| |
2003/09/23
Tratu Txarren Aurkako Txostena
2000. urteko Emakumeen Mundu Martxaren lema oinarritzat hartzen dugu: Emakumeek jasaten dituzten (ditugun) pobrezia eta biolentziaren aurka.
Gure ustez, aldarrikapen honek, egoki agertzen du emakumeok pairatzen dugun mendekotasun arazoaren dimentsioa eta honen ondorio larriak, hau da:
-pobrezia eta pobretze arriskua jasatea
-kolektibo erasogarritzat jotzea
Mendekotasun ekonomikoak emakumeoi (eta inori) ez digu ahalbidetzen bizitza propio eta autonomoa garatzea, are gutxiago seme alaben beharrei aurre egitea. Emakumeak pobreen gehiengoa gara. Baina, gainera, askotan, pobreak gara pobre ez diren bizi guneetan, familietan.
Emakumeon mendekotasun ekonomikoa ezin da aztertu, lan merkatutik at daudenen egoera aintzat hartuta besterik ez; nahiz eta horrela daudenak emakumeen gehiengo izan eta erabateko lotura ekonomikoa eduki. Mendekotasuna etxeko lanaren ezarpenean dago (%70 ez aktiboak eta langabezian) baina baita lan merkatuan bertan ere. Eta hau errealitate objektiboa da, datuek agertzen dutenez. Emakumeok lan merkatuan dugun tokia gizonezkoen subsidiarioa da; besteak beste: gure kasuan langabezi tasa gizonezkoenaren bikoitza baino altuagoa da (EPA, Bizkaian, giz. %8,5 emak. %18,5). Segregazio bertikala lanbideetan eta horizontala kategoria eta lanpostuetan erabat finkatuta dago sektore guztietan. Emakumezkoen presentzia handia duten lanek errekonozimendu sozial eta ekonomiko baxuenak izaten dituzte. Horretaz gain, kontraturik txarrenak, behin behinekotasunik handiena, gizonekiko %30eko soldata desberdintasuna, lan baldintzarik prekarioenak, babesik eskasena, sexu jazarpena , e.a., guzti horri lanaldi bikoitzaren zama astuna gehitu behar.
Ildo beretik, azpimarratzekoa da lanaldi partzialeko kontratuaren erabilpen maltzurra emakumeekiko; izan ere, kontratu mota hau emakumeoi bereziki zuzentzen zaigu helburu zehatz batekin, hau da: bateragarri egitea lantokiko lana eta etxekoa. Argi dago, helburu hau ez dela inola ere gizonezkoentzat planteatzen. Lanaldi partzialeko kontratuek ez dute duintasunez bizitzeko bitarteko ekonomikorik eta babes sozialik ahalbidetzen; aitzitik, planteamendu honek emakumezkoen soldata, oraindik orain, gizonezkoen osagarritzat jotzen dela agerian uzten digu.
Ez gara sartuko zenbakietan, estatistikak denon esku baitaude, eta horrelako lanean ari zaretenok ezagutuko dituzuelakoan gaude. Baina, gure ustez, arazoaren muinean dago emakumeoi ez zaizkigula errekonozitzen gizonezkoei errekonozitzen zaizkien eskubide berberak gizarte eremu guztietan. Gehienez jota, nekez, berdintasun formalera ailegatzen gara, baina inola ere ez, berdintasun errealera. Bereizketa larri honek, alegia, eskubideen debekuak, emakume eta gizonen arteko harremanetan hierarkia ezartzen du non, emakumeok ez gaituzten eskubide osoko subjektutzat hartzen.
Kolektibo oso bat (gizarte erdia) bereiztea bere eskubideak gutxiesteko, beste kolektibo baten pean jartzeko, gizarte osoan, pentsamolde, jarrera eta praktika menperatzaileak barneratzea eta azalaraztea exijitzen du. Hezkuntzatik hasita, lan mundua sexuaren arabera zatitu eta sailkatzen duen eredu ekonomiko sozialeraino, klabeak dira bereizketan hezteko eta ez aldiz, berdintasunean eta elkarrekiko errespetuan.
