|
2004/03/03
GEURE ESKU ERE BADAGO! Itziar Lopategi, LAB Emakumeak arloko arduradunaren iritzi artikulua martxoak 8a dela eta
Mundu osoan hedatzen ari den kapitalismo neoliberalaren izaera patriarkala emakumeenganako zapalketa ereduak eraberritzen ari da. Besteak beste, emakumeon lan merkaturatzea gora egiten ari da baina, aldi berean, lan merkatutik at kokatuak izatetik, lan prekarioenen gehiengoa osatzera pasatu gara. Emakumeok, gero eta neurri txikiagoan parte hartzen dugu ondasunaren banaketan eta horren ondorioz, emakumeon pobretzea zabaltzen ari den prozesua da.
Betidanik, gure parte hartzea jendartean eta lan munduan desabantailean izan da. Gaur egun, gauza bera gertatzen zaigu. Emakumeok geure bizimoldeak aldatu, tinko borrokatu eta ukatzen dizkiguten mundu eremuetan sartzea deliberatu dugu. Hala ere, hemen, Euskal Herrian, beirazko sapaia egon badago, baxua, gogorra eta itogarria guretzat. Horrela, prestakuntza akademikoan gero eta maila altuagoa izan arren (gazteen kasuan gizonezkoak baino gehiago), lanpostuak eskuratzeko aukera murritzagoa izaten jarraitzen dugu.
Datuen joko zabalean sartu gabe, argigarria izan daitekeena nabarmendu nahi dugu; adibidez, Euskal Herrian, 16 urtetik gorako emakumeen biztanleria 1.153.550 da; horietatik enplegua dutenen kopurua 460.950. Alta, gizonezkoen biztanleria 1.092.475 izanik enplegudunak 685.825 dira.
Zenbaki horiek, emakume eta gizon enplegudunen arteko desberdintasuna agerian jartzen digu baina, zer gertatzen da enplegudun bezala zenbatzen ez direnekin? Emakumezkoen kasuan, gizonezkoen multzoan aurkitzen ez diren errealitateak gailentzen dira; esatebaterako, etxeko lanean soldatarik gabe diharduten asko eta asko; lan ezkutuan, inolako eskubiderik gabe, ari direnen gehiengoa. Errealitate honen ideia egiteko, estatistikek jasotzen duten datu bat dugu: kontraturik gabe lanean ari direnen emakumeen kopurua %7 den bitartean, gizonezkoena %1,2. Eta horietaz gain, jubilazio prestazio propiorik jasotzeko eskubidea aitortzen etzaien emakumeak ditugu. Halaber, langabezi denborari so egiten badiogu, bi urte baino gehiago daramaten artean emakumeak 20.075 diren bitartean, gizonezkoak 9.100.
Lan merkatuan sartzeko emakumeok egindako ahaleginak ez datoz bat lan munduaren egituraketan, lan harreman ereduan eta gizonezko langileen jarreretan azaltzen diren kontserbakeria eta aldaezinkeriarekin, emakume eta gizonen parte hartzea, etxeko arduretan eta lantokietan, berdintasunean eman dadin. Gaur, atzo bezala, atxikitzen zaizkigun lanbide eta lan kategoriei balio sozial eta ekonomiko gutxiago aitortzen zaizkienez, lan baldintza txarrago eta soldata baxuagoak dagozkigu. Behin behineko lanpostuetan, lanaldi zati baterako eta kontraturik gabekoetan gehiengoa emakumeok gara. Baita, lan arautegi orokorretik at dauden etxe langileak zein laborantzan inolako aitortza juridikorik gabe dihardutenak. Horretaz gain, ezin ditugu ahaztu prostituzioan ari direnak. Itxurakeriaz estigmatizatuta dagoen lan hau emakume etorkin askoren diru sarrera aukera bakarra izan ohi da.
Emakumeok, menpekotasun harreman ereduarekin amaitzeko eta beronek ondorioztazen duen sexu bortizkeria ezabatzeko autonomia ekonomikoa eskuratzea nahitezkoa dugu. Bide horretan emakumeok etengabe ari gara pausuak ematen, erasotzen gaituen eredu patriarkal neoliberala behin eta berriz zulatzen, bidegabekeriak azalarazten, parte hartze eta jarduera eremu berrietan tokia eskuratzen. Eta ikus daitekeenez, kosta ala kosta, emakumeok gure bizimodua aldatzea, jendartearen bizimoduaren aldaketa ari da behartzen. Behartu da hitza, ondoan ditugun gizonen aldetik jasotako konplizitatea eskasa baita oso. Euren burua ezkertiartzat jo arren gatazka honi irtenbidea bilatzean daukaten esku hartzea ez da behar dugun haina.
Aldaketen eragileak emakumeok gara. Haatik, sexismoaren kontrako borrokan, alegia, zanpatzen gaituzten ideologia eta egituren aurka egitean gizonezko langileekin elkar lana beharrezkoa dugu. Izan ere, besteak beste, denon ardura da ekonomia sistema pertsona ororen bizi beharren asetzera bideratzea eta ez aitzitik, merkatuak inposatzen dituen interes intsolidario eta diskriminatzaileak betetzera; baita, lan harremanak berrantolatzea ere, emakume eta gizon orok bizi zainketaren lana eta kanpoko lana bateragarriak egin ditzagun.
Euskal Herriko emakume langileok, lan munduan ezezik, euskal jendartean, oro har, parte hartze zuzena izan nahi dugun herritarrak gara. Gure emakume izaera, eskubide eta behar espezifikoen defentsan, inoiz ez bezala, batzen gaituen mugimendua sortzen ari da munduan eta gure herrian. Honek indarra ematen digu kolektiboki, Euskal Herriaren eraikuntza sozial eta politikoan dagokigun eragiletza politikoa eskuratzeko berebiziko garrantzia duen une honetan. Autodeterminazioa Euskal Herriak duen eskubide kolektiboa da, eskubide horren gauzatzeak emakume langileoi ekarri behar digun onura, gaurdanik ikusgai jarri behar dugu alor ideologiko, estrategiko eta praxian.
Erronka ez da makala. Bizitzen ari garen aldaketa politiko eta sozialerako prozesu gatazkatsuan, emakume langileok parte hartu eta garaipenak lortzea ezinbestekoa dugu. Zergatik? Besteak beste, gure eskubidea delako, euskal herritarren erdia garelako eta sexu-genero zanpaketari bizkarra emanez, Euskal Herriaren autodeterminazioa hanka motz uztea onartezina delako. Ez dezagun aukera galdu. Gora Martxoaren 8a!
|