| |
2004/11/24
Emakumeen kontrako indarkeria, inon ere ez! Maixabel Gaztaņaga, LAB Emakumeak
Azaroaren 25a emakumeenganako indarkeriaren kontrako nazio arteko eguna, emakumeok jasaten dugun indarkeria ororen salaketa indartzeko erabili behar dugu. Izan ere, borroka feministak hedabideak ez ditu lagun, salbuespenak salbu, bizi garen jendarte eredu patriarkalaren bozgoragailuak izaten dira.
Betekizun horretan, emakumeok etxe barruan hurbilen ditugun gizonezkoengandik jasaten dugun indarkeriaren berri ematen hasiak dira. Eraso zitalen berri: emakume jipoituak, bortxatuak, asasinatuak... Alta, badaude etxetik kanpo emakumeen aurkako indarkeriaren adierazgarri anitzak nekez tratatzen direnak, horietako bat lan munduan egiten den sexu jazarpena da.
Sexu jazarpenari aurre egitean topatu ohi dugun lehenengo oztopoa da eraso larria bezain zaila dela tratatzeko. Zertan datza zailtasuna? Lehenik eta behin, identifikazioan. Izan ere, sexu jazarpena ezkutuan eman ohi da eta honek askotan, zalantzak atxakia, interbentzioa (salaketa eta neurriak) baldintzatu egiten du.
Non egon ohi da identifikazio arazoa? Jendartean bertan; neurri batean, justifikazio soziala kakotxen artean, jaso dezakeen portaerarekin lotu baitaiteke. Zer esan nahi dugu? Andrazkoei, jendarte eredu patriarkalaren arabera, atxikitzen zaigun objektu sexualaren kontsiderazioa, modu esplizituan edo sotilean, gaur egun ere barneratua dagoela oso. Honen adibideak asko dira: publizitatea, estetika ereduak, hedabideak, esamoldeak, txisteak, iruzkinak... Gure inguruan errealitate zabal eta erasokorra den hau presente dugu une oro.
Heziketaren funtzioa da familia, hezkuntza sistema eta sozializazio bitarteko anitzen bidez, sexu bereizkeria ongi errotzea, denok natural balitz bezala barnera dezagun. Horren arabera harreman pertsonaletan, andra/gizonezkoen artekoetan, gizonezkoei atxikitzen zaien papera aktibo/meneratzailea den bitartean emakumeoi jasotzaile/menekoa egosten zaigu. Beraz, pertsonen arteko harremanak berdintasunean uztartu beharrean hierarkian oinarritzen dira: gizonezkoen gailentasunean eta emakumezkoen menpekotasunean.
Errealitate diskriminatzaile honek bide ematen die sexu jazarpenari eta emakumeenganako bestelako indarkeriaren adierazpen makurrei. Gauzak horrela, badago urratsez urrats eta ekimenez ekimen zapalkuntza patriarkalaren aurka, mundu osoan, gero eta ozenago altxatzen ari den feminismoaren ahotsa. Borroka feminista globaliza dadin miloika gara lanean ari garen emakumeak, baita gero eta gehiago gurekin batera diharduten gizonak. Abiatzear dagoen Emakumeen 2. Mundu Martxa dugu horren lekukoa. Bien bitartean, askapen prozesu konplexuan murgilduta gaudelarik, aldaketa sakonak behar ditugu irauli egiteko egungo sistema oro zapaltzailea: kapitalismo neoliberal basatia.
Emakumeok gure herri, kultura, heziketa eta askapen egoeraren arabera, behar desberdinak ditugu eta batzutan zaila dugu marra bat jartzea eta zehatz mehatz denontzat diren lehentasunak markatzea. Halere, badaude berebiziko premiak hemen eta mundu osoan; horietako bat emakumeenganako indarkeria ezabatzea da. Iraultza batean murgilduta gaude. Emakumeok gure eskubideen jabe izateko borrokatzen gara, parekotasunean, berdintasunean bizi ahal izateko. Testuinguru honetan ezin dugu sexu jazarpena aztertu kontutan hartu gabe jendartean dagoen gatazka larria sexuen arteko harremanetan; izaera sozial, kolektibo eta indibiduala dituena. Horren ondorioak dira emakumeenganako indarkeriaren adierazpen bortitzak: tratu txarrak, hilketak, jazarpenak...
