2003/09/22
Diskriminaziorik ez! Aukera berdinak!

Emakume eta gizonen arteko harremanak zein bizi eta lan baldintzak ez dira berdintasunean oinarritzen, emakumezkoen menpekotasun eta subsidiariotasunean baizik. Etxeko arduren banaketa desorekatua; gizonezkoen protagonismo esklusibista esparru publikoan; gizonezkoen lehentasuna eta emakumezkoen bazterketa lantokietan; emakumeen kontrako indarkeria; hezkuntzaren zeregina sexu-genero desberdintasunak irauteko eta berrekoizteko... hona hemen gure eskubideen zapalketaren adibide zenbait.

Baina munduaren banaketa eta eraketa modu hau kolokan jarri badugu eta arazo sozial, politiko eta ekonomiko-laboral bihurtu badugu, emakumeon borrokari esker izan da. Gaur egun, hori dela eta, gero eta zailagoa da eragile politiko, sindikal eta sozialentzat errealitate hori ezkutatzea.

Horrexegatik, botere politikoek, arazoa ezkuta ezean, neutralizatzeko apustua egin dute. Emakumeen diskriminazioa salatzen duen diskurtsoa osatu eta makina bat txostenetan jasotzen dute. Bien bitartean, diskriminazio hori oinarritzen duten jokabideak, baldintzak eta neurriak indartu egiten dituzte. Hau da, egoera aldatu beharrean, jokabide mediatiko hutsak besterik ez digute eskaintzen.

Lan mundua gero eta prekarioagoa da, jendarte babes sistema gero eta ahulagoa, jendarte zerbitzuak deuseztatzen dira eta pobrezia eta esplotazioa etengabean doaz hedatuz. Prozesu eta egoera hauetan erraz ikusten da emakumeok garela biktima nagusiak. Era berean, pertsona ororen eskubide laboral eta ekonomikoak asetzeko omen dagoen lan merkatuak biztanleria erdia, emakumeok alegia, gutxietsi egiten gaitu. Horrelaxe eta horrexetarako dago egituratuta: bazterketa ahalbideratzeko eta iraunarazteko. Horren aurrean, erantzule politikoen itxurakeria: emakumeon eskubideen aitortza gehienez formala, baina inola ere ez erreala.

Egoera larri honi buelta emateko LABek irtenbideak landu eta bultzatu egiten ditu:

1. Euskal Herrian ez dago estrategia eraginkorrik lan eremuan sexu gatazkari aurre egiteko. Gabezia hau gure herriak bizi duen gatazka politikoak ezartzen dizkigun mugetan ez ezik (bai diagnostikoa, bai estrategiak zehaztea eragozten badigu ere), sexu-genero arazoari lan munduan ematen zaion tratamendu marjinalean ere kokatzen dugu.

Lan Harremanetarako eta Jendarte babeserako Euskal Esparrua konfiguratzen dihardutenei, gaurdanik, emakume langileon eskubide laboral eta sozialak berma daitezen alternatibak mahai gainean jartzeko deia luzatzen diegu.

2. Gaur egun ezerk ez du derrigortzen emakumeen diskriminazioak azalaraztera eta kontra egitera. Ez dago ez konpromisorik, ez akordiorik eta are gutxiago bete beharreko araurik. Administrazioek bide ematen diete enpresaburuei emakume langileak inpunitate osoz baztertzeko eta diskriminatzeko. Bien bitartean, sindikalgintzak ez du behar adinako indarra egiten emakumeen lan eta babes egoera hobetuz joan dadin.

Borondatezko jarrera eta adierazpenetatik genero politika eraginkorretara pasatzeko ordua da. Horretarako LABek konpromisoko estrategia integralari bide eman diezaiotela bultzatuko du. Jauzi horretarako euskal sindikalgintzaren aitzindaritza ezinbestekoa da.

3. Lan aukera, eskubide eta baldintzetan ez dago berdintasunik emakume eta gizonen artean. Funtsezko arrazoia arazo honi aurre egiteko benetako borondaterik eza da. Bideratzen diren neurri apurrak partzialak dira, lotura eta xederik gabekoak.

LABek emakume eta gizonen arteko lan aukera berdintasun plan integrala exijitzen du, lan instituzioetatik hasita, lantoki guztietaraino hedatuko dena eta, besteak beste, negoziazio kolektiboa tresnatzat hartuko duena.

EUSKAL EMAKUMEOK ERE EUSKAL HERRIAN LAN, BIZI ETA ERABAKI NAHI DUGU



inprimitu