2003/09/19
Hauteskunde sindikalak eta gazteria

Euskal gazteriak egungo lan merkatuan bizi duen babesgabeziak, sektore honek bizi duen prekarietate egoera iraunarazteaz gain, hau elikatu eta indartzea bermatzen du.

Sindikalgintzaren papera parametro hauetan kokatu beharra daukagu, eta hauteskundeak beraiek, sindikatuen arteko lehia batean baino, egoera honi aurre egiteko beharrezkoak diren mekanismoak aktibatzeari begira kokatu behar ditugu. Zentzu honetan, delegatuek enpresetan jokatu beharreko papera klabea da, eta bide horretatik gazteriak zuzenean eta aktiboki parte hartzea garrantzitsua eta ezinbestekoa da guztiz.

Hau horrela izanik, argi eta garbi ikusi ahal izan dugu hauteskunde hauetan, euskal gazteriak, lan merkatura sartu berri den belaunaldiak, bere egin duela apustua. Bere egin duela, azken finean, enpresa komiteetan, delegatu gisa langile klasearen interesen defentsan jarduteko erronka.

Langile klasearen belaunaldi berriek, euskal gazteok lan merkatuan bizi dugun errealitate gordinari aurre egiteko asmoz eta gure interesen defentsan aritzeko hautua jada hartua du. Duintasuna eta justiziaren aldeko borrokaren potentzialitatea eta indarra praktikan islatu izan da. Honek argi eta garbi erakusten digu egoera hau aldatzeko nahia, beharra eta eragiteko gaitasuna badagoela.

Beraz, argi izan dezala patronalak, argi izan dezatela enpresaburuek, beraien politika esplotatzaile neoliberalekin jarraitzeko asmoa baldin badaukate, aurrean izango gaituztela. Ez gaudela prest, euskal gazteriaren kontura beraien poltsikoak sendotu bitartean, kazike horiek ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitzeko. Eta gure kontrako erasoei erantzutearekin batera, justizian oinarritutako Euskal Herri berri bat sortzera goazela.



inprimitu