|
2003/11/07
Ikusezinak eta eskubiderik gabekoak Lola Gómez, LABeko Nazio Batzordearen kidea
Pasa den abuztuaren 22an 37 urteko marokiar bat hil zen. Malagako estadio batean harmailak eraikitzen ari ziren Espainia eta Argentinaren arteko Davis Kopako partiduetarako eta bertatik erori zen. Egun horretan bertan, ekitaldiaren komite antolatzailearen arduradun batek ukatu zuen hildakoa muntaiarako kontratatuta zegoenik. Aipatu zuenez pertsona hori harmailetara hurbildu zen teknikariak lanartean zeuden bitartean. Esandakoaren arabera bere kabuz igo eta erori zen.
Lan-ikuskaritzak beranduago, Mustapha Marras ETT batek kontratatu zuela lau egun lehenago esan zuen. Hala ere, legez kanpoko langilea zenez ez zegoela eta ezin zela kontratu idatzirik egon. Horretaz aparte, ez zegoen erorketa arriskurako neurririk, ezta altuera ezberdinetarako sarbiderik ere. Hutsuneetan ez zegoen babesik eta segurtasun arnesik eta norberaren babeserako elementurik ere ez. Ez zen iskanbila ez haserre adierazpenik izan. Egun haietan komunkabideak oso lanpetuta zebiltzan Fermin Muguruza eta Manu Chaori egindako erasoekin. Hori guztia biktimen elkarte batek bultzatu zuen eta modu neurrigabean hedatua estatuan, Euskal Herritik datorren edo zerikusia duen guztiarekin gertatzen den legez.
Mustapharen heriotza isildu zuten komunikabideek. Ez ote da marokiar langilea terrorismoaren biktima izan? Terrorismo patronalaren biktima. Horrek etekinen pilaketa baino ez du bilatzen, lege eta besteen bizitzen kontura. Baina argi dago egon badaudela garrantzirik ez duten bizitzak.
Euskal Herrian azken urteetan, beste herrialde batzuetatik etorritakoen igoera gertatu da, batez ere Europar Batasunetik at etortzen direnak. Gehienetan pertsona hauek Latinoamerika, Maroko eta Afrikatik etortzen dira eta 25-40 urte bitartekoak izaten dira. Dena den gero eta adin txikiko gehiago hurbiltzen zaigu, berriz elkartze eta familiaren
Egonkortzeagatik.
Milioika pertsonak beraien jaioterritik alde egiteko dituzten arrazoiak oso ezberdinak dira, batez ere babes eta bizitzeko leku baten bila ari direnean: txirotasuna eta esplotazioa, gosea, gatazka politiko eta etnikoak, gerrateak, e.a. Aipatu behar da egoera honetan emakume asko dagoela. Haietariko askok etxe-zerbitzuan lan egiten du eta langilerik ahulenak dira.Horri kaleko salmentan jarduten duten etorkinen %5 gehitu behar zaio. Eta ezin ahaztu zenbatu ezin bada ere, prostituta kopuru altua; legez kanpo dauden prostituzio sareen gorakada kontuan izanik.
Paperik ez daukaten hauekiko jarrera, emakumeak esplotatzen dituzten mafia-sare, kezkarik gabeko enpresari eta aldi baterako lan enpresen aldetik nahiko antzekoa da. Horrela erakutsi du Mustapharen kasuak.
PP eta PSOEk ez dute inolako aukerarik ematen hauen egoera normaltzeko. Milioi erdi pertsona dira eta batez ere eraigintza, etxe-zerbitzu, ostalaritza eta nekazaritzan lan egiten dute. Horren ordez lege eta atzerritarrentzako erreformak onartzen dituzte. Hauen bidez ez da aldaketarik sumatzen 500.000 baino gehiago diren etorkin hauen egoeran. Pertsona ikusezin eta eskubide gabeko bihurtzen dituzte.
Baina guztiak kanporatu nahi al dituzte? Ez, inola ere ez. Helburua lan poltsa edukitzean datza. Eta normaldu barik dagoenez, laneskuko merkatu beltza egoteko bidea ematen du, kontratu, aparteko soldata, oporrik gabekoa.Orduko 3 euro baino gutxiago ordaintzen eta amaigabeko lanaldiekin,e.a. Sektore batzuetan atseden egunik ere ez dago eta batzuetan nekazaritzan enpresariak lansaria borobiltzen du. Pertsonak hauek leku batean bizitzeko duten beharraz aprobetxatzen dira eta onartezinak diren kortak uzten dizkiete.
Laburbilduz, Espainiako gobernuak oso merkeak diren langileez hornitzen du enpresarien sektore zabal bat eta lan merkatuan erabat desaraupetuta daudenak, jakina. Jende askok uste du langileen artean behe-maila ezegonkortasunak edo malgutasunak zehazten duela. Orain kontuan hartu beharko dugu badagoela beherago dagoen maila bat, ikusezinak eta eskubiderik ez duten langileena, hain zuzen.
Bitartean Europan, eredu komun, polizial eta militarra eraikitzen ari da Fortaleza Europea deritzona. Komuneko politika antiterrorista eta kartzeletako sistemei baino ez diegu begiratu behar eta nola ez, etorkinen politikari, nondik eraman nahi gaituzten jakiteko.
|