Beraz, zailtasunak zailtasun, emakumeekiko jazarpentzat har daitezkeen portaera guzti guztiak ezabatzea jartzen dugu helburu eta horrek balizko jazarpen portaeren identifikazio ariketa egitea exijitzen digu. Ziur aski, batzuk berehala detekta daitezke ankerrak direlako; beste kasuetan ordea, erasoen justifikazioa bilatzera jo daiteke, biguntzera, maiztasunaren arabera neurtzera, edo..; azken batean, erasotzailea konprenitzen saiatzera eta biktima diren emakumeen erasoa gutxiestera. Jazarpen modu guztiak ez badira berdinak eta beraz ezin badira berdindu ere, arriskutsua da oso, mota bateko edo bestelako justifikazioa bilatzen saiatzea, arazoa konpondu ez eta gainera, gerora begira eraso gehiagoren iturria izango baita.
Jazarpenaren inguruan egon daitekeen arazo bat identifikazioa bada, beste bat jazarpena jasaten duten emakumeen inguruan sortu ohi dena dugu; izan ere, sarritan, jazarpena jasaten dutenak biktimak izanik jazarpenaren erantzule bihurtzen dituzte. Emakumeak susmopean jarri eta zerbait egingo zuen portaera hori eragiteko...! entzun ohi da. Iritzi maltzur hau askotan agertzen da. Probokazioa aipatu ohi da, alegia, emakumeen zenbait ezaugarrik, jarrerek... bide ematen dutela edo bide eman diezaiketela gizonezkoei sexu jazarpen porterak agertzeko posibilitatea ez ezik, justifikazioa ere bilatzen zaie; aitzitik, emakumezkoekin posibilitate hori ez da burutik pasatzen.
Arestian esan bezala, emakumeoi jasotzaile paper pasiboa-menekoa atxikitzen zaigula ez egile aktibo-meneratzilearena. Atxikitzen zaizkigun jokabideak, rolak, sexu-genero bereizkerian oinarritzen dira eta hori ez da soilik gertatzen lantokietan, politikan... ez! Harreman pertsonalak ematen diren edonondik abiatzen da sexu-genero desberdintasuna.
Hori dela eta, aldaketak, beti aldarrikatu dugun bezala, jendartearen ereduan eman behar dira. Eragile sozial, sindikal, politikoek... berebiziko zeregina dute/dugu. Are gehiago; ikuspuntu ezkertiarretik, erantzukizun osoa dugu aldaketak bultzatzeko eta bideratzeko. Alta, ez da horrela gertatzen. Egitasmo estrategikoetan emakumezko eta gizonezkoen arteko harrremanak sustatu behar dituzten parekidetasuna, berdintasuna eta errespetua nekez aipatzen dira, are gutxiago lantzen. Gaia pertsonal-pribatutzat jo eta besteen zeregintzat hartzen da. Hauxe gertatzen da askotan antolakundeetatik eta botere politikoetatik plazaratzen den mezuarekin: barruan ez dutena kanpoan saldu nahi izatea.
Horrekin lotuta hirugarren oztopoa agertu nahi dugu; aurretik aipatu identifikazio eta biktima erredun egite arazoekin batera konplizitatea ere orokortzen den beste arazoa izaten da. Konplizitate instituzionala, kolektiboa eta indibiduala. Kontutan hartu behar dugu jazarpena ezabatzea jarrera kritikoz eta autrokritikoz jokatzera behartzen gaituela eta, horrekin batera, baita konpromisoak hartzera ere indibidualak zein kolektiboak. Askotan ez da erraza baina, bide bakarra da.
Azaro 25 honetan ezin dugu amaitu gogora ekarri gabe gure herrian, azken egun hauetan, Espainako poliziek emakume eta gizon asko atxilotu dituela eta kartzelaratu zein libre geratu diren gehienek torturak jaso dituztela salatu dute. Nesken kasuan, torturen osagaia sexu eraso bortitzak izan direla jakinarazi dute. Emakume izate bera erasotzeko beste aukeratzat hartzen dute torturatzaileek, bilatzen duten pertsonaren suntsipenean eragin dezaketeen beste gradu bat, alegia.
Botere politiko judizialaren zerbitzura dauden indar polizialen jokabidea gogor salatzen du LABek, besteak beste, torturaren bidez pertsonen oinarriko eskubideak urratu eta emakumeen kontrako indarkeria erabili eta eragiten dutelako. Azaroren 25ean denok batera emakumeen kontrako indarkeriari aurre eginez!
|
|