|
2005/11/22
Azaroaren 25a, emakumeen aurkako indarkeria salatzeko nazioarteko eguna. Egun bakar batek ezer gutxi konpontzen du. Hala ere, mundu osoan emakumeek, emakume izateagatik, jasaten duten indarkeriaren aurka lan egiten dugunon indarrak batzeko balio du.
AZAROAREN 25A SALAKETA EGUNA!
Amaitzear dagoen 2005 urteko datuak izugarri larriak dira. Euskal Herrian emakumeen aurkako indarkeriak 9 emakume hil ditu jadanik. Halaber, salaketak gero eta gehiago dira. Emakumeenganako eraso eta tratu txarrak nonahi burutzen dira: etxean, kalean, lantokian.
ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE!
Lan munduan, sexu jazarpen hitzak emakumeenganako eraso mota asko biltzen ditu. Kasu guztietan, langileak nahi ez duen sexu jarrerari aurre egin behar dio. Lanpostua eta lan baldintzak txantaiatzat erabiltzen dira. Erasoen % 90 baino gehiago ez da salatzen.
SEXU JAZARPENA BORROKATU!
Sistema kapitalista patriarkala da. Honek gizonekiko emakumeen mendekotasuna sustatzen du. Emakumeen gutxiesteak bide ematen dio hauekiko indarkeriari. Sexuaren arabera banatuta dagoen lan munduan emakumeak, betidanik, diskriminatuak izan dira. Lan merkatuan gizonekiko subsidiaritatea ezarri zaie. Sexu jazarpena emakumeen kontra egiten duen botere harremanen ondorio da.
EMAKUMEEN DISKRIMINAZIOA EZABATU!
Sexu jazarpena lan arazo larria da. Erasoen inguruan dagoen konplizitatea apurtu eta enpresariei eta lan instituzioei duten erantzukizuna betearazi behar diegu. Biktimaren aldeko eta erasotzailearen aurkako neurriak hartzea ezinbestekoa da. Gure ekintza sindikalean sexu jazarpenak landu beharreko gaia izan behar du. Bai negoziazio kolektiboan, bai sektore hitzarmenetan, zein enpresa paktuetan sexu jazarpenaren aurkako protokoloak eta sentsibilizazio kanpainak burutzeko konpromisoak jaso behar dira.
SEXU JAZARPENIK EZ!
Sexu jazarpenarekin amaitzeak lan harremanen eredua eraldatzea exijitzen du. Emakumeenganako erasoak sortzen dituzten egoerak eta baldintzak desagerrarazi behar dira. Zeregin horretan sindikalgintzak berebiziko balioa du. Aktiba dezagun balio hori. Guztiok aktiba gaitezen!.
SEXU JAZARPENA GARAITU!
|