|
2003/09/19
Etorkizuna geurea da! Herri honetan kapitalismoak izandako bilakaera ez da etenik gabeko goranzko prozesua izan. Indarra badago. Tresnetan asmatzea eta hauei ahalik eta etekin handiena ateratzean
Egunero bezala, eguna bukatu eta munduan gertatzen ari denaren berri izan ahal izateko asmoz, albistegiari begiradatxo bat ematea otu zait. Ia berrogei minutuko sasi informazio bonbardaketa baten ostean zera pentsatu dut. Bueno, ezer berririk ez! Lan istripu bat Orion, ehun eta berrogei kaleratu Baraņainen, usteko krisi baten ondorioz ixtera beharturik egon den abarka enpresa bat Lapurdin, ezkutupeko merkatuan lan egiten zuen enpresa baten argitaratzea (zeinen langileen %90 emakumezkoak ziren), egindako kontratu berrien %98 behin-behinekoak dira.
Oso modu grafikoan, kapitalean oinarritutako sistema honek helburu argi baten mesedetan (irabazien hazkunde eta metaketa) aurretik edozer edo edonor eramateko eskrupulo gutxi daukala argi islatzen da datu hauen bitartez.
Gure herria, Euskal Herria, ez da salbuespena mundu mailan irekita dagoen apustu neoliberal honetan. Euskal Herrian, aspalditik,eta azkeneko urteetan are argiago, eskubideen murriztapen eta patronalaren eskutik etorritako eraso ezberdinen lekuko izan gara. Egia da ere, herri honetan kapitalismoak izandako bilakaera ez dela etenik gabeko goranzko prozesua izan; hor kokatu beharko genituzke urteetan zehar eredu justuago baten aldeko borrokak berak egindako urratsek (gazte mugimendutik abiatutako bizi baldintzen aldeko borroka, sindikalgintzatik langileen eskubideen alde irekitako borroka ezberdinak zein herriz herri ikastetxe, lantegi zein herriko txoko ezberdinetan egindako borroka eta garaipen ezberdinak). Maila batetan apustua bera baldintzatzea lortu dugu. Indarra badago, beraz.
Tresnetan asmatzea eta hauei ahalik eta etekin handiena ateratzean legoke gakoa ondorioz. Enpresak zein kalea borroka esparru gisa ulerturik, gazte zein langile indarrak metatuz, arriskatuz, ausardiaz, herri honen eraikuntzan estrategikoa izan beharko den formula da, beraz garatu eta gauzatu beharrekoa. Etorkizuna geurea da!
|