2003/09/23
Lana eta familia bateragarriak egitea

Gasteizen, ekainaren 21ean Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak Gaur egungo familia eta etorkizuneko aukerak izeneko biltzarrean LABen parte hartzea
Lehenik eta behin, mahai-inguru honen izenburuari erreparatu nahi diot: lana eta familia bateragarriak egitea, nire ustez egokiagoa baita lana eta bizitza pertsonala eta familiarra bateragarriak egitea. Honekin azpimarratu nahi dut pertsona orok, emakume eta gizon orok, norberaren bizitzaren zainketaz lehentasunezko ardura dugula, hauxe oinarrizko eskubide indibiduala eta ezinbesteko betebeharra da.

Tamalez, gaur egun, eta gauzak kosta ahala kosta aldarazten ari bagara ere, emakumeoi, oro har, gure bizitzaren zainketa ez ezik, bizikide ditugun gizonezkoen bizitzaren zainketaren erantzule egiten gaituzte; izan ere, ama, emazte, bikotekide, e.a., paperari atxikita doa.

Honela, gizonezkoen ardura emakumezkoengan delegatzen da, beren oinarrizko bizi beharrak geure esku utzita. Honek gain zama dakarkigu andrazkooi eta familiaren baitan lan banaketa maltzurra ondorioztatzen du.

Sexu generoaren araberako lan banaketa honek emakumeoi familia kide guztien zainketaren ardura ezartzen digun bitartean, gizonezkoei behar ekonomikoei erantzuteko ardura ezartzen die, beren behar ekonomiko pertsonalak eta familiarenak, hain zuzen ere.

Baina, gizonezkoentzat behar ekonomikoen asetze hau erabat lotuta dago bizitza profesionalaren garapenarekin, errekonozimendu soziala jasotzearekin eta babes sozialeko eskubideak eskuratzearekin: gaixotasun-bajak, langabezi prestazioa, pentsioak: lan ezintasunagatik, jubilazioa, e.a.. Aitzitik, etxeko eta zainketa lanak ez du eskubide ekonomiko ez sozialik eratortzen.

Halaber, emakumeok zainketa lana familiari zuzentzen diogu, gure behar pertsonalak alboraturik. Gizonezkoen kasuan hori ez da gertatzen, garapen pertsonala funtsezkoa baita.

Beraz, gure erronka, LABen erronka hauxe da: egoera hau irauli eta behar diren aldaketak eta neurriak bultzatu eta exijitu. Zertarako? pertsona orok dituen beharra eta eskubidea bete daitezen: bere bizitza pertsonala eta familiarra lanarekin bateragarriak egitea.

Eta gure ustez, hau konpontzeko bi norabideko eskuartze estrategikoa bideratu beharra dago, helburu argi batekin: egun ezartzen diguten bi bizitza planoen haustura, pribatua eta publikoa, gainditu eta emakumeak eta gizonak jendarte esparru guztietan aukera eta eskubide berdintasunean jardun. Hauxe da lortu beharrekoa.

1. Ardatz batek etxeko lana eta pertsonen zainketa beharrei zuzendutakoa joan behar du. Honen xedea:

Bizikide guztien artean lana eta ardurak berdintsu banatu eta zerbitzu soziokomunitarioen sare handi eta osatua eratu, beti ere jendartean dagoen desberdintasun sozialen ikuspuntutik funtzio konpentsatzailea edukita.

Kasu honetan neurriek pertsona guztion bizi kalitaterako eta garapen egokirako beharrezkoak diren baldintzak bermatzera jo behar dute. Harreman pertsonalak, afektiboak eta sozialak ezin dira bortxatu lan merkatuaren exijentzia maltzurrei erantzuteko. Hau da gaur gertatzen dena, gertatzen zaiguna.

Estrategia honek ahalbidetu behar du emakumeek eta gizonek, bai etxean bai enplegu alorrean, aukera berdinekin parte hartzea. Emakumeok lan merkatuan sartzen ari gara baina lan bikoitza gure bizkarrean eramaten dugu oraindik ere (emakunderen azterketa denboraren banaketari buruz emakume eta gizonen aldetik).

Emakumeontzat bizitza pertsonala eta familiarra eta enplegua batzea lortzea izugarrizko kostea izaten ari da, osasunean ere, gizonezkoak, oraindik, ia ez dira arazo honi aurre egiten hasi.

2. Bigarren ardatza Enplegu Politikari zuzendutakoa da

Emakumeen subsidiarietatea eta diskriminazioa lan merkatuan ezin da ezkutatu.

