|
2005/03/08
Prekarietatea ezabatuz, eskubideez jabetu
Euskal Herrian azken garaietan, aldaketa sozial handiak eman badira ere, oraindik emakume eta gizonen arteko egoera ezberdinak oso nabarmenak izaten jarraitzen dute, baina bereziki lan merkatuan. Emakumeen eskubideak gehienez era formalean aitortzen dira, ez errealitatean. Martxoaren 8a dela eta, Emakumeen Nazioarteko eguna une egokia daukagu Merkataritza sektoreari ikuspuntu honetatik begirada bat botatzeko.
Prekarietatea da langile klaseari egiten ari zaion erasorik larriena baina, kontuan hartu behar dugu ez digula berdin eragiten langile kolektibo guztioi, emakumeen artean besteak beste ematen da modu latzagoan. Euskal emakume langileok lan eta babes egoera zeharo diskriminatua pairatzen dugu: langabezi tasarik altuenak, behin behinekotasun handiena, soldata txikiagoak, segregazioa, sexu jazarpena, esklusioa, pobreziaren feminizazioa...
Merkataritzakoa ezegonkortasuna gehien zigortzen duen sektoretako bat da. Gure sektore honetan emakumearen presentzia oso handia da. Honetan, azpimarratu, soldata apalak, askotan aldi baterako kontratuak neurriz gainez erabili izana, eta lanaldi partzialak. Honez gain, egun, igande eta jaiegunetan lan egitearen mehatxua daukagu. Eta borroka horretan irmo iraungo dugu lan baldintzak are gehiago honda ez daitezen, eta ez diezaieten modu kaltegarri batez eragin gure senidekoekiko eta norberaren harremanei.
Merkataritzako sektoreari dagozkion datu batzuk gizon eta emakumeen egoera ezberdinen adierazgarri dira:
- Hego Euskal Herrian merkataritzako sektorean lan egiten dutenen %54,7a emakumeak dira; bien bitartean, %45,3a gizonak dira.
- Zerbitzuetako sektorean soldatako gizonezko langileek sektore bereko soldatako emakumezko langileak baino %41,3 gehiago irabazten dute.
- Lanaldiari dagokionez, gizonezkoen %99,8ak du lanaldi osoko kontratua, emakumeen kasuan berriz % 89a da lanaldi osoko kontratua dutenak.
LAB, emakumeek lan merkatuan jasaten duten diskriminazioari aurre egiteko bi mailatan lanean ari da:
- Batetik, ekintza sindikalean eta negoziazio kolektiboan aukera berdintasunaren aldeko lana eta irizpideak sartzeko eta enpresetan Berdintasun Batzordea sortzearren gure sail sindikalekin lanketa espezifikoak eginez.
- Bestetik, Euskal Herriko emakume eta gizonen lan aukera berdintasun plan estrategikoa diseinatu, ezarri eta gauzatu dadin lan harreman euskal esparru osoan.
Honetaz gain, badugu beste lan eremu zabal eta garrantzitsua sexu-genero diskriminazioaren kontra ari garenon indarrak metatzeko, bai Euskal Herrian, bai mundu osoan: Aurtengo martxoaren 8an ekimen erraldoi bat abiatuko da emakumeen eskubideen alde. Brasilen munduko emakumeen gutunaren erreleboa martxan jarriko da. Gutunak munduko emakumeen beharrak eta proposamenak jasotzen ditu bestelako mundu bat aldarrikatzeko, emakumeen eskubide zibil, politiko, ekonomiko eta abar... aitortu eta benetan gauzatuko dituena. Martxak aukera ezin hobea eskaintzen digu metalgintza sektoretik ere gure alea jartzeko guztiona den borroka honetan.
|