2004/03/08
Bankak ere baztertzen ditu emakumeak!

Hitzarmenaren testua icebergaren tontorra besterik ez da
Martxoaren 8a hurbildu ahala, ez da kasualitatea sindikatuek, finantza-erakundeek zein hedabideek ikertzea zertan den emakumeen egoera lan-munduan. Denok dakigu, eta onartzen dugu, emakumeek lan esparruan baztertuak dirautela. Hala ere, ezer gutxi egiten da honen zergatiak eragozteko eta esamolde batzuk desager daitezen.

Bien bitartean, enpresek ezer gutxi egiten dute. Egitekotan, berdintasun programak egitera mugatzen dira; gero, ia inoiz erabiliko ez diren programak egiteko. Sindikatu batzuk, LABek bai behintzat, neurri zehatzak proposatzen ditugu. Hitzarmen plataformetan generoen arteko berdintasun batzordea sortzea proposatu genuen. Batzorde hauen bidez, gai honetako egitasmoak sortu, kontrolatu eta hauen jarraipena egin nahi genuen.

Martxoaren 8a egun garrantzitsua izanagatik, ez gaitezke muga salaketa hutsak egitera. Itxurazko urratsak baino urrats eraginkorrak egin behar dira, eta honela, bankako sektorean ere jasan behar izaten dugun bidegabekeri honekin eten dezagun.

Bankan, emakumeen kopurua pixkanaka gora egiten ari da, eta 1999. urtean plantila osoarekiko %27,72a izatetik, 2002ko abenduaren datuen arabera, %31,38a izatera igaro zen. Bazterketa honek adierazle ezberdinak islatzen ditu. Goi mailako zuzendarien ehunekoa %3a eta %5a artean egotea nahiko adierazgarri da. Bestalde, teknikarien %26,37 izateak adierazten digu enpresek ez dutela emakumeen hautua egiten nolabaiteko ardura eskatzen duten zereginetarako. Teknikarien portzentajea plantila guztiarekiko alderatuz, ikus daiteke berau txikiagoa dela. Datu honetan egiazta daiteke lanpostu hauek betetzeko orduan ez dutela zalantzarik gizonak aukeratzeko.

Emakumeak sektorean pairatzen duten egoeraren beste datu adierazgarria kontratuen ezegonkortasuna, eta aurrejubilazioen helburu nagusi bihurtu izana da. Egun, egiten diren aldi baterako kontratuen %43 emakumeenak dira. Alegia, hauek plantilarekiko dagokien portzentajea baino %12 handiago. Datu hau nahiko argigarri gertatuko zaigu. Egia bada ere, egunez egun, gero eta emakume gehiago kontratatzen direla, kontratu gehienetan, ezegonkortasuna nagusi da.

Aurrejubilazioak, gehien bat, emakumeengana bideratzen ari dira. Aurresuposatzen baitute errazago utz dezaketela lanpostua: seguru asko, diru-sarrera bermatuko dien gizonen bat etxean izango dutelakoan daudelako.

Zer egin errealitate hau aldatzeko? Izenburuan genion bezala, AEB patronalak eta CC.OO eta UGT sindikatuek sinatu berri duten hitzarmenean (gaztelaniaz idatzia dago) bazterkeriaren eta arazoaren ertza ikusi arren, ezkutuan dagoen icebergaren adibide berri bat da. Hitzarmen honen 46. artikuluak dio: aukeren berdintasuna eta inor ez baztertzea bermatuko da. Eta zortzigarren klausula gehigarria sartzen da: (erdarari buruz ari da) hitzarmenaren testuan maskulinoa erabili da gizon eta emakume langileak izendatzeko. Generoen arteko aldeen berri dugun arren, irakurketa korapilatsuegia gerta ez dadin hautatu dugu idazkera hau.

Irakur daitekeenez, sinatzaileek ez dute ukatzen (gaztelaniari buruz ari dira), genero ezberdintasunak egon badaudela, begi bistakoa da-eta, baina maskulinoa nahiago dute erabili. Korapilatsuegia deritze femeninoari dagokion generoa erabiltzeari, ez ordea maskulinoa. Berdintasunaren aldeko aitorpen batekin edota lehen aipaturiko testua idaztearekin nahikoa dela uste dute. Espresuki uko egiten diote lexikoa bezain xumea den zerbait aldatzeari, edota aldarrikatzen omen dugun errealitatearekiko adostasun maila handiagoa duen idazkerari. Hau desagerrarazi behar dugun iceberg baten tontorra besterik ez da. Baina halako txikikeriak baztertzen baditugu, gainontzekoa are zailagoa gertatuko zaigu aldatzea.

Horregatik guztiagatik, LAB-Finantzak neur daitezkeen neurri zehatzen aldeko urrats eraginkorrak egitearen alde dago, eta bide batez, bazterkeri honi amaiera ematearen alde. Generoen arteko berdintasun batzordeak, adibidez, baliagarri izan daitezke, beti ere, hauen arauak ezartzeko asmoa badago. Dena den, ez ditzagun ahantz aldaketa handiak aldaketa txiki askoren batura direla, eta hitzarmenaren testuetan, etab, genero femeninoaren onarpena saihestezina dela. Gu horretan ari gara behintzat!



inprimitu