2004/09/21
Beste inmigrazio politika bat?
Mertxe Gómez, LAB Etorkinak Idazkaritzako arduraduna

Inmigrazio politika gaian, beste esparru batzuetan bezala,PSOEren gobernuak egindako beste fikzio-politika baten aurrean gaude. Itxurakeria besterik ez da eta ez dagoena saltzea eta eskaintzea baino ez (honetaz asko dakite La Naval-go langileek).

Horrela, azken egunotako albiste zaparrada ostean, baliteke pentsatzea inmigrazio politika birplanteatzea badela eta batez ere langile etorkinen lan eskubideak aitortuko dituztela. Gezurra!

Gogoratu beharra dago egungo Atzerritarrei buruzko Legea, PSOEren laguntzarekin PPren gehiengo absolutuak inposatu zuena dela (beste gai batzuetan bezala honetarako ere eskuin espainiarrak bere laguntza izan zuen). Lege hau mugimendu sozialak, etorkinen elkarteek eta sindikatuek errefusatu eta errefusatzen dute. Lege poliziala da eta inmigrazioa, ordenu publiko kontutzat jotzen du eta Barne Ministerioak kudeatua etorkinei oinarrizko eskubideak ukatzen dizkie.

Gainera, gaur egun Euskal Herrian, inmigrazio politika propioa artikulatzeko gaitasuna eta beharrezkoak diren tresnak ukatzen dira. Estatuak autonomi esparruei aitortzen die interbentzioa arlo asistentzialean eta oinarrizko zerbitzuetan. Eta honek, inmigrazio arloan benetako politika eraginkorrari heltzeko nahikoa ez den arren, estatuaren legislazioak sortzen dituen bazterketa sozial egoerei erantzuna ematera behartzen gaitu.

Atzerritarrei buruzko Legeak, 2003ko amaieratik indarrean dagoena, paperik gabeko atzerritarrei biltzeko eta manifestatzeko eskubideak ukatzen dizkie, eta baita grebarako eskubidea ere. Askotan esan dugu kalean Atzerritarrei buruzko Legea kaka hutsa dela. Bada, inmigrazio politikaren birplanteamendu gisa orain saldu nahi digutena, aipatu legea bere aplikaziorako garatuko duen araudiaren elaborazioaren aurreko pausua besterik ez da. Beraz, gauzak argi.

Itxaron beharko dugu araudiaren proiektua ezagutu arte- denon ahoan dago- hau guztia zertan geldituko den jakiteko. Aldez aurretik onartezina da pertsona kolektibo hau erabiltzea itxaropen faltsuak eta nahastea sortzeko; eta bitartean, beste aldetik patronalari lasaitzeko mezuak igortzen zaizkio, langile kolektibo honen defentsa eza egoeraz aprobetxatzen ari denean.

Planteatzen dena honako hau da: kolektibo honek bere egoera legeztatu ahal izango du bi urteko egonaldia egiaztatzen badu, bere enpresa salatzen badu eta gainera lan harremana gutxienez urtebetekoa izan dela erakutsi ahal badu. Horrela, afektatuei beraiei exijitzen zaie lan harremana egon dela egiaztatzea. Baina Atzerritarrei buruzko Legearen ondorioz estalitako ekonomian baino ezin da lan harremana gertatu.

Bi urteko egonaldia ziurtatzera behartuta daude, legea bera pertsona hauek erroldatzea ekiditen saiatzen denean; polizia udal erroldan sarbide zuzena izango duela mehatxupean. Enpresak betebehar fiskalak eta gizarte segurantza ordaindu ahal izango ditu eta isuna ekidin atzerritarra urtebetez kontratatzea onartzen badu. Norbaitek ezagutzen ote du lan ministro espainiarrak planteatzen dituen parametroen arabera dabilen lan merkatu eta patronalik? Betetzen ez duen enpresa salatzera behartuta daude afiliazio sindikalerako eskubidea ez duten pertsonak.

Gizarte segurantza eta betebehar fiskalak ez ordaintzeagatik enpresa salatzeko aukera ez da kontu berria, baina beldurra, defentsa eza eta traba legalak bezalako arrazoiek, ez dute bideragarri egiten aukera hau. Lan merkatu eta patronal birtualaren aurrean jartzen gaituzte. Gure galdera zera da, zer egingo ote duen Espainiako gobernuak lan ikuskaritzarekin, iruzur eta estalitako ekonomiaren kontrako borroka langile etorkinen esku uzten badu.

Benetako lan merkatuaren datu batzuk aztertzean, eta ez Caldera jaunaren fikziozkoa, 2003ko datuen arabera Hego Euskal Herrian, aldi baterako kontratuen % 35,8 ez zen hilabetekoa baino luzeagoa, %55,8 ez zen sei hilabetekoa baino luzeagoa eta %2,7 besterik ez zen 12 hilabetetara heltzen. Hau, ekonomia formalean!

Iruzurra ez den inmigrazio politikak, lan merkatu prekarizatua kolokan jartzea exijitzen du, eta horretan argi eta garbi asko lagundu du PSOEk bere lan erreforma neoliberalekin ( kaleratzea merkatzea, ABLEak, lanaldi malgutasuna, prestakuntza sozialak murriztea, etab). Bertan ekonomiak agintzen du eta dena merkantzia bihur daiteke; langileok enpresarien interesen esku gaude eta produkzio sistemak azpienplegu kuota eta lan esku merkea beharrezkotzat jotzen du.

Sindikalgintza abertzale eta klasekoak, Euskal Herrian bizi den atzerritarren kolektiboa antolatu eta afiliatzera animatu behar du, bere egoera administratiboa kontuan hartu barik. Prekarietate eta lan eskubideen debaluazioaren kontrako borrokak, guztion eskubideak orokorrean eta atzerritarrenak bereziki, denon parte hartze eta konpromisoa behar du.



inprimitu