|
2004/11/26
Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna. Mobiliza gaitezen!
Identifikazioan zalantzak gainditu
Eskuarki, eraso fisikoaren bat tartean duten jokabideak besterik ez dira hartzen sexu jazarpentzat (igurtziak, ikutuak, behartutako musuak ...) edo nahigabeko sexu harremanak inposatu nahi izatea. Baina horietaz gain, emakumezkoek gogokoa ez eta saihestu nahi dituzten beste jokabidea batzuk ere lantokiko sexu jazarpen gisa sailkatu behar dira: iruzkin, esamolde, iradokizun, keinu, txiste eta zeharkako zenbait aipamen.
Sexu jazarpena lan harreman arazo larria da
Enpresetan gertatzen diren sexu jazarpen kasu gehienak ezkutatu edo isildu egiten dira. Jazarpen kasu bati aurre egitea norberaren kontu gisa hartzen da eta ez enpresaren erantzukizuna den lan harreman arazotzat bezala. Frogak agertzea zaila denez, erasotuak diren emakumeak, askotan, sinetsiko ez dituztelakoaren beldur izaten dira.
Sexu jazarpenak emakumeen menpeko egoera du sorburu
Sexu jazarpena gure artean sakon errotu eta zabalduta dauden jokabideetan oinarritzen da. Jendartean oro har eta lan munduan zehazki, gizon eta emakumeen arteko harremanak berdintasunean oinarritu beharrean bereizkerian gertatzen dira. Indarrean dirau lan merkaturako lehentasuna gizonari ematen dion eredu kapitalista-patriarkalak; emakumeentzat berriz, bi aukeretako bat besterik ez omen da enplegua, bestea etxean gelditzea.
Sexu jazarpenaren azpian diskriminazioa eta prekarietatea daude
Lan munduan garatzen den lan harreman desberdintasunaren ondorioz edozein emakumek jasan dezake sexu jazarpena. Etengabe ugaltzen ari den prekarietate egoeran emakumeak are menpekoagoak dira. Sexu jazarpena eragiten duten faktoreen artean emakumeek jasaten dituzten ezegonkortasuna, langabezi tasa altua eta mota guztietako diskriminazioak aurkitzen dira; ahantzi gabe, kontraturik gabe dihardutenak, azpi baloratua den etxe langileen kasua eta beste zenbait kolektibo.
Sexu jazarpenari aurrea hartu
Behar beharrezkoa dugu sexu jazarpenari buruzko klausula bat txertatzea enpresetako itunetan non araua haustearen ondorioak eta salatzeko prozedurak ondo zehaztuta agertuko diren. Horrekin batera, LABek ordezkaritza duen enpresetan, emakume eta gizon langileen artean dagoen errealitatea aztertuta, diskriminazio eragileak ezabatzeko plangintza exijitzen du. Izan ere, ez dago sexu jazarpenik diskriminaziorik gabe.
|