarioak, malgutasuna, lanpostuaren diseinu okerra, bezeroen edo erabiltzaileen gehiegizko eskaera, jazarpen morala...
Eta arriskuak eta konponbideak ezagutzen baditugu, zergatik ez da prebentziorik egiten? Ez da prebentziorik egiten patronalak bere irabaziak handiagotzea nahiago duelako langileen osasuna zaintzea baino eta administrazio publikoek ez ikusiarena egiten dutelako.
Honen guztiaren aurrean, lantokietan gure ekimenak indartu behar ditugu. Langile guztiei jakinarazi behar dizkiegu zeintzuk diren arazoak eta zeintzuk balizko konponbideak, guztiok parte hartu eta aurre egin dezagun. Hala ere, hau ez da nahikoa. Patronala salatu behar dugu, bera delako langileen osasun eta bizi galeraren erantzulea. Baina patronalaren konplizeak ere salatu behar ditugu: administrazio publikoa, prebentzio zerbitzuak, mutualitateak eta zerbitzu medikoak, hauen zeregina osasuna zaintzea izan arren, patronalaren interesen alde egiten dutelako.
|