2002ko 2. hiruhilabetean Hego Euskal Herrian:
- emakumeen langabezi tasa: %12 / gizonena: %5
- emakumeen aktibitate tasa: %43,2 / gizonena: %66,2
- emakumeen enplegu tasa: %37,5 / gizonena: %62,8
- emakumeen aldikotasun tasa: %36,4 / gizonena: %24,1

Beste datu adierazgarri bat:
- urtebete baino gehiago langabezian: emakumeak: 32.300 / gizonak:12.300
- urte bi baino gehiago langabezian: emakumeak: 22.000 / gizonak: 7.500
Honetaz gain, emakume eta gizonen soldaten artean dagoen aldea, bataz beste %30 da. Segregazioa lanbide, kategoria eta lanpostuetan guztiz errotuta dago emakumeen kalterako.

Emakumeen lan bizitza jubilazio eskubidea eskuratzeko baldintzatuta dago amatasunagatik eta lan merkatuan duen prekarietateagatik. Denbora zatirako kontratuetan emakumeak dira nagusi. Emakumeak lehenak gara kaleratuak izan orduko eta horretaz gain, sexu jazarpenaren mehatxua ere hortxe dago.

Hau guztia enplegu politika zehatz batek iraunarazten du. Erreformaz erreforma langileon eskubideak deuseztatzen ari den politika. Emakumeak ez ezik langile guztien prekarizatzea dakarren politika. Arrotza den politika eta batez ere enpresaburuen interesak babesten dituen politika. Estatuko sindikatuek noizbait kritikatu, baina aldiro, aldiro onesten duten politika.

Panorama honekin inork pentsa dezake seriotan, benetan norberaren bizitza eta familiaren bizitza lanarekin bateragarritasuna bilatzeko borondaterik al dagoenik? Honetarako ezinbesteko urratsa emakume eta gizonentzat lan aukera eta eskubide berdintasuna lortzea da, eta noski enplegu duina eta kalitatezkoa.

Aipatutakoaz gain, marko normatiboa dago. Honen inguruan azpimarratu nahi dugu Europak agintzen duenaren atzetik, askotan oso atzetik jokatzen dela. Zentzu horretan, espainiar Estatuko 13/99, azaroaren 5eko Legea dago, leku guztietatik kritika gogorrak jaso zituena eta lotsarik gabe emakumeak bateragarritasunaren erantzuleak egiten zituena.

Beste aldetik, Euskal Autonomi Erkidegoan, bateragarritasunaz hitz egiten da 2000 / 2003 eta Erakundeen arteko Enplegu planean eta halaber, Familien laguntzarako Erakundeen arteko Plana ere badago. Honek ordea, seme alabei buruz dihardu eta ez pertsona nagusien zainketa beharrez, arazo hau gero eta larriago bilakatzen ari den arren.

Hala ere, eskaintzen dutenari erreparatzen badiogu, adierazpenen gainetik, agertzen dira: baimenak, eszedentziak, lanaldien murrizketa eta zenbait diru laguntza pertsonentzat eta pizgarriak enpresei. Azpimarratzekoa da, gizonezkoen ardura areagotu nahian, neurri positiboak ere bultzatu direla, baina Sailatik bertatik egiten den balorazioa ezkorra da.

LABen ustez, baimenak guztiz beharrezkoak dira, baina egiazkoak izan daitezen eta emakume eta gizon guztiengana hel daitezen, lan merkatuaren aldatzearekin lotuta joan behar dute. Bestela, bakar batzuengan baino ez dute izango eta ez, hain zuzen ere, premia gehien dutenengan.

Euskal Herriko instituzioek lan merkatuaren egitura aldatzeko duten ahalmena guztiz mugatua da, (kontratuen politika, lan ikuskaritza, prestazioak, e.a., ez daude beraien esku), behin eta berriz, Madrilek burujabetza beraiena dela esaten digute, eta beste aldetik, Euskal Herriko enpresaburuen politika, datuek agertzen dutenez, emakumeak bigarren mailako langiletzat hartzea da, eta 35 orduko lanaldiak ekar ditzakeen baldintzak bateragarritasuna ahalbidetzeko tinko uko egiten diote. Nahiz eta hau guztia gure gainean izan, borondate politikoa balego, egoerari benetako irtenbidea eman lekioke.

Euskal Herrian badago gehiengo sindikal bat aurrera egiteko prest dagoena, lanaren eta ondasunaren banaketa justua denontzat, emakume eta gizonentzat, aukera eta eskubideen berdintasunean defendatzen ari dena. Hori da, zalantza barik, bizitza pertsonala, familiarra eta enplegua bateragarriak egiteko modu eraginkorrena, bakarra. Beraz, LABetik Euskal Herrian lan eta babes sozialaren alorretan dihardugun eragileen hitzarmena beharrezkoa ikusten dugu, Madrilera begira egon gabe, Euskal Herrian behar diren neurriak bidera daitezen eta guztion, baina batez ere emakumeon lan eta bizi kalitatea hobe dadin.



inprimitu