Hortik aurrera erraza da ondorioak ateratzea: ez da samurra desberdintasunean garatzen diren harremanetan errespetua bermatzea, emakumeen identitatea errespetuz errekonozitzea eta ez ezabatzea edo ezkutatzea; adibidez, hizkuntza maskulinoa erabiliz edo lanpostuak ukatuz.
Eta, honen aurrean emakumeok zer? Zail samarra da presio ikaragarria duen eraso psikologiko sozialetik ihes egitea. Zaila da, lantokietan emakumeak biktima izanik errudun bilakatu ohi dituen sexu jazarpen praktikari aurre egitea. Zaila da etxean, beldurrez eta lotsaz bizitzen diren erasoak, tratu txarrak salatzea eta are zailagoa alde egitea bizitzeko bitarteko propiorik ez badugu. Zaila da, eraso sexistak zenbaitetan justifikatzen dituen gizartean erasoen kontrako lan eraginkorra gauzatzea (alardeak, komunikabideak, e.a.).
Emakumeok jasaten dugun sexu indarkeria egiturazkoa, estrukturala da. Esan bezala, inposatzen zaizkigun mendekotasun ekonomiko eta soziala eragile mugatzaileak dira emakume gehienek bizitza propio eta autonomoa gara dezaten. Halaber, mendekotasun egoera honek emakumezkoen eskubideak murrizten ditu eta ez du ahalmentzen etxean, lantokian edo kalean burutzen diren erasoei aurre egitea.
Irtenbideak bilatzeko aipatu egoera aintzat hartzea ezinbestekoa dugu. Emakumeen aurkako indarkeriaren adierazpen guztiak desager daitezen gizarte eragile guztien esku hartzea behar beharrezkoa da konpromiso sozial zabala eraginkorra lortzeko. Emakumeen errespetu, segurtasun, autonomia ekonomiko eta soziala eta eskubide ororen gauzapena bermatuko dituzten bitartekoak martxan jarri behar dira. Helburu horretan aurrera egiteko, besteak beste honako neurri hauek bideratzea premiazko dakusagu:
- Emakumeen aurkako biolentzia desagertzeko eta prebenitzeko jendarteari zuzendutako sentsibilizazio kanpainak eta bazterkeriarik ezan eta errespetuzko balioetan oinarritutako hezkuntza garatzea.
- Lan munduan zein etxeetan emakume eta gizonek berdin parte hartzeko erakundeetatik politika kultural, sozial eta ekonomikoak bultzatzea.
- Erasoak jasan dituzten emakumeei aholkularitza eta laguntza juridiko, sozial eta ekonomikoa eskaintzea gizarte zerbitzu sare zabal eta osatuaren bitartez.
- Halaber, erasoak jasan dituzten emakumeak lehentasunezko kolektibotzat hartuko dira lan merkaturatzeko (baldintza duinak!), eta bien bitartean oinarriko errenta bermatuko zaie. Enplegu planek eta gizarte planek egoera hau jaso behar dute.
Erasoei aurre egiteko edozein planek, ezinbestez, esku hartze plan integral baten baitan kokatuta egon behar du. Izan ere, alde batetik, beharrezkoa da erasotuak diren emakumeei behar duten laguntza osoa berehala ematea, (hor dago erasoak jasaten dituzten emakumeei laguntza hobea emateko erakunde arteko hitzarmena?), baina era berean, beste aldetik, nahitaez, lan egin behar dugu erasoak sortzen dituzten egoerak, baldintzak, bazterkeriak desager daitezen behingoz.
Plan integrala aldarrikatzen dugu, modu bakarra delako arazo estruktural honi heltzeko. Dagoeneko, Emakunderen 3.plana dugu baina, ez du ezertan behartzen. Zenbait udal eta aldundi ere aukera berdintasun planak ari dira diseinatzen eta gauzatzen; salbuespenak salbu, eraginkortasun eskasa izaten ari dira eta kontraesan handiak (Irungo Udal Aukera Berdintasun Plana). Era berean, enplegu planek (erakunde artekoa, adibidez) badute zenbait erreferentzia eta neurri aipamen emakumeei buruz (Europa Batasuneko irizpideen haritik), baina errealitateak gordina izaten jarraitzen du. Beraz, apustuak tinko eta eraginkorra behar du izan.
|
|